Sarrera
Herriko gaztetxoak, Kale Hezitzaileen ikuspuntutik
Bergarako Udalak Gizarte-Ongizate Departamentuaren bidez Kale Heziketa programa jarri zuen martxan 2005ko irailean. Artikulu honetan Kale Heziketaren nondik norako nagusiak eta Bergarako gazteen errealitatea eskaini nahi dizkizuegu. Gure lana 11-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Adin tarte horretan gazteek denbora asko pasatzen dute etxetik kanpo. Kalea, beraz, gune hezitzaile garrantzitsu bezain pribilegiatua dugu. Kalean egoteak izugarrizko garrantzia du gazteen bizitzan eta bereziki gure lanean. Gazteen sozializazio, hezkuntza eta garapen prozesuan funtsezkoa dela uste dugu. Gure lanean kalea, eta honek eskaintzen dituen aukera guztiak, ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugu. Gazteekin harreman zuzena eta naturala edukitzen saiatzen gara, beraien espazio eta koadriletara hurbilduz. Gaztetxoak dira, beraz, beraien errealitatea ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digutenak. Eta, horrela, gazteen, desio, porrot, hutsune eta haserreak ailegatzen zaizkigu gurasoekiko, gurekiko edo herriko baliabideekiko, adibidez.
"Guretzat Bergaran ez dago ezer" aditzea ohikoa da gazteen artean. Eta guraso askok ere gauza bera esaten diguzue. Egia da adin tarte batentzat (13-16 urte) aukera ez dela handia eta gure iritziz Udalak herriko gazteei ekipamendu eta gune aproposagoak eskaini ahal dizkie. Hala ere, Kale ekintzak antolatzen direnean gazteen parte hartzea baxua, eskasa da. Herriko gazteek ez dute parte hartzeko ohiturarik eta, batez ere, 14 eta 16 urte bitartekoetan hautematen dugu jarrera hau. Eta bereziki neskengan. Zergatik ote?
Gazteentzat erreferentzia gune bat falta da gure iritziz; gazteleku edo gaztetxoko bat, adibidez. Horrelako baliabide bat herriko gaztetxo guztiei irekia egongo litzateke, beraien arteko harremana eta aisialdi hezitzailea bultzatuz. Akaso, ez litzateke gurasoak hainbeste arduratzen zaituzteten lokalentzat alternatiba posible bat?
Badira kezkatzen gaituzten beste hainbat gai. Gazteek kontsumoarekiko duten jarrera, adibidez. Gaztetxoek egunero diru kopuru handia erabiltzen dutela ikusten dugu. Merienda aitzakitzat harturik, arratsaldero litxarkeria pila jaten dute, etxean prestatutakoa gutxietsiz eta dirurik ez dutenean inkonformismoa agertuz. Honetaz gain, euroak osasungarriak ez diren produktuetan gastatzen dituzte, gozokiak, tabakoa eta bestelakoetan. Ohitura hauek bere horretan dituzten arriskuekin.
Kontsumoaren gaiarekin jarraituz, mugikorren inguruan ere kezkatzeko jarrera antzematen dugu. Hau ezinbesteko tresna bihurtu da beraien arteko harremanetarako eta alderdi positiboak dituela ezin dugu ukatu. Baina askok ez dute horrela ulertzen eta hor dituzte mota guztietako pelikula eta argazkiak, mugikorra edukitzeak eskaintzen dien itxurakeria... etab. Mobilarekiko nolabaiteko menpekotasuna, informazioaren kontrol gabezia eta beste hainbat arazo agertu daitezkeela uste dugu. Azken finean Bergarako gazteek gaur egungo gaztetxoen artean arruntak diren kezka, arazo eta interesak dituzte . Eta gu hor gaude, onerako eta txarrerako, beraien ikuspuntua kontrajartzeko eta gure esperientziak beraiekin eta zuekin elkarbanatzeko. Heziketa prozesua guztion erantzukizuna da. Azaldu dizkizuegun kezka, jarrera eta ilusioak aldatzea lan zail, gogor eta poliki egin beharreko dela badakigu eta aldaketak epe luzean ematen direla gogorarazi nahi dizuegu... Animo!!
