Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 13. alea »  Gure semeak/alabak euskaraz berba egiteko zailtasunak ditu

Gure semeak/alabak euskaraz berba egiteko zailtasunak ditu

Ion Unanumo Jardun

Zer egin dezakegu laguntzeko?

Hizkuntza bat ikasteko orduan hainbat aldagaik eragiten dute (motibazioa, ingurunea, erabilera...) eta horiek aldeko badira hizkuntza errazago eta lehenago ikasten da. Gure kasuan euskaraz dihardugu eta baditu bai ezaugarri berezi batzuk. Beste hizkuntzekin zerikusirik ez duenez, ama hizkuntza erdara duten ume eta gazteak zailtasun ugari izaten dituzte. Zailtasun horiei aurre egin behar zaie, izan ere, legeak esaten duenez, derrigorrezko hezkuntza bukatzean lortua behar dute hizkuntza gaitasuna EAEko bi hizkuntz ofizialetan. Hori dela eta, euskara maila apala dutenentzako euskara indargarriak (errefortzuak) bideratzen ditu Jardun euskara elkarteak.

Euskara lantzeko saioak eskola orduetatik kanpo

Orokorrean, indargarrietan euskarazko gizarte sarea ez duten umeak egon ohi dira. Horrela, euskararen presentzia euren egunerokotasunaren zati handi batean ziurtatuta gelditzen da ikasturtean zehar, ikastetxeko zein eskolaz kanpoko jarduerekin. Oporrak heltzen direnean, berriz, kontua erabat aldatzen da. Oporrak ingurune guztiz erdaldunean pasatzen dituzten umeak asko dira eta arazoak izaten dituzte ikasturtea normaltasunez hasteko.

Behar horren aurrean, Jardun euskara elkarteak, Udalaren laguntzarekin, ANTXINTXIKA izeneko udalekua antolatzen du irail hasieran. Bertan, aipatu berri ditugun umeez gain, euskara ondo menperatzen duten umeak ere izaten dira eta euskararen erabilera ziurtatu egiten da. Ikasturtean zehar, berriz, Jardunek, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta ikastetxeen laguntzarekin, beharra duten umeei zuzendutako euskara indargarriak eskaintzen ditu: astean bizpahiru orduz, helburu zehatz batzuekin, herriko ikastetxeetako ikasleak elkartu eta ondo pasatzeaz gain, euskarari buruzko edukiak lantzen dituzte. Edadeka banatuta, 5-8 umeko taldeak osatzen dira. Funtzio komunikatiboak hartzen du pisurik handiena; horrela, helburu nagusia umeek euskarazko jarduna lantzea da.

Eta kanpotik etorri berri direnekin zer?

Herrian ume etorkinak ere gero eta gehiago dira. Beste hizkuntza bat ikasi eta erabiliaz hazi dira eta geurera etortzean, euskararekin topo egiten dute. Topaketa hau ahalik eta modurik egokienean bideratzeko, ikastetxeetan ikasten dutena alde batera utzi gabe, irakaskuntza ludiko eta dibertigarri bidez euskara ikasteko aukera daukate. Euskara ikasteko lehen urratsa da hori, ondoren ohizko euskara indargarrietara edo beste ekintza batzuetara bideratzen baitira ume hauek. Izan ere, euren bizitzako zenbat eta esparru gehiago lotu euskararekin, orduan eta urrunago joango da euskararen erabilera maila. Gazte etorkinen kasua erabat desberdina da. 14 urterekin lehentasunak oso dibertsifikatuak egon ohi dira.

Bertako gazteengan ere euskararen erabileraren jaitsiera nabaria ikusten da eta gaztelania modako hizkuntza bihurtzen da. Beraz, gaztelania menperatzen duten gazteei euskara irakastea lan nekeza bada ere, eskola orduetatik kanpo eskaintzen dizkiegun saio bereziekin, euren komunikatzeko gaitasuna hobetzen ahalegintzen gara.

Bukatzeko, bi kontu aipatu nahi genituzke. Batetik, kanpotik etorritako askok euskaraz ondo moldatzeko gaitasuna lortzen dihardute; LAGUNDU DIEZAIEGUN EUSKALDUNTZEN LEHEN HITZA EUSKARAZ ESANAZ. Bestetik, zuen seme-alabek euskara maila hobetzea nahi baduzue, ez izan zalantzarik eta etor zaitezte Udaleko Euskara Zerbitzura edo Jardun euskara elkartera (Kultur Etxean), proiektu horien gaineko informazio gehiago jasotzera.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI