Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 13. alea »  Familiaren garrantzia nerabezaroan ere

Familiaren garrantzia nerabezaroan ere

Olatz Zubia Arana Psikologo eta psikoterapeuta

Nerabezaroa, aldaketen garaia dela esan daiteke. Aldaketa hauek, alde batetik, nerabearengan ematen dira eta bestetik, familiaren antolaketan eta senideen arteko harremanetan eragin zuzena daukate. Etapa honetan, beraz, belaunaldien arteko talka izugarria gertatzen da sarri.

Nerabea, agurtu berri duen haurtzaroaren eta ailegatzear dagoen heldutasunaren arteko eremu nahasian aurkitzen da. Bizitzaren tarte horretan, bizitzak berak ezartzen dizkion erronkei aurre egiten ikasi behar du.

Sentitzeko modu ezberdinak deskubritzen eta tendentzia instintibo berriak bizitzen hasten da, baina oraindik ez dauzka hauek maneiatzeko baliabide egokirik, izan ere, arrazoitzeko edota egoerei heldutasunez erantzuteko gaitasuna ez baitauka guztiz garaturik. Aldaketak dimentsio biologiko, psikologiko eta sozialean bizi ditu nerabeak eta eboluzio honek, munduan bere lekua bilatzera eta bere pertsonalitatea definitzera bultzatzen du. Bide horretan, nerabeak gauza berriak probatzeko, muturreko sentsazioak esperimentatzeko eta arriskatzeko nahia izaten du eta ondorioz, gehienetan, helduek ez dituzte bere jokabideak ulertzen (eta ez du beren oniritzirik edo errekonozimendurik jasotzen).

Familiaren garrantzia

Beharbada, "nerabezaroaz" baino, "nerabezaroetaz" hitz egin beharko genuke. Izan ere, nerabe beste nerabezaro baitaude; norberak bere zirkunstantzietatik abiatuta bizi du eta. Zirkunstantzia hauetan, familia, sozializazioaren eredu izango den lehen marko erreferentziala da eta beraz, erlazio-gune honek, garatzen joango den izaerarengan izugarrizko eragina izango du.

Sozializazioaren eredu izatearen funtzio hau dela eta, familia, gerora nerabe izango denaren identitate, auto-kontzeptu eta auto-estimuaren oinarria izango da. Hala ere, nerabearen ezaugarri hauek, bizitzako esperientzi eta harremanekin osatzen eta itxura hartzen joango dira eta urteak aurrera doazen heinean, ingurukoek gero eta eragin handiagoa izango dute. Beraz, familiak haurraren heziketan joera garbi bat markatu arren, ezin du nerabearen ekintzen erantzule zuzena izan.

Nerabeen gurasoek zer egin dezakete?

Hainbeste egoera berriren aurrean aurkitzen garen garai honetan, zaila izaten da iparra non dagoen argi edukitzea beti. Badira, halere, nerabezaroarekin bat datorren harremanen itxurazko desoreka horri, era egokiagoan erantzuten lagun diezaguketen hainbat neurri:

  • Ezagutza; garrantzitsua da gurasoek nerabezaroaren inguruko informazio zehatza izatea. Nerabearengan eman daitezkeen jarrera eta aldaketak ulertzen dituzten gurasoek (garapen fisiko eta psikologikoa, sineskerak, jarrerak, baloreak, etab.) modu egokiagoan aurre egin ahal izango diote momentuko beharrei eta, aldi berean, familiarteko harremanak hobetzeko pausuak eman ahal izango dituzte.
  • Komunikazioa; etxeko giro egokia izateak, guraso eta seme-alaben arteko komunikazio bidirekzionala errazten du. Hartu-eman honek, nerabea bizitzaren trantzeen aurrean babestuago egotea ahalbidetzen du, izan ere, aski frogatuta dago, familiako kideen arteko harreman zabal eta zintzoa izatea errazten duen komunikazioaren aldeko apostua egiten duten familietako nerabeek, errazago jotzen dutela gurasoengana arazo baten aurrean aurkitzen direnean eta, aldi berean, egoera honetan sor daitekeen gatazkakortasun maila txikiagoa izaten dela.
  • Autonomia eta auto-estimua; autoestimu altua izatea, jokaera arriskutsuen eta sustantzien kontsumo eta gehiegikerien aurrean faktore babestailea da. Auto-estimu altua daukan nerabeak, gaitasun handiagoa izaten du erabakiak bere kabuz hartzeko eta ingurukoen edo lagunen presioari aurre egiteko. Lehen aipatu bezala, familiak puntu honetan eragin handia dauka eta beti izango du bide hau jorratu eta gehiago lantzeko aukera.
  • Unitate bat sortu; oso garrantzitsua da gurasoek adostasunez jokatzea beren seme-alaben heziketan. Hartzen dituzten erabakiak eta aurrera eramaten dituzten jokabideak, lehenagotik adostuak izatea eta batak besteari laguntzea ezinbestekoa da. Era honetan, gurasoek sortzen duten unitateak indarra izango du eta hau haustea zaila izango da. Unitate hori sortzen ez bada, ordea, erraza da nerabearentzat ahultasun puntu hori aprobetxatuz bere gurasoak maneiatzea eta horietako batekin bat egitea bestearen aurka jartzeko, ondorio kaltegarriak sorraraziz.
  • Arauak; etxeko arauak argi eta garbi uztea ezinbestekoa da. Arau hauek gurasoek ezarriko dituzte, nahiz eta horietariko askok guztien aprobazioa behar izan. Ahal den guztietan, negoziazioak izan behar du ardatz nagusia arauak ezartzeko orduan eta nerabea heltzen eta bere buruaren jabe den heinean, arau hauek gero eta arrazionalagoak izango dira.
  • Mezuak; mezu garbiak ematen ditugunean, konfiantzazko oinarri bat sortzen ari gara, jokabide egokiari bideak zabaltzen dizkiogu eta familiako estres maila jaistea errazten dugu aldi berean.
  • Informazioa eskaini; Zalantzaz beteriko egoeren aurrean aurkitzen da maiz nerabea garai hauetan eta orregatik garrantzitsua da, nerabeak, egoera horien aurrean maneiatzen lagunduko dion informazioa jasotzea gurasoen eskutik. Garrantzitsua da informazio hau, nerabearen bizitzan azaltzen joan daitezkeen egoeren ingurukoa izatea, drogak eta sexualitatea besteak beste.
  • Drogen kasuan esaterako, gurasoen uste eta jokaerak datu objektiboetan oinarrituak izan daitezen, sustantzien inguruko informazio egoki bat izatea beharrezkoa da. Kontsumi daitezkeen sustantzien inguruko informazio zehatza izaterakoan, gurasoek gai hauen inguruan beren seme-alaba nerabeekin hitz egin dezakete eta, era berean, hauek izan ditzaketen zalantzei erantzun egoki bat eman.
  • Sexualitatearen gaia, txikitatik, naturaltasun osoz landu beharreko zerbait da. Informazioa modu zuzen, ulerkor eta zintzoan eskaintzean, haurrari gai honen inguruko jarrera positibo bat transmititzen diogu eta nerabeak ez du inongo erreparorik izango aurrerantzean bere zalantzak etxean aurkezteko. Jakinaren gainean izango da beraz, sexu harremanak segurtasunez bizitzeko hartu beharreko neurrietaz eta neurri hauek ez hartzearen ondorio kaltegarrietaz. Gurasoen beste egin beharreko bat, nerabeen aholku, sinpatia eta erosotasun iturri izatea da.

Nerabeek gurasoengana joko dute, baldin eta hauen aldetik ulerkortasuna eta konfiantza jasoko dutela badakite. Nerabeak gurasoen erantzun hau aurreikusten ez badu, familia kanpoan bilatuko du momentu horretan behar duen babes eta aholkua, eta bide horretan, familiarengandik urruntzen joango da.

Aipatutako guztia une oro gogoan edukitzea ez da lan erraza, batez ere egoerak bere mende hartuak gaituela sentitzen dugun horietan. Guzti honen gainetik, ordea, aldaketek dakarten aberastasunari eman beharko genioke garrantzia, garai honetan nerabeak bere buruaren bilakaeran eta deskubrimenduan egiten baitu lan.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI