Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) 7 urteko alaba daukat, eta oraindik panpinekin lo egiten du. Guk nagusia dela esaten diogu, eta panpinarik gabe lo egin beharko lukeela. Hala ere, ez dugu lortzen panpinarik gabe lo egitea. Kezkatzeko modukoa al da?

Lo egiteko orduan topatzen duzuen "arazo" bakarra bere panpinekin lo egin nahi duela bada, ez zaitezte kezkatu. Garrantzitsuena da haurrak dagokion orduan lo hartzea eta lo egiten duenean atseden hartzea. Kontuan izan, adin guztietako haurrek lo egiteko ohitura hartzeko, onena giro lasaia sortzea eta errutinazko ekintzak egitea dela, betiere euren kalterako ez badira.

Zenbait haurrek ipuinak entzutea edo lo-kantak entzutea dute gustuko. Zure alabak, berriz, bere panpinekin lo egitea atsegin du.

Ezagutzen ditut euren panpinekin lo egitea eta lo egin aurretik ipuinak entzutea atsegin duten gaztetxoak. Ez dugu pentsatu behar nagusitxoak diren haurrek halako ohituren beharrik ez dutenik.

Beraz, ez ezazu alaba presionatu panpinarik gabe lo egin dezan, eta ez ezazu beste haur batzuekin alderatu. Saia zaitez zergatia topatzen. Kasu horietan, oro har, haurrak bakarrik sentitzen dira, eta panpina horiei esker seguru eta pozik egoten dira. Ondorioz, errazago hartzen dute lo. Haurrarentzako kaltegarria ez den bitartean (ohera joateko bere ordua atzeratzen badu edo neurriz kanpoko panpina kopuruarekin lo egiten badu, etab.) ez ezazu ohitura hautsi, baliteke ondorioak okerragoak izatea eta. Ikusiko duzu nola zure alabak denborarekin panpinak uzten dituen.

Dena den, bere aitona-amonen, lehengusu-lehengusinen edo lagunen etxera lotara joaten utz diezaiokezu. Horrela ohiturak zer nolako indarra duen ikusi ahal izango duzu, eta lo hartzeko beste era batzuk ezagutzeko aukera emango diozu.

Laburbilduz, kalterako ez diren bitartean, lo hartzea errazten duen zeinahi ohitura zure alabaren atsedenerako aseguru bikaina da.

2) 8 urteko semea daukat eta bere egunerako zakur bat oparitu diote oraintsu. Zakurra berea dela eta zakurraz bera arduratu behar dela esan diogu. Orain gutxi izan denez, bera da zakurra zaintzeaz arduratzen dena. Baina, nola indartu dezakegu ohitura hori aspertu ez dadin eta zakurra zaintzen jarraitu dezan?

Zorionak, familian kide berria duzue eta! Gainontzekoek bezala, denbora eta mirespena behar du horrek ere, maskota bat baita. Maskotaren kargu hartzea benetako konpromisoa izango da denontzat. Maskotak haurren garapen fisikoaren nahiz afektiboaren osagai garrantzitsuak izan daitezke.

Zuen ardura da haurrari maskotak hartu eta abandonatu ditzakeen jostailuak ez direla irakastea. Era berean, familiako kide berriaren beharrak eta zaintzak irakatsi behar dizkiozue.

Tamalez, zenbait gurasok haurraren gutizia ase eta eurek hartzen dituzte ardurak. Gurasoek, haurrak bere gutiziaz ezer jakin nahi ez duela ikusita, zakurra abandonatu eta desagerrarazten dute. Animalia bat izateak sortzen duen ardura sustatzean eta arduragabekeriaren ondorioak erakustean, gure semeak arduratsu eta adeitsu izaten ikasiko du.

Maskota bat etxean sartzen denean, aldaketa anitz gertatzen dira. Gure ohiturak eta ordutegiak bere beharretara egokitu behar ditugu. Lo egiteko txokoa egokitu behar diogu, inoiz ez haurraren logelan. Haurrak, halaber, ez du maskotarekin jostailurik partekatu behar, zakurra infekzio-iturri baita. Hemendik aurrera, gainera, maskota kontuan izan behar duzue oporrak antolatzeko orduan.

Lanak banatzeko orduan, bestalde, kontuan izan behar duzue asmoa haurrak animaliaren kargu egitea dela. Horretarako gai dela ikusi behar dugu. Guk ikuskatu beharko dugu eta, zenbaitetan, ordezkatu. Haurrak ezinbestean hartu behar du parte, gurasoek animaliak beharrezko dituen zaintza eta lanak planifikatzen dituztenean.

Animaliaren jokabidea eta beharrak ezagutu behar ditugu. Gaiari buruzko liburua erabili dezakezue, haurrarekin irakurri edo albaitariarengana jo informazio bila.

Familiak zakurrari egunero behar duen ariketa fisikoa eskaintzeko konpromisoa hartu behar du: gutxienez 30 minutuz jolasean aritu, hala pilota jaurtiz nola pasieran. Beharrezkoa da jaten ematea, zaintzea, bainatzea eta egunean behin edo bitan orraztea.

Kalera ere atera behar da, egunean gutxienez lautan. Kontuan izan, halaber, maskota bat izatean sortzen diren gastuak. Oro har, lehenengo urtea izaten da garestiena: txertoak, bizkarroiak hil, botika prebentiboak, janaria eta bestelako gastuak. Urtero botika prebentiboak erostea konpromiso bat da. Familiak, agian, entrenamendu eskoletan izena eman beharko luke, jabeak bere maskota entrenatzen ikasi dezan.

Haurrak animalia zaintzen jarraitu dezan, egin ezazue hitzarmen bat denon artean. Azken horren bidez, haurrak berak bakarrik ezinbestean egin beharko dituen lanak, haurrak zuen laguntzaz egingo dituen lanak eta gurasoek egingo dituztenak ezarriko dira. Eginbeharrak egoki eta bakoitzaren aukeren arabera banatzea da helburua. Denbora pasata, zuen semeak animaliaren kargu hartzen ez badu, berarekin hitz egin beharko duzue aipatu jokabidearen zergatia jakiteko. Eskolako lanek denborarik uzten ez diotela ikusten baduzue, animaliarekiko bere ardurak murriztuko dituzue. Animaliarekin edo familiako kideren batekin zerbait gertatu bazaio, gatazka konponduko duzue. Alferkeriagatik egiten badu, behin eta berriz zakurra nahi zuela esaten ibili zela gogoratuko diozue, baita zakurra ikustean hartu zuen poza ere. Era berean, bere eginbeharren kargu egiteko konbentzitzen saiatuko zarete. Hitzarmena gogora ekarrita ere erreakzionatzen ez badu, zuek animaliaren gaineko ardura guztia hartu dezakezue edo, azken aukera moduan, eta haurrarekin hitz eginez, animaliarentzako beste etxe bat bilatu, non ondo zainduko duten.

3) 7 urteko semea daukat eta egun osoa ematen du Game Boy-an jolasten. Jolasten dagoen bitartean, ez die beste gauzei jaramonik egiten, autista balitz bezala. Gauza askorekin egin dut proba: Game Boy-a ezkutatu, jolasteko ordu zehatzak jarri... Dena alferrik. Zer egin dezakegu?

Bideojokoak haur eta nerabeen artean zabalduen dagoen jarduera ludikoa dira, baina makinak ezin dira haurraren lagunik onenak izan. Hala bada, adi egon behar dugu eta bideojokoak eskuratzeko eta erabiltzeko duen joera kontrolatu. Erabiltzeko modua (bakarka, taldean) eta subjektua nolako lagunkoia den kontuan hartuta, sozializatzeko modu bat izan daitezke. Hala eta guztiz ere, bideojokotan aritzeko bidea libre utziz gero, baliteke pertsonalitate arazoak eta besteekin erlazionatzeko zailtasunak dituzten zenbait pertsonen isolamendurako joera areagotzea (gauza bera gertatzen da liburuekin eta telebistarekin).

Bideojokoa atsegingarria bada (tentsioak gainetik kentzen baditu, auto-estimua indartzen badu...) eta pozik egoteko modu gutxi badugu, nolabaiteko menpekotasuna sor dezake, noski. Argi dagoena da mintzagai dugun jarduera ludikoak denbora asko behar duela. Horrek neurriz kanpo erabiltzera bultzatu gaitzake, eta gehiegikeria hori menpekotasunarekin nahastu daiteke.

Bestalde, bideojokoa erosi ondoko egunetan erabiltzen da gehien. Hasierako egun horiek igarota, jokalaria neurri normal batean aritzen da jolasean. Jokalariak bideo-jokoarenganako interesa izango du berarentzako zerbait berria izan eta bere gaitasunentzako erronka den bitartean. Zirkunstantzia hori ematen den bitartean, neurriz kanpo erabili dezake. Nerabeak dira bideo-jokoenganako "menpekotasun" bitxi honen errealitatea ondoen azaltzen dutenak. Nerabe batek hauxe erantzun zigun asteburuan lagunen batekin batuko al zen galdetu genionean: "Bai zera, bideojoko berri bat utzi diote eta biziatua dago...!". Gazteak esan nahi zuena zen bere lagunari joko berri bat oparitu ziotela eta uste zuela hari katigatua egongo zela asteburu osoan. Hala eta guztiz ere, gehienetan menpekotasuna ematen ez bada ere, produktu hauen erakargarritasunak eta katigatzeko gaitasunak neurriz kanpo erabiltzera bultzatu dezakete erraz asko, lehendabiziko asteetan batez ere (bideojoko berri baten erakargarritasunaren aurrean amore ematen duenean). Gehiegi aritzen bada, inguruarenganako interesa galdu dezake, neka daiteke, nerbio sistema akitu eta desorekatu ahal zaizkio. Ondorioz, "depresioak, antsietatea, tentsioa eta agresibitatea" agertu daitezke. Kasu horietan, neurrian erabiltzea lortu behar dugu, aisialdirako beste aukera batzuk bilatu behar dizkiogu eta beste haurrekin harremanetan egotea sustatu behar dugu. Horretarako bideojokoan aritzeko denbora mugatu behar zaio Bi ordu baino gutxiago aritu beharko litzateke.

Kezkatzeko modukoa da hiru orduz aritzen bada, izan ere, hiru eta sei ordu artean bideojokoan arituko balitz, eta egungo eskola ordutegiak kontuan izanda, ez bailuke denborarik izango atsegingarriak diren beste jarduera batzuk egiteko: ikasi, irakurri, kirola egin, lagunekin egon... Biziki garrantzitsua da hori betetzen dela egiaztatzea. Eginkizun batzuk hitzartu behar ditugu aurrez berarekin (etxeko lanak egin, etxean esku bat bota), horiek beteta jolasteko denbora irabazi dezake, eta bere denbora irabazi arte ez diogu jolasten utzi behar. Era berean, bere pribilegioak neurriz kanpo erabiltzeak izango dituen ondorio latzak esan behar dizkiogu, alegia, bideojokoa zenbat denboraz ezin izango duen erabili zehaztu behar diogu. Bere jokabidea aztertuz haurrari laguntza eskaini ahal izango diozue eta gehiegizko tentsioaren balizko sintomak antzemango dituzue. Bideojokoen erabilerak eragin zuzena badu haurraren eguneroko bizitzan eta ondo pasatzeko jolasten ez badu, baizik eta gaizki pasatzeko, arazo larri baten aurrean gaude, eta mintzagai ditugun jokabideetan aditua den espezialistarengana jo beharko zenukete.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI