Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 13. alea »  Seme-alaben heziketa afektiboa eta sexuala

Seme-alaben heziketa afektiboa eta sexuala

Pepa Bojo Psikologoa, psikoterapeuta eta sexualitate-monitorea

Sexualitatea izaki bizidunen dimentsio bat bizitzeko modua da. Dimentsio horrek plazerrarekin du zerikusia eta, sarritan, beste pertsona batekin intimitatean topo egitearekin ere. Alor horretan hainbat alderdi uztartzen dira: gure sexua, gorputza, kontu biologikoak, emozioak, afektuak, zentzuak, pentsamenduak.

Jaioberriak munduarekin lehen kontaktua duen unean bertan hasten da sexualitatea eratzeko prozesua: gurasoen gorputzarekin harremanetan egotean, behar biologikoak izatearen poza sentitzean eta plazerra ematen dioten hainbat sentsazio bizitzean (titia hartzea, laztandua izatea, soinuak entzutea...).

Sexualitateari buruzko kontuak ikasten hasten gara, familian gertatzen diren hainbat kontakturen bidez: familiako kideek haurrarekiko duten jarrera, kideek zer egiten duten, gurasoek sexualitatea nola bizi duten, afektua nola adierazten duten, plazerra nola bizi duten, rolak, emozioak nola bideratzen dituzten, eta abar.

Horrela, mundu afektibo eta sexuala adierazteko arauak eta moduak imitatu eta barneratzen ditugu. Era berean, mundu hori nola bizi eta zer adierazi eta egin dezakegun eta zer ez ikasten goaz. Kultur balio eta erregelek zehazten dute hori guztia. Ondorioz, garapen fisiologiko-hormonalaren sasoi ebolutiboak biziz, gure dimentsio sexual eta afektiboa eratu egiten da.

Etapa afektibo-sexualak

Haurra, 6 urte bete arte, bere gorputza eta ingurukoena ezagutzen aritu da (bere burua ukitu, begiratu, besteak ukitu...). Bi sexuen arteko aldeak antzeman ditu eta, hiru urte inguru dituenean, sexu bakoitzari dagozkion rolak imitatu eta bere identitatea indartzen du.

6-9 urte

Mundua eta munduan gertatzen diren fenomenoak ezagutu eta jakiteko interesa pizten da. Haurraren identifikazio sexuala finkatzen da. Neska edo mutil izatea etengabe baieztatzen dute. Mutilak mutilekin eta neskak neskekin ibiltzen dira. Sexuari dagokionean, gorputza, organoak eta ugalketa (haurrak nondik datozen) ezagutzeko interesa agertzen dute. Sexu bereko edo beste sexuko haurrekin jolas sexualak gertatzen dira (elkar ukitu, begiratu), eta euren gorputzak ezagutzen dituzte. Noizean behin masturbatu egiten dira, txiki-txikitatik era natural horretan erlaxatzen ikasi baitute. Etapa horretan, familiak eta gizarteak sexu bakoitzari buruz aurkezten dizkieten balioek eta rolek berebiziko eragina dute. Une garrantzitsu horretan, beraz, sexuen arteko zuzentasunaren aldeko jokabide eta jarreratan hezi beharra dago. Horretarako, rol malguak eta partekatuak erakutsi behar ditugu.

Haurrei ugalketari buruzko oinarrizko kontzeptuak irakatsi behar dizkiegu. Hasteko, haurrek zer ulertzen duten eta zer dakiten aztertu behar dugu. Ondoren, zalantzak, mitoak edo nahasteak argitu behar ditugu eta, pixkanaka-pixkanaka, pribatutasunaren esanahia azaldu.

9-12 urte. Nerabezaroa

Bederatzi urtetik aurrera aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira: nerabezaroan sexu organoak heltzen hasten dira, etorkizunean bizitza sexuala eta ugalketa erregulatuko duten hormonak produzitzen hasten dira. Aipatu hormonek, halaber, bigarren mailako ezaugarri sexualak garatzen dituzte.

Haurren gorputza hazi, zabaldu eta itxuraz aldatzen da; euren organo genitalak guztiz garatzen dira; pubisean eta besapetan ilea ateratzen zaie eta, mutilen kasuan, baita aurpegian eta gorputz osoan ere; azala eta ilea koipetsuago bihurtzen dira, aknea agertzen da; ahotsa aldatzen da. Neskek lehen hilekoak izaten dituzte eta bularrak hazten zaizkie. Mutilek, aldiz, gaueko poluzioak izaten dituzte, non semena isurtzen duten, eta erekzioaren moduko sentsazio biziak sentitzen dituzte genitaletan.

Aldaketa horiek, beti atseginak ez diren sentsazio berriak ekartzen dituzte. Gorputza kezka, interes, larritasun, konplexu,... iturri izaten hasten da. Euren irudi berria onartu behar dute, eta ezarritako kanonekin eta lagunekin alderatuko du. Neska-mutilak elkarren bila dabiltza eta elkar saihesten dute.

Sexualitatea biziagoa bihurtzen da (ametsak, fantasiak, desioak...), eta sarriago masturbatzen dira. Sexu identitatea indartzen da, zenbaitetan estereotipo irmoei atxikita. Afektuaren aldetik, halaber, aldaketa bat gertatzen da: etapa horretan gurasoengandiko independentzia izateko nahia eta lehenengo matxinadak gertatzen dira. Adiskidetasunak lehentasunezko eta oinarrizko balioa hartzen du.

Garai horretan, jasango dituzten aldaketak aurrez azaldu behar dizkiegu, afektu eta sexu harremanei buruz lasai hitz egin behar diegu, baita ugaltzeko gaitasunari, higieneari eta sexu osasunari buruz ere. Era berean, sexu jardueren gaineko erantzukizunak ezagutu eta euren gain hartu behar dituztela jakinarazi behar diegu. Era berean, apurka apurka, nahigabeko haurdunaldiei eta antisorgailuak erabiltzeko aukerari buruz hitz egin behar diegu.

Autoestimua sustatzea oso garrantzitsua da, baita nork bere gorputza onartzea, asertibitatea eta, oro har, gizarte gaitasunak suspertzea ere. Hezkuntza emozionalak, halaber, berebiziko garrantzia du, sentimendu bizi berriak ezagutuko baitituzte, eta egoki erabiltzen ikasi beharko dituzte. Hona hemen sentimendu horietako batzuk: adiskidetasuna (norbaitekin egoteko desio indartsua), jelosiak, maitasuna, eta baita frustrazioa eta desengainua ere.

Nola hezi

Gurasoek seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egin nahi dutenean, ezinegona sentitu dezakete, ez baitakite zer eta nola esan. Hasieratik, segurtasun falta dago. Ez dugu asmatzen gaiari buruz nola eta noiz hitz egin, eta hainbat alderdi jartzen ditugu zalantzan: norberaren ezagutza, ezagutza horren egiatasuna, zenbat informazio eskaini, zer datu diren beharrezkoak eta zeintzuk ez. Horrez gain, gure seme-alabak inoiz nahikoa nagusi ez direla uste dugu. Ondorioz, zaila da jakitea zer adinetan hitz egin behar diegun sexuari buruz.

Beldur pertsonalen ondorioz, ez gara ausartzen seme-alabekin sexuari buruz hitz egitera, ez garelako eroso sentitzen. Hori onartzea ona da, ezta ez dugu kezkatu behar erantzun guztiak ez badakizkigu. Garrantzitsuena galdera ez ezeztatzea da. Are gehiago, informazioa elkarrekin bilatu dezakezue, liburuetan begiratu edo osasun nahiz hezkuntza alorreko profesional bati galdetu diezaiokezue. Normalean, komunikazio ona badago, gai guztiei buruz lasai asko hitz egin eta ikuspuntu guztiak entzuten badira, sexualitateaz hitz egiteko konfiantza ere izango duzue.

Familian, heziketa sexualaren bidez, hainbat alorri buruzko informazioa eskaini behar da: gure gorputzari, harremanei, haurdunaldiari, haurdun ez gelditzeko moduei, sexu osasunari,... buruzkoa. Era berean, hainbat alderditan oinarritutako jarrerak eta balioak landu behar dira: harremanetan, afektuetan, intimitatean, generoan (berdintasunean hezi, sexu rolen mugetatik kanpo), maitasunaren ideian (maitasuna-pasioa, maitasuna- menpekotasuna...). Alderdi emozionala ere landu behar dugu, emozioak euren gain hartzen, ulertzen eta bestea errespetatzen lagundu behar diegu.

Ez dugu beldurretan eta izuetan soilik oinarritu behar; sexualitate osasuntsu, aske eta baimendutakoaren osotasunaz eta dakarren ongizateaz ere hitz egin behar diegu.

Norbere burua errespetatzen irakatsi behar diegu: nahi ez dena ez egiten, bakoitzak bere heldutasun nahiz desio erritmoari jarraitzen, eta bestea errespetatzen. Harreman sexual eta afektiboen ardatzak elkar onartzea, askatasuna eta errespetua dira.

Liburu eta helbideak

Gazteentzat

  • Martínez, J. Y Rubio, R. (1990). La sexualidad a lo claro. Madril. Popular.
  • Mayle, P. (1977). ¿Qué me está pasando? Bartzelona. Grijalbo.
  • Urruzola, M.J. (1991) Aprendiendo a amar desde el aula. Manual para escolares. Bilbao. Maite Canal.

Gurasoentzat

  • Calderone, M.S. y Ramey, J.W. (1987). Como hablar con tus hijos sobre sexo. Bartzelona. Granica.
  • Cassell, C. (1988). Con toda sinceridad. Como hablar con los adolescentes de amor y sexualidad. Bartzelona. Grijalbo.
  • Lopéz Sánchez, F.(1993). Para comprender la sexualidad. Iruña. Verbo Divino. mec.es (behera karga ditzakezun gidak ditu)/ goxoki.com / atseginez.org

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI