Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 13. alea »  Herriko plaza, elkargune eta bereiz-gune

Herriko plaza, elkargune eta bereiz-gune

MUko HUHEZIko Hazitegi Proiektuko taldea. Rafael Cristobal (HUHEZIko ikertzailea), Iņaki Larrea (HUHEZIko ikertzailea), Elena Lopez de Arana (HUHEZIko ikertzailea), Arantxa Lejarreta (Arizmendi Ikastolako ordezkaria), Gotzone Duņabeitia (Ikastolen Elkarteko ordezkaria) eta Alexander Barandiaran (HUHEZIko irakaslea).

Gaur egun, oraindik, herri txiki eta ertainetan pertsonak plazetan eta parkeetan elkartzen dira. Bertan hainbat gurasok eta beraien semealabek elkarrekin topo egiten dute. Handiagoak diren umeak beste leku batzuetan biltzen dira. Guk idazki honetan 6 urtera bitarteko haur eta familiei buruz hitz egingo dugu.

Adin tarte horretan jada umeen arteko jokabide sozial gehienak agertu dira: adiskidetasuna, norgehiagoka, hierarkiak, agresioak eta mehatxuak. Maitasun istorio txikiak ere bai, batzuetan. Adin tarte horretan indar handiz garatzen dira jokabide sozial horiek. Ume batzuek lider izaera izango dute eta, erakartzeko gaitasuna dutenez, beste ume batzuk beraien atzetik eramango dituzte, hainbat jolas proposatuz, ekintzak bideratuz... Beste ume batzuek aldiz, beraien agintea inposatuko dute, eta beraien arauak betetzen ez dituztenen aurka egingo dute. Hortaz, beldurraren eta mehatxuen bidez gainontzekoak menperatu egingo dituzte eta, ondorioz, menpeko taldeak sortuko dituzte.

Talde horrek beraien jarraitzaileak ez direnak baztertu egingo ditu. Beste ume batzuek hierarkia maila baxuagoetan kokatuko dute beraien burua. Ume horietariko batzuk bakezaleak dira eta buruzagien ekimenak begi onez hartuko dituzte. Aitzitik, beste batzuk indarkeriaren beldur izango dira eta buruzagien beldur direlako jarraituko diete. Badaude oso lotsatiak diren umeak, isolatu egiten direnak eta taldeko jolasetan parte hartzen ez dutenak. Ikusten denez, oso ume desberdinak aurki ditzakegu gure herrietako plaza eta parkeetan.

Plaza eta parke horiek elkarrekintza sozialerako gune interesgarriak izaten dira. Ume bakoitzak hainbat jarrera sozial garatuko ditu eta, hierarkian hartzen duen tokiaren arabera, elkarrekintza baketsuen eta indarkeriaren dinamiken arabera, estrategia ugari ikasiko ditu.

Adin horietan, estrategia horien ikaskuntza eta integrazio soziala jolasaren bidez gauzatuko da. Jolas batzuk fisikoak izango dira eta umeen garapen psikomotorea garatzeko lagungarriak izango dira. Beste batzuk, aldiz, rol jolasak izango dira eta beraien bizitza, beharrak eta errealitatea sinbolizatzeko aproposak izango dira.

Jolasa esplorazioaren unea eta tokia da. Jolas motorearen bidez umeak espazio berriak eta bere gaitasunak esploratuko ditu. Gainera, jolasaren bidez bizitzen ari den egoera sozialak esploratuko ditu.

Horrela, bere garapen kognitiboa eraikitzen joango da. Jolasen bidez umeak bere buruaren eta ingurune fisiko eta sozialaren inguruko informazioa bilduko du. Esfortzurik gabe, modu gozagarrian, informazio hori guztia bere memorian kokatuko du. Aipatutako hori guztia kontuan izanda, plaza eta parkea oso leku interesgarriak dira herriko guneak diseinatzen dituztenentzat. Antzina, plaza artisauen lantokien erdian kokatzen zen; arotzak, larruginak, olagizonak, tindatzaileak... plazaren inguruan zituzten beraien tailerrak. Plaza eskailera eta zuhaitzez betetako nolabaiteko egitura bertikalez beteta izaten zen, eta bertan umeek beren gaitasun motoreak martxan jartzen zituzten, jolas sinbolikoan aritzen ziren eta imitazioz, ondoan zituzten artisau lanbideen hastapenetan sartzen ziren. Gaur egun aldiz, plaza krisian dugu, lanbideak kanporatu egin ditugu eta espazio publikoa murriztu.

Nahiz eta plaza eta parkeen ezaugarriak aldatu, testuinguru horietan umeak ezbeharren bat izateko beldurra mantentzen da; izan ere, heldu asko beldur izaten baitira aberatsak diren jolasetan min hartzeko arriskuaz, gauza berrien aurrean izutzeaz edo erasoa jasotzeaz.

Horregatik, kontuan izan behar da, hain zuzen ere, helduak ere bertan daudela; azken batean, gurasoak, aiton-amonak edo umea zaintzen duten pertsonak bertan daudela. Hain zuzen ere, egoera ideal batean, helduek ume guztien kargu hartzea komeniko litzateke, beraien umeena barne, horrela, euren ardurapean egongo litzateke ume horiei une deserosoetan aurre egiten laguntzea, berriz ere jolaserako irrikan jar daitezen.

Ondo integratutako gizarte tradizionaletan, helduak umeen erreferentzia puntu dira. Talde soziala eta familia ume guztien altxorra dira, eta beraiengana jotzen dute behar izanez gero, norberarenak direnek lehentasuna badute ere. Gure gizartean ere gauza bera gertatzen da, neurri batean nahiko tradizionalak izaten jarraitzen dutelako. Kasu horretan elkarren senitarteko eta beraien lagunekin osatutako taldeak ume guztien ardura hartzen dute.

Hartara, umeek, beraien esplorazio fisiko eta sinbolikoa egiterakoan heldu horien babesa sentitzen dute, badakite hor dituztela eta horrek beraien garapena bultzatzen du. Une ez hain gozagarriak aipatu direla, garrantzitsua da beste faktore bat aipatzea; izan ere, lehengo gizarteek bazuten ezaugarri garrantzitsu bat, hots, denek partekatzen zutela arau moral eta sozial bera. Hezkuntzarako irizpideak berdintsuak ziren eta umeek jokatzeko kode komunak ikasten zituzten, helduen zaintzapean zeuden bitartean. Modu horretan, herriko plaza ume eta helduen integraziorako gune bihurtzen zen, kohesio sozial eta kulturalerako ezin aproposagoa.

Helduen artean beti izan da lehia, beti izan da bekaizkeria edo inbidia, gure artean gaizki esaka ibili gara eta gezur beltz ugari erabili izan dira, mespretxu ugari, hierarkien borroketako tresna gisa. Baina aipatu ditugun kode moral eta sozialek irrika horiek baretzen zituzten eta ez zitzaizkien umeei iristen. Gaur egun, aldiz, hain arin doazen aldaketa sozial eta kulturalek bide horretatik aldendu gaituzte. Moral erlijiosoa ez da erreferentzia eta lotura sozialak gero eta zailagoak dira eraikitzeko. Egoera horretan gurasoen arteko lehiakortasunak berebiziko indarra hartzen du eta gatazka iturri garrantzitsua bihur daiteke.

Lehia eskolara eta plazara edota parkera bideratzen da. Guraso bakoitzak nahi du bere seme-alaba lehena izatea, onena, umeen arteko borroketan garailea, ez dadila menperatua izan, irabazlea izan dadila. Ez dute begi onez ikusten beraien umea beste baten "menpe", beste batzuen esanetara egotea. "Ez utzi jotzen", "zuk irabazi", "eskolan onena izan, baita jolasean ere" moduko mezuak bidaltzen dizkiegu oharkabean sarri.

Testuinguru horretan, plaza gurasoen arteko "bereiz-gunea" bihurtzen da, presio-gunea. Umeek presio hori sumatzen dute eta ahulago sentitzen dira, askatasun gabeak beren bide propioak martxan jartzeko, arriskatzeko, hierarkian mugitzen ikasteko. Heldua segurtasun-iturri izatetik presio-iturri izatera pasatzen da.

Mundua aldatzen ari da, gizartea aldatzen ari da eta familiek aipatu dugun umeen dinamika soziala ezagutu behar dute, umeen artean gertatzen diren makina bat gauza ulertu ahal izateko eta EZ kezkatzeko, hezkuntza irizpide mugatzaileak abian ez jartzeko. Gaur egun inoiz baino gehiago guraso izaten ikasi beharra dago.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI