Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 2. alea »  Ikasketak: teoria bai baina praktika?

Ikasketak: teoria bai baina praktika?

Ione Beitialarrangoitia (Heldu, gazte eta helduen psikoterapeuta)

Idatzi honen bidez hausnarketa bultzatu nahi dugu eta ez egia unibertsala aurkeztu. Haurrak hazten doazen heinean, hezteko modu propioa aurkitzen joango gara, eta ondorengo hitz hauek bide horretan lagungarri izan nahi dute.

Zergatik da "kasketen garaia"?

Haurraren edozein portaerari aurre egin aurretik, gelditu eta pentsatu dezagun zein une ebolutibotan dagoen, errazagoa egingo baitzaigu euren lekuan jartzea, eta gure erantzuna gehiago egokituko da behar ebolutibo horietara.

Haurrak ibiltzeko, hitz egiteko... ahalmenak bereganatu ditu eta horrek inguruarekiko (gurasoak barne) botere nahia eta gauza ugari egin ditzakeen sentipena ematen dizkio. Hainbat ekintza berak bakarrik egin nahi izango ditu, inoren laguntzarik gabe. Botere-sentipen hori beharrezkoa da autonomia lortzeko bidean. Independentzia handiagoak dakarkion pozarekin batera beldurra, segurtasun falta eta haserrea ere biziko ditu, emozionalki eta fisikoki kontrola dezakeen baino gehiago egin nahiko baitu. Bere barnean eta inguruan gatazkak sortuko dira.

Autonomiarako bide horretan, 3. urtea "oposizioaren garaia" da. Gurasoak zer egin dezakeen eta zer ez adierazten hasten zaizkio: EZ hitza agertzen da bere bizitzan, eta horrekin batera frustrazioa, sentipen guztiz berria. Derrigorrezko daukate ezetza entzutea, gurasoen mugak ulertu beharko baitituzte, eta horrela frustrazioarekiko tolerantzia ere garatzen joango baitira. Pixkanaka, eurak ere guri EZETZ esaten ikasten dute: boterea esperimentatu eta beren buruaren kontzientzia hartzen dute.

Helduok emozio horiek guztiak agertzeko bide desberdinak aukeratzeko ahalmena daukagu. Haurrek, ordea, ezin dute barnean sentitzen duten emozioen zurrunbilo hori ondo ulertu, eta zaila egiten zaie hitz zehatzez definitzea: emozio horiek maneiatzea zaila egiten zaie, eta kontrolik gabe ateratzen dira. Beraz, kasketak agertuko dira, agertu behar dira, eta desagertuko ere egingo dira (kasu gehienetan) autokontrola garatzen doazen heinean.

Kasketa, hortaz, haurrek komunikatzeko daukaten bide bat da, eta azaldu ditugun egoerek sortarazten dizkieten sentipenak bizitasun osoz plazaratuko dituzte: negarrak, ostikoak, lurrera botatzea... Baina, kasketak arazo bihurtu daitezke, komunikatzeko izan beharrean ingurua manipulatzeko erabiltzen ikasten badute.

Hori guztia gogoan izanik, kontuan izan behar dugu etorkizuneko hainbat ahalmen lantzen ari garela: autokontrola, autonomia, frustrazioarekiko tolerantzia... Baina, eguneroko bizitzan ez da horren erraza teoria aplikatzea, ezta?

Teoria bai, baina praktika...?

Teoria utopikoa dela sentitzen dugu; ez diela eguneroko galderei erantzuten, baina erantzunak gure barnean daude. Teoria erreferentzi puntu bat da, hausnarketarako argudioak eskainiko baitizkigu, baina inork ez du haurra zuek bezainbeste ezagutzen.

Hona hemen hausnartzeko eduki batzuk:

1) Bereizi kasketa den edo benetako behar bati jaramonik egin ez diogulako gertatu den:

mina, beldurra, sukarra... Azken kasua bada, haurraren eskaerari erantzun egingo diogu.

2) Lasai baina tinko jokatu behar dugu.

Ez erantzun euren kontrolik ezari kontrolik ezarekin, antsietatea eta segurtasun falta eragin baititzake haurrarengan. Ezin badugu geure burua kontrolatu, hobe da ezer ez egitea.

3) Ez gaitezen saiatu haurra lasaitzen: hobe da kasketaren unean ez hitz egitea.

Ondoan edo gertu egongo gara, objektu arriskutsuak kenduko ditugu eta bere buruari edo beste inori kalterik egingo ez diola zainduko. Lehen unean kasketa gogortu egingo da (hori gogoan eduki) eta pixkanaka lasaitzen joango da. Konstantzia garrantzitsua da. Zer egin kale erdian beren burua lurrera botatzen dutenean? Haurra lasai baina sendo hartu (nahiz eta berak ez utzi) eta, besarkatuta eutsirik, leku lasai batera eraman lasaitzen den arte.

4) Kasketen bidez ez irabaztea da egokiena.

Adierazpen bideak esperimentatzen ari da, baina jakin behar du kasketa ez dela modu egokia gauzak lortzeko. Baina, noizbait amore eman badugu? Gizakiak garen neurrian, dena ezin dugu nahi bezala egin, eta haurrak jakin behar du hori: bere gurasoak ez direla perfektuak, pertsona normalak direla, eta eurek ere akatsak egin ditzaketela. Eguneroko bizitza horrelakoa da. Amore ematea, hala ere, salbuespena izango da.

5) Ez dezagun haurra jo.

Modu horretan zailagoa izango zaio autokontrolatzea. Hori dela eta, kasketetan zigorrak edo sariak erabiltzea ez da egokiena. Noizbait jo izan badugu? Ez gaitezen errudun sentitu, beti ezin baitezakegu geure burua kontrolatu, baina jakin ahalik eta modu ?kontrolatuenean? egiten eta ez gure onetik atereaz, esan bezala, haurrek gure kontrolik eza antsietate handiarekin bizi baitute. Oso urduri gaudela sentitzen badugu, ez dezagun ezer egin lasaitu arte.

6) Kasketa pasatzean, utzi diezaiogun tartetxo bat haurrari pixkanaka lasaitu eta kontrola bereganatu dezan.

Ondoren, unetxo bat hartuko dugu haurrarekin hitz egiteko. Esan ahal izango diogu bere haserrea ulertzen dugula, baina ez bere portaera.

Kasketa eragin duen emozioari hitzak jartzen lagunduko diogu: haserre, triste, amorraturik?al zeunden? Guk ere sentitu duguna adierazi diezaiokegu. Emozioa agertzeko eskubidea badu, baina bide egokiagoak daude horretarako; adibide edo alternatibak eskainiko dizkiegu. Garbi azaldu zergatik esan diogun ezetz. Oso txikiak direnean kosta egingo zaie ulertzea, baina pixkanaka asimilatzen joango dira. Amaitzeko esan behar da konfiantza izan behar dugula haurrek osasunerantz hazteko duten ahalmen izugarrian, eta, gehienetan, maitasunak botere magikoa duela hezkuntzan sortzen diren hutsuneak betetzeko.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI