Bergara.net

Lagunak nerabezaroan

Nieves Garcia Del Moral (Hezkuntzan espezializatutako Soziologoa, Giza Ikerkuntza)

Guzti-guztiontzat da garrantzitsua bizi garen gizarte-inguruan integratzea eta bertakoekin konbibitzea; baina etapa jakin batean, garrantzitsua ez ezik, funtsezkoa ere bada, pertsona fisikoki naiz emozionalki behar bezala garatzeko. Horregatik, behar horrek bultzatuta, hamahiru urte inguru dituztela, neska-mutilak lagun-taldea bilatzen hasten dira. Adin horretara arte hurbiltasunaren arabera erlazionatu izan dira inguruarekin, eskolako lagunekin edo auzoko lagunekin, eta betiere, jolastu eta ondo pasatzeko asmoz. Baina pubertaroak aldaketa dakarrenez (fisikoa, psikikoa eta emotiboa), nerabeek, aldaketa horiek guztiek sortzen dizkioten nahasmena eta larritasuna direla eta, beren adineko jendea bilatzen dute, babes, komunikazio eta kidetasun bila. Gainera, gurasoak ez direnez jada erreferentzia-puntua, nerabea lagunekin lotzen da erabat, eta, hala, sortzen dituzten harremanak oso intentsuak dira. Gehienetan, ordea, ez dira oso luzerakoak izaten, adin horretako ezegonkortasuna dela eta.

Dena dela, ez da beti erraza izaten talde batean integratzea eta taldeko kideekin identifikatzea. Segurtasunik eza, lotsa eta autoestimu baxua, orokorrean, nerabeen ezaugarri badira ere, batzuen kasuan oso markatuta egoten dira, eta oztopo ere izan daitezke gaztetxoentzat koadrilan bere lekua bilatzeko. Hala gertatzen denean, gurasoek ahal dutena egin behar dute seme-alabek beren kideekin loturak sortzeko; hala nola, familia-ingurutik kanpoko taldetan sartuz, adibidez, kirol-taldeetan, aisialdiko taldeetan eta abar. Horrekin batera, komeni da gurasoek segurtasuna ere ematea, gehiegizko babeskerian erori gabe baina haien esanak entzunez (ezer esan nahi digutenean, jakina!) eta haien lorpenak goraipatuz, autoestimua indartzeko . Hori egiteko pazientzia eta zuhurtzia handia behar dira, nerabeek ez baitute oso jarrera pertzeptiboa eta irekia izaten. Dena den, horrek ez digu pentsarazi behar ez dutenik familiaren babesa behar. Oso zaila da, baina oreka bilatu behar da, gurasoen orientazioa jasotzen duten aldi berean beren burua baliatzen ikas dezaten; hau da, beren nortasuna eraiki dezaten.

Talde bateko kide izan nahi horretan, badute arrisku bat gazteek: besteek manipulatzeko arriskua. Batzuetan, lagunekiko duten dependentzia hain da handia, ahulenek, taldeko nahi izan horrekin, bere pertsonalitatea garatzeari uko egiten diotela; manipulazioan erortzen dira eta, batzuetan, taldeko liderrak tiranizatzea ere onartzen dute, taldean onartua izatearren. Taldeko dominatzaileek erabiltzen dituzten intimidazio- taktiken aurrean norberak bere buruan konfiantzarik ez izateak erabateko mendekotasuna eragin dezake, eta, noski, hori oztopo besterik ez da nerabea erabat eta osasuntsu gara dadin. Intimidazioa oldarkorkeri bihur daiteke (fisikoa nahiz psikikoa), eta behin eta berriz errepikatzen bada, propio eginda, bullying esaten zaiona sortzen da, gehienbat, itxura ahuleko neskamutil lotsati eta uzkurrei eragiten diena.

Nerabezaroko segurtasun-falta horretan nahastu egiten zaizkio gazteari bere-bere erabakiak hartzeko nahia eta erantzukizun berriak asumitzeari dion beldurra. Helduok argi izan behar dugu gazteek ez dutela behar guk haien ordez erabakiak hartzea, baizik eta pentsatzen, duda egiten eta informazio erreala biltzen laguntzen, hartara, beren erabakiak bere kabuz har ditzaten; alegia, beren bidea egin dezaten. Dudarik ez da hori egitea konplexua dela, batik bat, kontuan hartuta adin horretan gazteek kontra egiteko jarrera izaten dutela maiz. Baina jarrera horiek, gurasoentzat hain gogorrak izanagatik, pedagogikoak ere izan daitezke, gai bagara elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik eramateko eta seme-alabei erakusteko hori dela liskarrak konpontzeko bidea.

Sarri samar gertatzen da gurasooi ez gustatzea gure seme-alabek aukeratutako lagunak. Lehenik eta behin, duten itxura dela eta ez juzgatzen ikasi behar dugu. Halere, gure gaitzespenak oinarri sendoa badu, komeni da ez nekatzea gure disgustua erakutsiz, hori eginda kontrakoa lortuko dugulako: guk gaitzesten dugunarengana are eta gehiago hurbiltzea. Komeni da gai horren inguruan seme-alabekin erreflexionatzea, eta aztertzea ea eskolako notak jaitsi diren edo bere portaerak txarrera egin duen. Horrez gain, gure ustez hain problematikoak ez diren lagunekin elkartzeko ahalegina ere egin dezakegu gurasook (kontuan hartu horretarako egokiak izan daitezkeela lehen aipatu ditugun kiroltaldeak edota aisialdiko taldeak). Beharrezkoa da gure seme-alaben lagunen berri izatea, etxera ekartzeko erraztasunak ematea, baina ez hain gainetik jartzeko, baizik eta, alde batetik, ikusteko ez dutela arazorik lagunak etxera ekartzeko eta, bestetik, harremanean anomaliarik ez dagoela urrutitik behatzeko. Edonola, lasai egon behar dugu gurasook: seme-alabek oinarri moral sendoa badute, "konpainia txarrak" pasako dira, aldi baterako bakarrik izango dira. Seme-alaba nerabeekin harreman ona duten gurasoek eragin handiagoa dute haiengan lagunek baino, nahiz eta itxura batean kontrakoa eman.

Beraz, seme-alaben ondoan egon behar dugu ez gainetik (beti inposaketan) ez eta atzetik ere (enbarazu egiteko beldurrak), gehiegi nabarmendu gabe, entzuteko prest eta zerbait aportatzeko prest egon behar dugu.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI