Gazteak eta teknologia berriak
Koldo Etxeberria Arabaolatza (Eibarko Berritzeguneko IKT Programaren aholkularia)
Azken urteotan, komunikabideetan gazteak eta teknologia berriak binomioa aipatzen denean, ez da izaten ezer onik aipatzeko ez batzuen ez besteen inguruan. Egia da gehientsuenetan gizarte- komunikabideek zabaltzen dituzten berriek egonezina sortzen digutela eta, batzuetan, baita beldurra ere, gure seme-alabek eskuartean dutenaz pentsatzen jartzean. Argitaratzen dena egia izanik ere, ez da egia teknologia berrien inguruko guzti-guztia hain iluna denik; solidaritatea bultzatzen du, informazioa zabaltzen du, komunikazioa sendotzen du eta abar.
Ilunak
Adin hauetan garrantzia handiena duten bi elementuak aipatuko ditut labur-labur: bideojokoak eta ordenagailua (Internet).
Bideojokoak
Bideojokoak fenomeno soziala dira gaur egun, eta aparteko eragina dute eskola-umeengan.
Fenomeno hori, dena den, mitoz jantzi da askotan eta oso gutxitan, berriz, errealitatez, eta, hala, eztabaidagai bihurtu dira askotan. Ikusten dugunean gure semealabek, txiki-txikitatik, nolako erraztasuna duten ordenagailuekin, kontsolekin eta, oro har, teknologiakutsua duen edozerekin moldatzeko eta nolako gaitasuna duten guri askoz nekezagoak egingo litzaizkigukeen atazak egiteko, beste galaxia batekoak sentitzen gara eta pentsatzen hasten gara hobea ez ote den umeak bakarrik uztea beren "jostailuekin".
Bestalde, gaur egun lan-merkatua jarrita dagoen eragatik bai aitak eta bai amak etxetik kanpora lan egiten dugunez, askotan, etxera iristean atseden pixkat hartzea besterik ez dugu nahi izaten, eta hori gure seme-alabak pantaila bati begira jartzen direnean lortzen dugu; alegia, telebistari, bideojokoei edo abarri begira daudenean. Orduan agertzen dira bideojokoen alde txarrak: indibidualizazioa sozializazioaren kaltetan, joko desegokiak erabiltzea umeen adin psikologikoa eta formazio-prozesua kontuan hartuta, bideojokoekiko gehiegizko mendekotasuna bestelako entretenimenduen kaltetan, pertsonaren isolamendua (bere gelan egiten du lan, atea itxita), gizartean oro har onartuta dauden balioen kontrakoak (joko sexistak, indarkeriazkoak, arrazistak), etab.
Internet
Internetaren fenomenoari dagokionez, adin hauetan oso lotuta dago bideojokoen inguruan esan dugunarekin, ordenagailua erabiltzeko modua duten ikasle gehien-gehienek jokatzeko erabiltzen baitute, eta gero eta gehiago, gainera, hainbat jokalariren arteko jokoetan jokatzeko Internet bidez. Alegia, aurreko puntuan aipatu dugun egoera berdina da Internetaren kasuan ere: neskamutilak gero eta isolatuago daude (lagun arteko on-line jokoetan dabiltzanak izan ezik), beren adinerako eta formazio-prozesurako egoki ez diren edukiak dituzte eskura, gizarteak hobesten dituen ideia eta balioen kontrakoak hartzen dituzte, denbora gehiegi pasatzen dute konektatuta, datu pertsonalak intentzio onegiak ez dituztenen aurrean jartzen dituzte... Horrez gain, arriskua daukagu birusak eta gure ordenagailuarentzat kaltegarri diren bestelako softwareak instalatzen dituzten artxiboak jasotzeko.
Argiak
Ilunei buruz hitz egin dudanean bezalaxe, argiak aipatzerakoan ere labur ibiliko naiz.
Bideojokoak
Joko hauek tresna oso-oso interaktiboak direnez eta neskamutilek arreta handia jartzea eskatzen dutenez, aisialdirako jokoez gain, hainbat eta hainbat joko hezitzaile ere agertu dira. Joko horiek arrazonamendua, logika, estrategia, memoria eta bestelako aspektu psikomotoreak garatzen dituzte, aisialdirako jokoetan baino askoz gehiago.
Programa horiek, gehienak behintzat, seme-alabek eskolan erabiltzen dituztenak dira: irakasleek arretapean erabiltzen dituzte, eta helburu zehatzak ezarrita. Etxean, berriz, seme-alabek aisialdirako jokotan jolasten direnean, jakinaren gainean egon behar dugu beti erabiltzen dituzten jokoak egokiak diren ala ez beren adinerako. Horretarako, interesgarria litzateke aisiako software-ekoizle nagusiek beren produktuak identifikatzeko erabiltzen duten kodifikazioa ezagutzea: adinaren arabera, edukien arabera eta abar. Kodifikazio-mota hori Europa mailan onartutakoa da, eta PEGI izena du.
Bestalde, telebistaren kasuan bezalaxe, neurria jarri behar zaio pantaila aurrean pasatzen den denborari. Horretarako, negoziatu egin behar dugu seme-alabekin zenbat denbora pasa pantaila aurrean (telebista aurrean, ordenagailuaren aurrean...), eta zorrotz jokatzea horrekin. Horrez gain, beren jokoetan parte hartzen saiatu behar genuke, jokoak zertan diren galdetu eta abar, baina beste guztiaren gainetik, ezin diegu utzi jokoetan ibiltzeko beren gelan sartu eta han gordetzen.
Internet
Oso garrantzitsua da semealabekin egotea sarean dabiltzanean, bilatzen duten informazioa egokia den ala ez finkatzeko gidalana egiteko, edukiekiko iritzi kritikoa garatzen laguntzeko, ulertarazteko sarean aurkitzen duten guztia ez dela egokia haientzat... Hau da, nahi gabe aurkitu dezaketenerako adi egon daitezen lortzeko.
Lan hori nekezegia ez izateko, erabil ditzakegu, nahi izanez gero, nabigatzaileek ematen dituzten tresnak eduki batzuk murrizteko, edo, bestela, aukera dago merkatuan halako murrizketak egiteko programak eskuratzea. Nolanahi kasu honetan ere aplikatu egin behar dira, berdinberdin, bideojokoei buruz lehen esandakoak: pantaila aurrean pasatzen duten denbora kontrolatu, atea itxita edo bakarrik nabigatzea galarazi....
Informazioaren teknologia berriek zabaldu duten aukera-uholdea izugarria da, eta horiek erabiltzerakoan zentzu pixkat aplikatzen badugu, aukera ona izango da bai formazioa eta bai aisia aberasteko.
