Bergara.net

Sarrera

Hainbat ikerketa egin dira ezagutzeko zein faktore hartu behar diren kontuan kannabisa erabiltzen hasiak diren gazteei erabilera mota arriskutsuagoak garatzea eragozteko. Guzti horietatik, 1997an Ontarioko bigarren hezkuntza eskoletan egin zen ikerketa baten emaitzen berri eman nahi dizuegu. Eskola horietako kannabis erabiltzaile gazteentzat, sexua izan zen erabilera arazotsuagoa garatzeko arriskuarekin lotutako aldagai demografiko bakarra. Ikerketa honen arabera, nerabezaroan kannabisa erabili duten mutilek neskek baino 1.8 aldiz arrisku handiagoa dute erabilera mota kaltegarriagoak garatzeko. Erabilera eredu arriskutsuagoetan erortzea ekiditen duten babes mekanismo informalen artean eraginkortasun nabarmena erakutsi zutenak, berriz, hiru izan ziren: lagun eta kide gehienak ez-erabiltzaileak izatea, norberak drogen aurkako iritzi eta sentimenduak izatea, eta gurasoen gaitzespenaren kontzientzia handiagoa izatea. Babes faktore hauek, ordea, ez dute eragin bera nesken eta mutilen kasuan. Dirudienez, gainontzekoek norberaz duten iritziak garrantzi handiagoa du neskentzat, eta lagunen erabilera eta gurasoen gaitzespena dira beraien kasuan droga erabilerari esperimentazio mailan eusten dioten kontrol mekanismo garrantzitsuenak. Mutilen kasuan, ordea, beren iritzi propioak dira aldatzen saiatu beharrekoak. Nesken kasuan lagunak ez-erabiltzaileak izateak erabilera eredu arriskutsuagoak garatzeko probabilitateak % 60 baino gehiago murrizten zituen; baina, mutilen kasuan % 21eko murrizketa besterik ez zen lortu. Gurasoen gaitzespenari dagokionez ere, antzeko emaitzak lortu ziren: gaitzespen horren kontzientzia handia zuten neskek % 38an murrizten zituzten erabilera arazotsuak garatzeko aukerak. Mutilentzat, berriz, % 23ko murrizketa baino ez zen lortu.

Ikerketa honek erakusten duenez gurasoek, gehienetan, beren seme-alabek drogak probatzea eragotzi ezin duten arren, erabilera hori arazotsua bihurtu ez dadin lagundu dezakete, nesken kasuan bereziki. Horretarako, gazteek drogen erabilera zentzudun eta arrazoitu bat egiten ikastea izan behar luke heziketaren helburua eta, era horretan, egokiagoa da drogen "aurka" hitz egin ordez, drogei buruz aritzea. Dena den, gurasoen gaitzespenak ez dakar beti drogaren erabilera arrazoituagoa eta, ondorioz, garrantzitsua da gazteek gurasoen gaitzespena nola barneratzen duten ezagutzea, gaitzespen hori heziketan nola erabili daitekeen ezagutzeko.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI