Gurasoen arteko gatazka, bikotearen haustura, garapen psikologikorako inplikazioak.
Haurtzaroan eta nerabezaroan banaketa eta dibortzioaren prozesuari eta aurre egiteko jarraibide hezitzaileak eta prebentiboak.
Egileak: Arranz, E.; Manzano, A.; Martín, J.L. eta Olabarrieta, F. (2005): ETXADI. Familia Psikologiarako Unibertsitate Zentroa. (www. Etxadi.org) Euskal Herriko Unibertsitatea. Psikologia Fakultatea. Oinarrizko Prozesu Psikologikoen eta haien Garapenaren Departamendua.
Sarrera
Hiru artikulutan aztertuko dira dibortzioak adin ezberdinetako haurrengan dituen eraginak edo inplikazioak: lehen haurtzaroa, bigarren haurtzaroa eta nerabezaroa. Jarraibide hezitzaile eta prebentiboak hiru bloketan aurkezten dira, kapitulu bakoitzeko bat, eta kriterioak ematen dituzte banaketaren aurretik ezartzeko (1. blokea), banaketa haurrei jakinarazten zaien unean aplikatzeko (2. blokea) eta banaketa ostean egiteko (3. blokea). Jarraibideen bloke horiek komunak eta aplikagarriak dira hiru adin-taldeei dagokienez.
Hau aurreneko artikulua da; ondorengoa irailean argitaratuko da, aldizkariaren hurrengo alean. Hirugarrena, berriz, aldizkariaren seigarren alean, abenduan.
Maiz gertatzen da:
bikotekideen arteko gatazka eta horrek eragiten dituen banaketa eta dibortzioa gero eta maizago gertatzen dira: dibortzioa salbuespena zen lehen, baina orain gero eta familia gehiagori tokatuko zaien bizipena izatera pasatu da.
Estresa eta sufrimendua:
gertakari horiek guztiek sufrimendua eta estresa ekartzen dizkiete familiako kide guztiei (familia-sistema). Oro har, familia horiek aldaketa asko eta askori egin behar diete aurre: familiako baliabideek behera egiten dute, bizileku aldaketak datoz, rol eta ardura berriak hartu beharra sortzen da, familiaren interakziorako patroi berriak finkatu behar dira, eguneroko bizimodua berriro antolatu behar da eta harreman berriei aurre egin behar zaie aitaordekoekin, amaordekoekin, anaiordekoekin eta arrebaordekoekin.
Mehatxu-sentimendua eta segurtasun-eza:
gurasoak dira erreferenterik oinarrizkoenak haurren nortasunean; gurasoen artean etengabeko gatazka ikusteak barne-haustura moduko bat eragiten dio haurrari. Haurrak beharrezko konfiantza galtzen du kanpoko munduari begira, bere nortasuna garatzeko eta pertsona gisa modu osoan garatzeko. Aipatu dugun hori da haurrak izan ditzakeen sintomen azalpenik sakonena. Kasurik larrienetan, eta barne-hausturaren sentimendua duten haurrengan betiere, gerta liteke haurrek pertsonalitate disoziazioa edo errealitatearekiko ihesa pairatzea.
Konponezinak ez diren hainbat eragin:
bikotekideen gatazkaren eraginak, banaketa eta dibortzioa negatiboak izan ohi dira orokorrean, baina ez konponezinak. Banatzea konponbide egokia izan liteke, haurrek gatazka sumatzea edo ikustea saihesten bada. Haurraren eta bikotekideen ongizateak izango duen eragina hainbat faktoreren menpe egongo da: gatazkaren iraupenaren, haurraren adinaren, lagunek, familiak edo besteren batek emandako laguntzaren eta abarren menpe. Familiako giroa egoki berreraikitzen bada, saihestu egin daitezke eragin negatiboak epe ertain eta luzera.
LEHEN HAURTZAROA (0-6 urte)
1. Haurrak bikotekideen arteko gatazkak ikusteak dituen ondorioak.
- Nahasmendu emozionala: ezinegona: haserre erraza, sintoma fisikoak, gorabeherak aldartean. (Behin sei hilabete egiten dituztenean, haurrak sentiberak dira gurasoen adierazpen emozionalekiko; tentsio emozionalak estres-iturri dira haurrentzat eta horiek aldarte edo egoera emozional txarra ekartzen diete).
- Atzerapenak haurraren garapenean: hizkuntza ikastea gehiago kostatzen zaie, baita trebetasun motoreak bereganatzea eta esfinterra kontrolatzea ere (pisa egiten dute ohean).
- Lokartzeko arazoak: zaila egiten zaie lo egitea eta beldurtu egiten dira gauez.
- Errebeldia: kontra egiteko gogoa, zaputzaldiak eta kasurik ez egitea.
- Joka hastea: anai-arrebak eta ikaskideak jotzen dituzte.
- Egokitzeko arazoak: haurtzaindegira eta eskolaurrera batik bat.
- Ikasteko arazoak: kontzentratzeko zailtasuna izaten dute eta motel eta erdizka ikasten dute irakurtzen eta idazten.
- Familiako harremana ahuldu egiten da: harremana ahuldu egiten da haurraren eta aitaren/amaren artean; hori gurasoen egoera emozionala ezegonkorra delako gertatzen da.
2. Larritzeko moduko seinaleak.
- Luzapena: ez da komeni familiako gatazka behar baino gehiago luzatzea.
- Errua: haurrak bere burua erruduntzat jotzea eta hala adieraztea.
- Errealitatetik kanpo dauden adierazpenak: gurasoen banaketa ukatzea edo banaketa hori justifikatzea, irudimenaren edo asmazioen bitartez.
3. Jarraibide hezitzaileak eta prebentiboak. (1. Blokea, banaketa aurrekoa)
- Hausnartzea eta aholkua eskatzea: behin betiko erabakia hartu aurretik, bikotekideek hausnartu eta informatu egin behar dute erabaki horren ondorio psikologiko, ekonomiko eta sozialen inguruan. Profesional (batengana familiako psikologo edo bitartekari batengana) jotzea da egokiena, modu horretan lortuko baitute akordioetara heltzea eta gatazka ez luzatzea. Are gehiago aholkatzen da profesionalaren laguntza, bikotekideak banatzeko erabakiari dagokionez ados ez daudenean.
- Haurrak gatazkatik kanpo egotea: ikerketa-datuek diotenez, gurasoak banatzen zaizkien haurrak hobeto errekuperatzen dira epe luzera denbora luzean gurasoen arteko gatazkaren lekuko izan direnak baino. Era berean, dibortzio osteko gatazkak saihesten badira, arinagoak izango dira eragin negatiboak.
- Haurra errudun ez sentiaraztea: haurraren jokabidea eta bikotekideen arteko haustura elkar lotzen dituen aipamenik ez da egin behar sekula. Horrela bakarrik lortuko da haurra gatazkaren errudun ez sentitzea eta haurrak autoestimu baxua eta desoreka emozionala ez izatea.
- Haurrak nork bere mesederako ez erabiltzea: haurrak ez dira inoiz baliatu behar bikotekide baten edo bestearen alde egiteko. Ez ditugu haurrak gureganatu behar pribilejioak edo atsegin duten guztia emanda.
- Ez hezi modu autoritarioan eta koertzitiboan: izaera zaileko haurretan batik bat, gurasoen ezegonkortasun emozionalak are tentsio gehiago ekar dezake gatazkara.
