Helikadurarekin jolasik ez!
Elikadura-jokaeren nahastea ez da gaur egungo arazoa, ezta nesken arazo esklusiboa ere. Elikadura-jokaeren nahasketak beti eman dira, baina, akaso, gaur egun gero eta ezagunagoak dira gizartean. Horien artean, anorexia eta bulimia dira ezagunenak. Arazo psikologiko hauek benetan arriskutsuak eta gogorrak dira.
Zer dira anorexia eta bulimia?
Anorexia duen gaixoak loditzeko beldur obsesiboa du eta pisua apropos galtzen du, dieta zorrotzak, gehiegizko ariketa fisikoa, eragindako gonbitoak, laxanteen erabilera anitza, gose-gutxitzaileen kontsumoa eta diuretikoak erabiliz. Horren guztiaren ondorioa desnutrizioa da, bigarren mailako aldaketa endokrino eta metabolikoekin, eta larria izatera ere iritsi daiteke.
Bulimian, zeinu psikologiko asko anorexiarenak bezalakoak dira, pisuarekiko eta gorputz irudiarekiko kezka barne. Asko jateagatik edo tripakadak egiteagatik bereizten da, eta ondoren, gonbitoa eragin edo purgagarriak hartzen dituzte eta baraua eta gehiegizko ariketa fisikoa egiten dute.
Horiez gain, gaur egun badago elikadura- nahaste bat ez dena ez anorexia argia, ez bulimia argia; biak nahasten dituen arazoa da, bietatik hartzen duena.
Zerk eragiten du gaixotasun hauek?
Hiru faktore daude gaixotasun hauen atzean. Alde batetik faktore indibidualak, beste batetik faktore familiarrak eta azkenik faktore soziokulturalak. Gazteak autonomoa izateko arazoak ditu, heldutasunarekiko beldurra, autoestimu arazoak,... izango lirateke faktore indibidualei dagozkienak. Faktore familiarren barnean, familiaren gainbabesa, familian elikadura arazoak egotea, harremanetan arazoak egotea,...
Azkenik faktore sozialak daude. Gizartean zenbait jarrera zabaltzen ari dira hedabideen eraginez. Esate baterako, telebistan gero eta ugariagoak dira argaltzeko produktu nahiz enpresen publizitatea, argaltzeko helburuarekin lotutako ekintzen publizitatea, lorpenak argal egotea-rekin lotzeko ikuspegia, gizartetik gainpisuari jarritako jarrera negatiboa,... Jarrera negatibo hauek salatu egin beharko genituzke elikadurajokaeren nahasteak prebenitzeko.
Zer egin dezakegu?
Arazo horien aurrean denok egin dezakegu zerbait. Gaixoak lehenik eta behin bere arazoa onartu behar du. Erraz esaten dugu, baina beharrezkoa da. Gaixoak arazoa onartzean laguntza eskatuko du eta momentu horretan garrantzi handikoak izango dira inguruko denak. Garrantzitsua da familiak nahiz lagunak gaixoaren egoera ulertzea. Askotan zaila izango da modu egokian ulertzea. Gaixoak ez daki zehatz- mehatz zer gertatzen zaion; ondorioz, ingurukoek ere zailtasunak izango dituzte, baina garrantzitsua da bertan egotea une gogor horietan. Hori dela eta, ezinbestekoa da gaixoak behar duen unerako ingurukoak ondo informatuta egotea.
Gizartetik ere zenbait aurrerapauso eman daitezke. Komunikabideek eta iragarkiek eskaintzen duten emakumearen irudia gaitzetsi behar da, ezin da onartu arrakasta, prestigioa eta errekonozimendu soziala argaltasunarekin lo-tzea. Argaltzeko produktuen publizitatea nahiz salmenta salatu beharra dago.
Nora jo genezake?
Mota honetako arazo baten aurrean lehenengo pausoa medikuntza orokorreko medikuarenera joatea da.
Berak egingo du lehen balorazioa eta bideratuko du, beharren arabera, psikologo, psikiatra nahiz endokrinoarenera. Gizartean ere zenbait elkarte daude gaia lantzen dutenak eta laguntza profesionala eskaintzen dutenak. Gipuzkoan ACABE elkartea dago. Honek bi bulego ditu, bata Donostian eta bestea Arrasaten. Kontaktuan jartzeko 943 326250 telefonora edota gipuzkoa@acabeuskadi. org helbidera idatzi daiteke. Elkartean informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa, tailerrak,... eskaintzen dira.
