Heriotza eta galeraren eraginak txikiengan
Patxi Izagirre Psikologo eta psikoterapeuta
Zergatik ezkutatzen dugu heriotza?
Heriotzak dakarrena hain krisi mingarria izanik, ezkutatzean, beharbada galtzen ari gara horrelako krisiei aurre egiteko baliabideak sortzeko aukerak. Dudarik gabe, gizartea heltzen ari da eta beste tabu handi bat azaleratzeko bidean da. Hezkuntzan heriotzari hain denbora gutxi emateak oso kezkaturik nauka. Doluaren pedagogia sortu beharra daukagu, beharrezko baliabideak sortzeko eta, hala, bizitzako galerei aurre egiteko gai izateko.
Hiru urtetik aurrera, haurra joko sinbolikoaz baliatzen hasten da eta, horren bidez, heriotza ere simulatu ohi du. Haurrentzat, beste zeinahi jokoren parekoa izaten da hau, jakina denez, garai horretan ez baitute atzeraezintasunaren kontzientzia garatuta izaten. Hau da, fantasiak ematen dien ahalguztiduntasun horri helduz, hildakoak behin eta berriz berpiztu ditzakete. Magiaz baliatzen dira, eta horren bitartez galeren ideiari aurre egiteko baliabideak sortzen dituzte. Beraz, ikaragarrizko aberastasunaz, magia lagungarri zaie gero, helduaroan, galera horiei aurre egiteko behar izango duten sendotasunaren oinarriak jartzeko.
Haurtzaroan erabiltzen den komunikazio- kodea helduek erabiltzen dutenaz bestelakoa da, haurrak ez baitu oraindik abstrakzio-gaitasunik garatu. Haurren ikaskuntzak behaketa eta imitazioa ditu funtsezko oinarri. 7 eta 11 urte bitartean umea errudun sentitu daiteke maite duen pertsona hiltzen denean. Izan ere, kognitiboki oso gai da heriotza ulertzeko, baina tresnarik gabe sentitzen da krisi hau prozesatzeko. Gure esku dago, hortaz, gure haurrek heriotzari buruz izango duten ideia honakoa edo halakoa izatea. Gure beldurrak beraiengan proiektatzen baditugu, baliabide propioak sortzeko aukera kenduko diegu.
Erantzunak emateko gai sentitzen ez garenean sortu ohi dira zailtasunak; hau da, guk geuk ere heriotzak sortzen digun egonezinarentzako erantzunik bilatu ez dugunean. Orduan, larritasun hori ezkutatzeko defentsa gisa, ukazioa barneratu ohi dugu haurrengan.
Nola jokatu orduan?
Horri buruzko orientabidea emate aldera, zenbait jarraibide azalduko ditut:
- Entzun beti haurren galderak. ez kendu haurrei hitza gure beldu rrak direla eta.
- Eman bidea dolu-erritualetan partaide izan daitezen, nahi duten guztietan eta beren erara. Marrazki bat egin, lore bat eman...
- Eduki txikitatik etxean hilkorra den zerbait, adibidez, landare bat.
- Kontuan hartzekoak dira, era berean, beste galera mota batzuk: banaketak, agurrak, etxe aldaketak...
- Ez esan haurrei gezurrik eta ez eman itxaropen faltsurik.
- Erraztasunak eman emozioak adieraz ditzaten. Ipuinak, musikak, marrazkiak...
- Ez erantzun umeak galdetu duena baino gehiago.
Galera motaren bat aipatzearren, dolu-elaborazioetan oinarritutako nire esperientzia profesionalean ikusi dut seme-alabaren bat galdu duten guraso askoren helburua nahigabearekin bizitzen ikastea eta bizitzari zentzu berria aurkitzea dela.
Gizarteak ez du hain nahigabe mingarria ulertzen, negar etengabea deserosoa egiten baitzaio eta nahigabetua ondo ikusteko presa handia du. Zalantzarik gabe, norbere nahigabearen beldurrak urruntzen gaitu sufritzen ari diren pertsonengandik. Gure nahigabearen kontzientzia hartzeak gure mugak onartzen erakusten digu; perfekzionismotik alde egiteak, nork bere hutsunea onartzeak,... hilkorrak garela jakiteak gizatiarragoak egiten gaitu. Kontua ez da nahi dugun guztia edukitzea, daukagun guztia nahi izatea da gakoa. Behar bada, era honetan ulertuko dugu ez garela gure ametsetako erraldoia, baina ezta gure konplexuetako ipotxa ere.
Nire helburua ez da moralizatzen jardutea, gure ukazioak duen indarra adieraztea baizik. Litekeena da gure asmoa gauzak pilatzea izatea eta prozesu horretan galerak ere badirela ulertu ez izana oraindik. Galera hori iristen denean eta gorrigorritan harrapatzen gaituenean bakarrik arduratzen gara".
KONTSULTARAKO LIBURUAK: www.alfinlibros.com
