Autoestima eta nerabezaroa
MĒ Elena Anabitarte Psikologoa eta psikoterapeuta
1. ZER DA AUTOESTIMA?
Autoestima nork bere buruari buruz duen kontzeptua da. Beren buruaren kontzeptu ona duten pertsonak beren buruaren balorazio positiboa egiten dute, eta, horrenbestez, seguru sentitzen dira.
Nork bere buruagan duen seguritatea apurka lortzen da, bizitzan aurrera egiten den heinean. Ume-umetan, seguritate hori guretzat garrantzitsu diren pertsonen erreakzioaren arabera garatzen dugu. Umeek gurasoek onartzen eta maitatzen dutela sumatzen badute eta haiengandik balorazio-mezuak jasotzen badituzte, beren buruarekin seguru sentitzen dira. Gerora gurasoak ez diren beste pertsona batzuen balorazioak ere jasotzen dituzte: klasekideenak, irakasleenak, familiakoenak... Hala, gure seme-alabek beren buruaren irudi bat sortzen dute, besteengandik jaso duten afektuaren eta balorazioaren araberakoa.
Hortaz, umearentzat garrantzitsuen diren pertsonek, gurasoetatik hasita, beren burua ezagutzen lagunduko diote. Horiengandik jasotzen duten irudiak zenbat eta antz handiagoa izan berak berez direnarekin (ispiluaren isla bezala), argiago ikusiko dute zein diren beren gaitasun eta mugak, eta aukera gehiago izango dute bizitzak ekarriko dizkienei objektibotasunez eta segurtasunez aurre egiteko.
2. ZER-NOLAKO ERAGINA DU AUTOESTIMAK NERABE ETA GAZTEENGAN?
Autoestima sendoa izanda, ez zaie hain gogorra izango "hazkundearen krisi" esaten zaion fase zail horri aurre egitea. Izan ere, krisi horretan, ume izateari utzi behar zaio, hau da, gurasoek ontzat ematen dituzten gauzak bakarrik egiteari eta haien balioekin identifikatzeari utzi (gurasoen maitasuna eta gorespena lortu nahian), eta nerabe izateari ekin.
Nerabezaroan beharrezkoa da gurasoek eman eta erakutsitako hori guztia zalantzan jarri eta mirespena alde batera uztea, irizpide propioak izan eta nork berak bere izaera sexual eta soziala sortzeko; heldutasunera heltzeko, beste hitzetan.
3. ZERGATIK EMATEN ZAIO HALAKO GARRANTZIA AUTOESTIMARI?
Autoestima ona duen pertsona batek aukera gehiago du zoriontsu izateko; autoestimak eragin handia baitu gure burua baloratzeko orduan, eta, horrenbestez, baita besteekin erlazionatzerako moduan eta gure portaeran ere. Gainera, badu zeresanik ikasteko, lan egiteko eta sortzeko gaitasunean ere.
Autoestima ona duen pertsonak jarrera independentea izango du, gai izango da erantzukizunei eta egoera berriei aurre egiteko, eta gaitasuna izango du bere sentimendu eta emozioak erakusteko, bai eta frustrazioak toleratzeko ere. Gure burua baloratu eta maitatzen badugu, beti gogoan izan behar dugu aurretik gure bizitzako pertsona garrantzitsuenek hori transmititu behar izan digutela.
4. NOLA JAKIN SEME-ALABEK AUTOESTIMA ALTUA EDO BAXUA DUTEN?
Ez dugu ahaztu behar seme-alabei lehen haurtzaroan eman diegun hezkuntzaren erantzule garela.
Hezkuntza hori egokia izan bada, gainera, nerabezaroa ez da oso konplexua izango, esan dugunez, hezkuntza onak eragin ona baitu gure seme-alaben autoestiman. Baina gure erantzukizuna asimilatu arren, ez dugu pentsatu behar gertatzen zaien guztiaren errudun garenik, gu geu ere jaso dugun hezkuntzak eraginda baikaude (inkontzientea eta kontrola ezina baita neurri handi batean).
Beraz, hausnarketa egin behar dugu gure seme-alabek bizitzako etapak nola pasa dituzten jakiteko, etapa horietan hartu behar izan baitituzte bizitzan beharrezko izango dituzten zentzuak, hala nola, oinarrizko konfiantzaren zentzua, autonomiarena, ekimenarena, lehiakortasunarena eta abar, gero nerabezaroan ongi sartzeko beharrezko lorpenak eskuratzen lagunduko diotenak.
Honakoak lirateke lorpen horiek: kideekin harreman egokiak (gutxiasko) egitea, arau eta erregelak barneratzea, eskolan emaitza onargarriak izatea eta interesen bat edo beste izatea.
5- BIZITZAKO GARAI HONETAN AUTOESTIMA BAXUA BADUTE... GARAIZ AL GABILTZA HORI HOBETZEKO? ZER EGIN DEZAKEGU BERE AUTOESTIMA HOBETZEKO?
Umetatik nerabezarora arte (gero eta gutxiago bada ere) gure seme-alaben beharrak basikoak, primarioak edo defizitarioak izaten dira, besteen laguntzaz besterik ezin direlako ase; alegia, beragandik kanpokoak behar izaten dituzte asetzeko. Hori kontuan hartuta, nerabe direla, aukerarik badugu oraindik beren autoestima hobetu edo sendotzeko, betiere faktore hauek gogoan izanda: Diren bezala onartu. Gure seme-alabak ez badira guk nahi bezalakoak, argi izan behar dugu orduan arazoa gurea dela, gure umea den bezalakoa delako eta gu ez garelako hori onartzeko gai.
Baina bere horretan onartzeak ez du esan nahi berak nahi duen guztia egiten utzi behar diogunik "halakoa delako". Esan nahi du bere-bere dituen ezaugarriak onartu behar ditugula, eta baloratzen jakin. Badaukagu semeari edo alabari bere jokaeran egokia ez den zerbait aldaraztea, baina ezin diogu eskatu denari uko egiterik.
Baloratu egindako aurrerapenak, lorpenak eta ahaleginak: Oso-oso garrantzitsua da gure umeak egiten dutenari erreparatzea, eta ondo egindakoak bere aurrean onartzea. Derrigor egongo da zerbait ondo egiten duena; ba, halakoetan, ez galdu aukera ondo egin duela adierazteko. Handitu bada ere, segi lorpenak goresten. Egin diezaiokegun oparirik onena da egindako lana edo esfortzua errekonozitzea (nahiz eta beti emaitza onak izan ez).
Adierazi onartu eta maitatzen dituzula: Maite dugula jakiteak, bere segurtasuna sendotuko du eta, horrekin bat, baita bere autoestima ere.
Kontuan izan behar da nerabezaroan lotsa handitu egiten dela, eta litekeena dela ez nahi izatea kariņo adierazpenik ere egitea. Adi egon beharko dugu, eta hala bada, errespetatu. Egin haiei buruz ditugun aurreikuspenak beren gaitasunaren arabera. Ezin dezakegu gure seme-alabetaz ahal dutena baino gehiago espero, baina ezta gutxiago ere. Gure itxaropenak seme-alaben errealitatearekin bat etortzeko, ezagutu egin behar ditugu: zer gustatzen zaien, zer nahi duten, zertan moldatzen diren ondo eta zertan ez hain ondo. Gurasook beren beharrei eman behar diegu garrantzia, ez gure nahiei.
Lagundu autokontrola izaten. Gurasook eredu izan behar dugu, ez dugu autokontrola galdu behar eta segurtasuna erakutsi behar dugu arazoen edo gatazken aurrean. Lagun diezaiegun hausnarketa egin eta alternatibak bilatzen, adibidez, planteatu "zer egin dezakegu?" galdera haserrealdian.
Ezarri muga eta arauak. Funtsezkoa da muga eta arauak ezartzea, lagungarri izango dutelako gauzak argiago izateko, zer egin eta zer ez egin jakiteko eta, arau edo muga horiek ez betez gero sor daitezkeen ondorioak asimilatzen. Familia bakoitzak bere arauak ditu, ez du inporta zein, familia bakoitzak zehazten ditu bere arauak. Oso garrantzitsua da bi gurasoek berdina esatea seme-alabei familiako arauei buruz, bai eta zer zentzu duten ere (ez direla, "hala delako" bakarrik).
Errespetatu. Kontu handiz ibili behar dugu haiei buruz beste pertsonen aurrean egiten ditugun komentarioekin.
Kontuan izan behar dugu seme-alabek sentiarazten dizkiguten sentimendu txarrak direla-eta, ez ditugula etiketatu behar (alferra, astuna, hitzontzia, antipatikoa, jenio txarrekoa....).
Horren ordez, jarrera edo portaera jakin horiek zein ondorio ekarriko dizkien ikusarazi behar diegu; izan ere, etiketak hortxe geratuko dira eta eragina izango dute autoestiman, baina beren jokaeren aurrean ditugun erreakzioen arrazoia azaltzen badiegu, ikusiko dute jokaera horietako batzuk, ez badira egokiak, ondorio txarrak eragin ditzaketela, baina aukera badagoela jokaera horiek aldatzeko, ekin aurretik ondorioetan pentsatuta.
EZ AHAZTU SEME-ALABEK JAKIN BEHAR DUTELA DIRENAGATIK MAITE DITUGULA, EZ DAGOELA HAIEK BEZALAKO BESTE INOR, ETA EXISTITU HUTSAGATIK MAITE DITUGULA. BAINA GOGOAN IZAN HORI TRANSMITITU AHAL IZATEKO GUK GEUK ERE GURE BURUA HALAXE MAITE BEHAR DUGULA.
