Heziketa emozionala, ikasi eta irakatsi
Eider Altuna Psikologoa eta Familia eta Bikote Terapeuta Dolores Rodriguez Psikologoa HAZTEN PSIKOLOGIA ZENTROA (943795863) Maalako Errabala 17,1A 20500 Arrasate
ZER DA ADIMEN EMOZIONALA (A.E.)
Adimen emozionala diogunean gure sentimenduak eta besteenak antzemateko, nork bere burua motibatzeko eta besteekin ditugun erlazioak modu egokian erabiltzeko gaitasunez ari gara. Horretarako, beharrezkoa dugu gure emozioak ezagutu eta kontrolatzea, besteei nola eragiten dieten ezagutzea, eta besteen tokian jartzen jakitea, besteek sentitzen dutena ulertu eta horren arabera lagundu ahal izateko. Horrek guztiak erraztu egingo digu besteekin ditugun harremanak hobeak izatea.
NOLA INDARTU ADIMEN EMOZIONALA
Benetan lagungarria da haurrengan txiki-txikitatik emozioen ezagutza eta erabileraren trebakuntzari lotutako ohiturak bultzatzea. Horretarako, ezinbestekoa da gurasoen partehartzea, inplikazioa eta lana; beharrezkoa izango da baita gurasoek euren emozioak ezagutu eta adierazteko ohitura hartzea, euren semealabak ere sentitzen dutena eta nahi dutena adieraztera bultzarazteko.
Badago gurasoek aintzakotzat hartu beharreko beste kontu bat, besteen emozioak antzematen irakastea, honek, aurrerantzean pertsonen arteko erlazioak erraztuko baititu. Haur bat beste bat triste dagoela konturatu eta kontsolatzeko asmoz, adibidez, bere jostailua eskaintzeko gai bada, bien arteko harremana estuagoa izan dadin lagunduko du. Haurra hazi ahala estrategia errazak, konplexuagoak eta efektiboagoak diren beste batzuekin ordezkatuko ditu. Honela, kontsolatzeko asmotan beste bati bere jostailua eskaini dion haur hori, hurrengoan, zer gertatzen zaion galdetzen ahaleginduko litzateke.
Emozioak antzemateko kontuan izan behar dugu hauek bi eratara adieraz daitezkeela, hitzez eta hitzezkoa ez den beste hizkuntzaren baten bidez. Haurra emozioen hitzezko hizkuntza ikasten hasteko, beharrezkoa dugu haurrari hiztegi zabala eskaintzea, gogoz nola dagoen adierazteko moduan egon dadin eta haserrea, poza, errudun sentitzea eta inbidia tankerako emozioak zer diren jakin dezan. Honela, emozio horiei guztiei izena jartzera gonbida dezakegu haurra, "pozik nago, haserre nago..." modukoak erabiliz.
Hitzezkoa ez den hizkuntzari dagokionez, jakina da aurrez aurre gertatzen diren interakzioetan mezu batek daukan esangura emozionala, neurri handi batean, hitzezkoa ez den hizkuntza bidez adierazten dela (keinuak eta aurpegierak, gorputzeko jarrera, ahotsa, ...). Beraz, haurrei hitzezkoa ez den hizkuntza horren bidez kanporatzen diren seinaleak modu egokian irakurri ahal ditzaten behar dituzten aukerak eskaini behar zaizkie. Hortaz, haur bat parkean erori eta negarrez hasten bada, esate baterako, erortzean min hartu duela eta mina daukala ulertarazi diezaiokegu.
Bestalde, hitzez esaten duguna eta hitzezkoa ez den hizkuntza bidez adierazten duguna bat etor daitezen zaindu behar dugu, hau da, ez dugu esango pozik gaudela gure aurpegiak beste gauza bat adierazten duenean.
Hori guztia ikastea zaila dirudien arren, gurasoek jolasa erabil dezakete adimen emozionalarekin lotuta dauden trebetasun hauek irakasteko. Esaterako, haurra hartu eta ispiluaren aurrean hainbat emozio egoera imitatu ditzakegu, haurra keinuak eta aurpegierak nola aldatzen diren konturatu dadin.
Bestalde, "jolasak", berez, haurra motibatu egiten du eta haren partaidetza bultzatu; izan ere, jolasaren bitartez haurrak abilezia horietarako estrategiak, oinarrizkoak zein konplexuak, esperimentatzen ditu, eta esperimentazioaren ostean errazago izango du aproposenak aukeratzea.
ZERTAN LAGUNTZEN DU
Adimen emozionalaren garapenari esker haurrak hobeto jasan ahal izango ditu bere bizitzan eman daitezkeen aldaketek (gurasoen banaketak, heriotzak, etxe-aldaketak, ...) sortutako frustrazioak, horiei aurre egitea ahalbidetuz. Era berean, etorkizunean, besteekiko erlazioen garapen hobea izatea ahalbidetzen du, bai arlo familiarafektiboan, bai sozialean eta bai lan arloan.
Adierazi beharrekoa, bestetik, emozioen heziketak arazo emozionalen prebentzioan eta haurraren nortasunaren garapenean duen garrantzia eta pisua.
GURASOEN GARRANTZIA
Haurraren garapen egokia lortzeko etxeko giroa estimulatzailea izan beharko da. Modu berean, mugak garbi ezarri beharko ditugu eta horiek, gurasoek nahiz haurrek errespetatu beharrekoak izango dira; izan ere, haurrek etxean ikusia ikasten dute. Gurasoak zentzudunak, ulerkorrak eta malguak izateak ez du esan nahi permisiboak direnik. Haurrak hazten diren neurrian gurasoek ere beren exijentziak moldatu beharko dituzte, hain zuzen ere haien garapen ebolutibora eta heldutasun mailara egokituz. Ezin izango dute haurra gutxietsi ez eta gehiegi eskatu ere. Kontua ez da adinari dagokiona baino gehiago eskatzea, baina ezin zaizkie, ezta ere, gauza guztiak eginda eman.
