Sarrera
PLISTI-PLASTA.
Umeek uretan jolasean egin ohi duten soinua. Ekainak 24 bete zituen egunean BERGARAKO UDALAK eta BERGARAKO ESKOLEK Plisti-Plasta Akordioa sinatu zuten. Akordio berri honetan, udalak eskola ordutan egiten den Igeriketa Sustatzeko Kanpainaren gastu guztiak bere gain hartzeaz gain, jarduerari ukitu hezigarriagoa emango dio.
Akordio berri honekin eskolek beren ikasleei ur-jarduera hezigarriak doan eskaintzen jarraitzeko aukerari eutsiko dioten arren, izenpetze berri honen mamia ekonomikoa baino gehiago pedagogikoa izango da. Kirol Zerbitzuaren eta Hezkuntza Zerbitzuaren elkarlanaz, igerilekuan eta eskola ordutan garatu izan den hezkuntza egitasmo zaharrari aire berriak emango zaizkio. Akordio hau datorren 2005/06 ikasturtean jarriko da martxan eta egitasmoa Bergara aldeko 559 ikaslerentzat izango da.
Berrikuntza nagusia, PLISTI PLASTA Koadernoa da. Koaderno honek eskolako tutoreak eta igerilekuko hezitzaileak harremanetan jarriko ditu. Zertarako? Hezkuntzako benetako interbentzio integral planifikatu bat eskaintzeko. Koaderno honetan, ikaslearen ezaugarriak eta ikasturtez ikasturteko garapena jasotzeaz gain, ikasle bakoitzaren beharrei egokituko diren interbentzio berezituak bilduko dira. Bestalde gogoan izan, datorren udarako Agorrosingo igerileku berriak prest izango ditugula.
Beraz, akordioa eta igerilekuak batzen baditugu, azkenean, gure Igeriketa Sustatzeko Kanpaina beste hainbat udalerrirentzat eredu bihurtuko da. Honela, azkenean, gure ikasleentzako hezkuntza tresna indartsu eta baliagarrienaren jabe izango gara.
