Gurasoen arteko gatazka...
Gurasoen arteko gatazka
Bikotearen haustura
Garapen psikologikorako inplikazioak
Haurtzaroan eta nerabezaroan banaketaren eta dibortzioaren prozesuari aurre egiteko jarraibide hezitzaileak eta prebentzioak.
Nerabezaroa 12-18 urte
1. Nerabeak bikotekideen arteko gatazkak ikusteak dituen ondorioak ?
- Bikotean bizitzeko segurtasun eza: nerabeak pentsa dezake berari gertatuko zaiola gurasoei gertatu zaiena, eta hori ezegonkortasun-faktore bat izan daiteke bere harremanetan.
- Familiako lotura faltaren sentsazioak gora egiten du: nerabeak bizipen kritikoak esperimentatzen dituen adin honetan eta bakardade-sentimendua areagotzen zaion adin honetan, gurasoen arteko gatazkak eta bikotearen hausturak ondorioak izango ditu nerabearen oreka emozionalean.
- Autoestimu baxua: nerabeak bere buruaz duen irudia uste baino gehiago baldintzatzen dute bere gurasoek transmititzen dizkioten mezuek. Horregatik, oso garrantzitsua da seme-alabei argi uztea bikotearen hausturak ez duela zerikusirik eurekin eta euren jokabidearekin.
- Jokabide arriskutsu gehiago: familiaren gatazka eta bikotearen haustura ikusteak indartu egin ditzake haurrarengan arriskutsuak diren jokabideak: drogak kontsumitzea edo portaera antisoziala eta txarra. Halere, ez da ez zuzena, ezta komenigarria ere, kausa-efektu erlazioa finkatzea: dibortziatu guztien semealabek ez dute izaten jokabide arriskutsua.
2. Larritzeko moduko seinaleak.
- Harreman sexualean goiz hastea: arazo hori nabarmenagoa da nesketan eta beren bizimodu sentimentala ziurtatzeko beharrarekin lotzen da.
- Segurtasun eza bikote harremanetan: Hau ere gehiago gertatzen da nesketan. Bikotean bizitzeko duten beldurrak bikote-aldaketak eragiten ditu, batez ere etorkizunean elkarrekin bizitzeko pausoa ematerakoan.
- Portaera txarra: mutiletan oso ohikoa da ezaugarri hau. Familia desegituratzen denean, gurasoek baino eragin gehiago dute nerabearengan lagunek eta berdinkideek. Horrek, era berean, eskolara ez joatea edo portaera antisoziala ekartzen du: lapurretak edo astinduak, esaterako.
3. Jarraibide hezitzaileak eta prebentiboak. (III. Blokea: banaketaren ondoren)
- Indartu egin behar dira harremanak anai-arrebekin eta gainerako familiarekin: galera-sentimendua konpentsatu egin daiteke anai-arrebekin, osaba-izebekin, lehengusuekin eta aiton-amonekin harreman onak izanez gero. Horiek guztiek egonkortasun-erreferentzia izango dira nerabearentzat.
- Nerabeak ez du bere lagun-multzoa galdu behar: gurasoek ikastetxe berera eraman behar dute semealaba eta lehen zituen lagun berak izan behar ditu: oso garrantzitsua da hori.
- Gazteari gauzak ez kentzea: Nerabeari utzi egin behar zaio bereak diren gauzak edukitzen eta lekuz aldatzen (jostailuak, liburuak, argazkiak), egonkortasunerako erreferentea baitira.
- Etorkizuna planifikatzea: gurasoek guztiz ados jarri behar dute nerabearen eguneroko bizimoduarekin zerikusia duten alderdi guztiei dagokienez: bisiten erregimena, gastuen finantzaketa, eskolako errendimenduari kontu egitea eta eskolarekin harremanetan egotea, oporrak, desplazamenduak eta abar.
- Kooperazioan oinarritutako hezkuntza: planifikazioaren ondorioz, gurasoek buru-belarri inplikatu behar dute seme-alabak hezteko garaian. Neska/mutila aitaren kargu dagoenean, gehiago ziurtatzen da aitaren inplikazioa bestelako kasuetan baino.
- Nerabearen kargu ez dagoen bikotekideak ez du samurregi jokatu behar: seme-alabaren kargu ez dagoen bikoteak barkabera izateko joera izaten du askotan bisitaldietan. Koherentea izan behar du eta beste bikotekideak ezartzen dizkion arau berak ezarri behar dizkio nerabeari.
- Ez da ordezkatu behar seme-alabaren kargu ez dagoen bikotekidea: aitaordeak edo amaordeak ez du bere gain hartu behar aitaren edo amaren rola familia berrian. Aitzitik, harreman berri bati ekin behar dio semeordearekin edo alabaordearekin; nerabeak berak erabaki behar du zenbaterainoko autoritatea eta aholkularitza jaso behar duen haiengandik. Gai honetan, funtsezkoa da profesional baten laguntza.
- Laguntza profesionala eta instituzioanala: hezitzailea eta prebentiboa. Garrantzitsua da jakitea nahi duenaren esku laguntza profesionala dagoela prozesu horren eragin negatiboak ahalik eta gehien murrizteko, baita berehalako, epe ertainerako eta luzerako eraginak prebenitzeko ere. Banatze-prozesuan edo gatazkan dauden bikotekideei fase horretan laguntza profesionala ematea izango litzateke egokiena, batetik, baliabideak izan ditzaten prozesuari aurre egiteko eta, bestetik, familia osoan dituen eragin negatiboak eta sufrimendua saihesteko. Dibortzioprozesua legez ebazten duten organo juridikoen ardura da familiari familia- psikologoak eta -bitartekariak aholkatzea eta eskaintzea.
