Guraso eta seme alaben arteko komunikazio onuragarria
Ahozko hizkuntza da gizakiok berezko dugun ahalmenetako bat, gaur egun milaka hizkuntza existitzeak ondo erakusten digun bezala. Gizaki talde batek, besteengandik erabat bananduta egonda ere, hizkuntza bat izango du beti.
Gainera, gure espeziearen berariazko ahalmena izateaz gain, gaitasun hau txiki-txikitatik bereganatzen dugu. Jaio eta aste gutxira, haurtxoek beste pertsona batzuen ahotsa entzutea maite dute oso, eta 6 hilabeterekin, gutxi gorabehera, hizkuntzaren fonema guztiak berezi ditzakete (ez bakarrik bere hizkuntzarenak, baizik eta gizakiok dugun edozein hizkuntzarenak ere).
Benetan harrigarria da haurren gaitasun hau, baina, denboraren poderioan gal dezakete, batez ere hizkuntza jakin bateko hotsak entzuteko aukera ez badute; hori dela eta, haurtzaroa da hizkuntzak eta hizkuntzen ahoskera ikasteko garairik hoberena, garai horretan haurrak, biologikoki, malgumalguak direlako, beren neuronen garapen mailari esker.
Hainbat idazlek esaten dute 7 urte baino gutxiagoko haurrak egozentrikoak direla, besteen tokian jartzeko gai ez izateari egozentrismoa deitzen diotelako (gaitasun hori, izan ere, beharrezkoa da beste batekin hitz egin ahal izateko). Dena dela, eta uste horren aurka, ikusi da haurrek 4 urterekin jada bere hizkera moldatu dezaketela beste haur txikiago batzuei hitz egiten dietenean (horrek, hain zuzen, haurrak benetan besteen tokian jar daitezkeela erakusten digu). Eurek egiten dituzten moldaketak, geuk haurren aurrean egiten ditugunen parekoak dira, hau da, esaldi laburrak eta errazak, haurren hitzak, errepikapenak, ... erabiltzen dituzte. 2 urterekin haurrek kaixo eta agur moduko hitzak esateko gai dira, baina ez, berriz, beren kabuz (helduen laguntzarik gabe) elkarrizketa baten hariari jarraitzeko; hori, 4 urte dituztela lortuko dute. Jakina, horrek ez du esan nahi 2 edo 3 urteko haurrek ezin dutela elkarrizketa bat eduki.
Izan ere, helduekin hitz egiten dutenean, helduak dira elkarrizketa gidatzen dutenak, gaia jartzen diotenak, galderak egiten dizkiotenak, ulertzen duela frogatzen dutenak, ... (hitz batean, gauzak errazago jartzen dizkiote), eta, beraz, elkarrizketan parte har dezakete. Beste haur txikiago batzuekin (2 - 4 urte), ordea, zailago izango dute elkarrizketa bat izatea.
Horrenbestez, garbi dago haurrek desberdin jokatzen badute helduok beraiekin komunikatzeko erabiltzen ditugun estrategiei esker dela, horiekin elkarrizketan parte hartzen laguntzen baitiegu (aurrerago aipatuko ditugu estrategia horiek).
Baina, zergatik da hain garrantzitsua gurasoen eta seme-alaben artean komunikazioa onuragarria izatea?
zure seme-alabarentzat:
- Zainduta dagoela eta maitatzen dutela sentituko du.
- Zuentzat inportantea dela sentituko du.
- Arazoak dituenean seguru dagoela eta bakarrik ez dagoela sentituko du.
- Sentitzen duena eta behar duena hitzez adierazten ikasiko du.
- Sentimenduak hitzez adieraziz haiek ondo bideratzen ikasiko duelako.
- Etorkizunean argi eta garbi hitz egingo dizu.
Zuretzat:
- Zure seme-alabarengandik hurbilago sentituko zara.
- Zure seme-alaben beharrak ezagutuko dituzu.
- Hazten eta heltzen laguntzen ari zarela jakingo duzu.
- Elkarrizketaz baliatuz, duzun porrot sentsazioa eta estresa kontrolatzen jakingo duzu.
Baina hitz egitea ez da nahikoa, haiei nola hitz egin ere jakin behar dugu. Esaterako, ez da komeni haien aurrean oihurik egitea ez eta norbere buruaren kontrola galtzea ere.
Kontrola galtzeko zorian zaudela ikusten baduzu, hobe duzu egoeratik pixka bat aldentzea. Baina, hori bai, seme-alabari emango dizkiozun azalpenak argiak izan beharko dira eta bere mailara egokituak. Zuzen hitz egingo zaio, ez hizlaria izango bagina moduan, baina haurtxoen hizkera ere ez dugu erabiliko.
Jende askok etxeko animaliekinerabiltzen duten doinu berean egiten diote berba haurrei. Haur batek lehenago ikasiko du hizkuntza helduei egiten zaien antzera egiten bazaio, hau da, esaten dioguna ulertzen duela ikusten badu. Txakurra edo katua balitz moduan hitz egiten badiogu, berriz, gaizki hitz egingo du.
Gainera, zuzen hitz egiteaz gain, berari interesatu ahal zaion guztia kontatuko diogu txiki-txikitatik, kontatu nahi dioguna haurrak ulertzeko duen gaitasun mailara egokitu behar badugu ere. Adibidez, aitona hil bazaio esan egin beharko diogu; bestela, badakigu goizago edo beranduago jakingo duela, eta orduan traizionatu dugula pentsa lezake.
Gogoan eduki beharko dugu ahozkoa ez den hizkuntzak ere funtsezko papera betetzen duela, batez ere aipatu berri ditugun egoeretan. Gorputz hizkuntzak salatu zaitzake: haurrari kontatzen diozuna ez bada benetan uste edo sentitzen ari zarena, alperrik ari zara. Gurasoak beren sentimenduak ezkutatzen saiatzen badira ere, seme-alabek beti antzeman ahal izango dituzte sentimendu horiek.
Komunikazio estrategiak
Horrela bada, garbi dago guraso eta seme-alaben arteko komunikazioak ona izan behar duela, eta horretarako baliagarri izan daitezke ondoko estrategia komunikatiboak:
1) Denbora eskaintzeko prest egotea. Honek esan nahi du zure seme-alabarentzako tartetxo bat hartzeko prest zaudela. Etxetik kanpo lan egiten baduzu ere, jakin egunean zure seme-alabarekin bakarrik egoteko 10 minutu erabilita zuen arteko harremana indar daitekeela.
2) Entzuten jakitea. Komunikaziorako oinarrizko gaitasuna da, komunikazioa egon dadin hitz egiten jakitea baino zerbait gehiago behar da eta. Zuk zeuk dituzun ideiez eta sentimenduez hitz egiten hasi aurretik, haurrari berari galdetu berak pentsatzen duenaz eta sentitzen duenaz. Haurrak kontatu nahi dizuna berebiziko garrantzia dauka berarentzat, zuretzat hala ez bada ere. Horrexegatik, adi egon beharko duzu. Haurrak adi zaudela eta esaten ari dena entzuten diozula ikusten badu, bera ere zuri entzuteko prest egongo da.
3) Enpatia eta maitasuna erakustea. Haurrarekin sintonizatu eta haren lekuan jartzea, bere sentimenduak ulertzen dituzula eta zuretzat inportanteak direla erakutsiko diozu, nahiz eta batzutan berarekin ados ez egon.
4) Eredu ona izatea. Haurrek, hobeto ikasteko, gurasoek esaten dutena eta egiten dutena imitatzen dute. Beraz, gurasoek sentimenduak adierazteko elkarrizketa erabiltzen badute, eta ez oihuak, haurrak ere, azkenean, gauza bera egingo du etorkizunean, sentimendu biziak adierazteko biderik hoberena hitzak erabiltzea dela ikasiko baitu.
5) Baikorra izatea. Haurrak gaizki hitz egiten badu, ez zaio lotsa sentiarazi behar honen moduko esaldiak esanaz : "barre egingo dizute, handia zara eta". Zaila izango da haurrarentzat seguru sentitzea eta aurrera egitea etengabe umiliatzen baduzue.
6) Haurrek komunikatzeko egiten dituzten ahaleginez konturatzea. Haurrek komunikatzeko ahaleginetan bidaltzen dizkiguten seinaleak antzematea, nahiz eta seinale horiek apalak izan, elkarrizketa baterako bidea izan daitezke eta.
7) Haien hitzak edo esaldiak interpretatzea, bai esan duena errepikatzeko eskatuz (nola? zer esan duzu?), edo esan duena guk geuk zuzen esanaz, nola esan behar duen ikas dezan. Esaterako, haurrak gazteleraz "wico" dionean, "está rico" esango diogu. Modu berean, akatsak zuzenduko dizkiogu (gazteleraz "poní" dionean esaterako), horregatik ez diogu barrerik egingo, horrela ez baitu ikasiko nola esan behar den.
8) Haurrak elkarrizketetan parte hartzera bultzatu, haiek erantzuteko moduko galderak eginaz edo txanda heltzen zaienean galderak erantzuteko behar besteko denbora emanaz (batzutan uste dugu elkarrizketa bat izateko gai ez direla eta gehienetan erantzuteko behar besteko denbora ematen ez zaielako izaten da, helduek baino denbora gehiago behar izaten dute eta). Jakina, 8 estrategi horiek ez dira errezeta magikoak, baina orientazio moduan erabiliz gero eta eguneroko bizimoduan aplikatzen badira (estrategia hauek familia bakoitzaren ezaugarri eta baldintzetara egokituta), oso baliagarriak izan daitezke komunikaziorako gaitasuna hobetzeko, ez bakarrik haurrena, gurasoena ere bai, eta, azken batean, familiako giroa hobetzeko ere.
Bibliografia:
Dolto, F. (1998). ¿Cómo educar a nuestros hijos? Reflexiones sobre la comprensión y la comunicación entre padres e hijos.
Henderson, P. (1998). Cómo educar en la primera infancia. Barcelona: Médici.
Pérez Pereira, M. (2000). Desarrollo del lenguaje. En J. Palacios, A. Marchesi y C. Coll. Desarrollo psicológico y educación (pp. 227-256). Madrid: Alianza.
