Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 7. alea »  Gaueko aisia, gazteak eta drogak

Gaueko aisia, gazteak eta drogak

Eider Hormaetxea eta Maider Petralanda Etorkintza Fundazioko Prebentziorako Teknikariak

Gurasoak egunez egun gehiago arduratzen gaituen gaia da gaueko eta asteburuko aisia. Geure buruari galdetzen diogu: Zertan ari ote dira? Drogak kontsumitzen? Guri esandako lekuan egongo dira? Norekin ote daude?

Kezka horiek areagotu egiten dira komunikabideetatik jasotako berriekin. Halere, azpimarratu nahi nuke gaueko aisia ezin dela homogeneizatu. Gaua non eta zertan pasatzeko aukera handia dago, eta ibilbide eta bide anitz aurkitu daitezke horietan.

Gure guraso ikuspegitik honako gogoeta eta konparazio hauek egiten ditugu: beste gauza batzuekin gozatzen genuen gure garaian, ez genuen arriskua bilatzen, ingurune babestuago batean bizi ginen. Egia da aldaketak egon direla, eta gure seme-alaba gazteen eta nerabeen gaueko aisiak, besteak beste, gizartean, ekonomian eta heziketan izan diren aldaketak islatzen dituela.

Lan-egoera ezegonkorraren, langabezia- maila handiaren, familiarekiko menpekotasunaren, emantzipatzeko zailtasunaren, eskolaratze-denbora handiagoaren, gizartean harremanak izateko modu desberdinaren eta abarren ondorioz, gazteria berri bat sortu eta aisiaz gozatzeko beste modu bat dugu gure gizartean.

Egoera horien ondorioz, mendetasuna duen eta garrantzizko erabakiak hartzen diren eremuetatik kanpo dagoen gazteria dugu. 80. hamarkadatik aurrera gauak garrantzi handia hartu du, gazteen aisialdirako gune eta denbora gisa. Bertan gazteek erabakiak hartzeko boterea eta aukera dute, nagusien mundu ordenatutik eta gehiegizko arauetatik urrun. Aisia-guneak ere aldatu egin dira, eta gazteen aisian espezializatu dira, berdinen harteko harremana eta familiatik kanpoko dibertsioa sustatzeko helburuarekin. Aisia bizitzeko modua ere aldatu egin da, eta batzuetan osasungarriak ez diren portaera arriskutsuak izaten dituzte, esate baterako: drogen gehiegizko kontsumoa, sexuharreman arriskutsuak, etab.

Portaera horiek ezin dira orokortu, baina gazteriaren ehuneko jakin batek duen joera da, eta hori erakusten dute estatistikek.

  • Legezko eta legez konpoko substantzien kontsumoa "gizartean normaltzat" jotzeko joerak gero eta indar handiagoa du.
  • Gazteek, gehienbat, asteburuko aisian kontsumitzen dute, baina egunero kontsumitzen duten gazteak ere badira, batez ere egunero porroak erretzen dituztenak.
  • Tabakoa, alkohola eta porroak dira gehien kontsumitzen diren substantziak, baina speed, extasis, kokaina eta beste batzuk ere kontsumitzen dira.
  • Kontsumitzen hasteko adina jaitsi egin da gazteen artean. Gaur egungo gazteak 13,7 urterekin hasten dira tabakoa erretzen, eta 14 urterekin alkohola edaten. Nahiz eta guraso gisa ziurgabetasunez eta batzuetan beldurrez bizi dugun asteburuko aisia, funtsezko gaia da, gure seme-alabak modu orekatuan garatu eta modu egokian gizarteratu daitezen.

Izatez asteburuko aisia ez da negatiboa, kontrakoa baizik. Izan ditzaketen gehiegizko kontsumo edo arriskuzko portaerak dira arduratzen gaituztenak, eta baita portaera horiek gazteari sortu diezaioketen arazoak. Horiei aurre egiteko, funtsezkoa da prebentzioa; hori dela eta, osagarriak eta kontraesankorrak ez diren zenbait balio, jarrera, trebetasun eta ezagutza garatzen parte hartu behar dute gizarteko estamentu guztiek: familiak, eskolak, komunitateak eta abarrek

HAINBAT EREMUTATIK PEBENTZIORAKO IRADOKIZUNAK FAMILIA EREMUA

  • Ez aztoratu: ez nahastu drogekiko menpekotasuna edo drogen gehiegizko erabilera, nerabezaroan izaten dituzten kontsumo esperimentalekin edo asteburuko kontsumoekin. Kontu izan mendetasuna hainbat alderdiren elkarreraginaren ondorio izan ohi dela.
  • Arreta jarri baina detektibe-jarrera hartu gabe: seme-alaben irteerak, lagunak, etab. gehiegi kontrolatuz gero, zuregan gero eta konfidantza txigiagoa izatea soilik lortuko duzu.
  • Gaztearen intimitatea errespetatu: beharrezkoa da etxean familiako kideen intimitatea errespetatzea, seme-alabena barne. Bere gela, bere kajoirik, bere egunkaria..., berebereak dira.
  • Komunikazioa: bi aldetako komunikazioa sustatu. Garrantzitsua da zalantzak izanez gero zuzenean beraiei galdetzea, eta era berean jarrera irekia izatea eta konfiantzagiroa sortzea, beraiek dituzten zalantzen eta arduren berri eman diezaguten.
  • Erantzukizunak hartzea sustatu: utzi argi eta garbi jaietara irtetzeak ez duela bere erantzukizunetatik aske uzten: mahaia jarri, aurreko gauean erabilitako ohinetakoak garbitu, etab.
  • Zuen aisia aprobetxatu: non dagoen, zertan ariko den eta antzeko ardurekin etxean geratzeak, zuen kezka areagotu besterik ez du egingo, eta ez duzue zuen denbora libreaz gozatuko.
  • Zalantzak izanez gero Udalaren Prebentzio Zerbitzuara jo dezakezue.

ESKOLA EREMUA

  • Prebentzio Programak Garatu: funtsezkoa da ikastetxeak drogamenpekotasuna aurre hartzeko eta osasuna babesteko heziketa-programak garatzea, denak bat etorriko diren lan-filosofia bateratuarekin.
  • Heziketa: bai teorikoa bai praktikoa, irakasleek eginkizun horri aurre egiteko erremintak izan ditzaten
  • Erantzukizun globala eta hezkuntza- komunitate osoaren parte-hartzea.
  • Pertsona aditua: ona da ikastetxeak drogamenpekotasuna gaian aditua den norbait izatea. Horrela, arazorik izanez gero, norengana jo izango dute ikasleek.
  • Neurri prebentiboak eta ez-eragozleak: ikasleekin arazoren bat izanez gero, lehentasuna eman neurri prebentiboei.
  • Aisian heziketa sustatzea

JAI EREMUAN (JAIALDIEN ANTOLATZAIELEAK)

  • Arrisku-prebentzioa eta informazioguneak: jaietan arriskuen prebentzio- kanpainak egin eta drogei buruzko informazio-guneak jarri
  • Jarduera osagarriak: gazteentzako jarduera osagarriak sustatu, antolatu ohi diren gaueko kontzertuetatik harantzago, esate baterako: txapelketak, kirol lehiaketak, etab.
  • Gazteek antolaketan parte-hartzea: jai-jardueren antolaketan parte hartzeko aukera eman gazteei.
  • Jaien aurretik drogei buruzko berariazko tailerrak: ikastetxearekin koordinazioa egotea, nolabait, prebentzioan parte hartzeko, esate baterako, jaiak hasi aurretik drogei buruzko tailer bat eginez.
  • Elkarteen parte-hartzea: elkarteek, kirol-klubek edo gazteekin lan egiten duten taldeek ere beraien esparruan prebentzio-lana egin dezatela
  • Prentsa: egiten diren prebentziokanpainen gaineko informazioa herritarrengana helarazteko komunikabideak erabili.

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI