Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) Lehengoan aipatu zenuen ea haurrek gurasoekin lo egin behar duten, hau da, ea ona edo txarra den gurasoekin lo egitea. Hori gurasoek egin beharreko aukera dela esan zenuen. Gure semea maiz esnatzen da gau erdian eta negarrari ematen dio; guk, orduan, gure ohera eramaten dugu. Baina jada nekatuta gaude, ez baitugu atsedenik hartzen. Zer egin behar dugu haurra bere ohera itzuli dadin ?

Aurrekoan esan nuen moduan, lo egitea beharrezkoa da. Ongi lo egitea, berriz, ikasten dugun ohitura bat da, eta, beraz, erakutsi egin dezakezue. Badakigu haurrak lo ongi egiten duela negarrik egin gabe oheratzen bada; bere kasa hartzen du lo eta ohean edo sehaskan egiten du lo argia itzalita, 11 edo 12 orduz etenik gabe (hori da batez bestekoa, baina badira lo gutxiago egiten duten haurrak ere). Zuen semeak lo ongi egiten ez badu eta zuek irakasteko prest bazaudete, metodo hau jarrai dezakezue. Lehenik eta behin haurrak gaixotasunik duen argitu behar da, horrek zaildu egiten baititu gauzak.

Ohitura bat irakasteko kanpo elementu batzuk errepikatu behar dira behin eta berriz, eta baita gurasoek transmititutako jarrera ere. Jarrera horrek tinkoa, ziurra eta konfiantzazkoa izan behar du, haurrek jakin behar baitute beren gurasoek badakitela zer egiten duten. Horregatik garrantzitsua da zalantzarik ez izatea, zeren eta haurrak behin irabazten badu, metodoak porrot egingo du.

Lotarako ordutegi finkoa ezarri behar da. Haurra gehiegi ez eszitatzeko lasaitu egingo dugu oheratu aurretik, 5 edo 10 minutu nahikoa dira. Nahikoa da ipuin bat kontatzea, jolas lasairen bat egitea, eta musuak, irriak edo laztanak trukatzea. Denbora horretan gurasoek agerian utzi behar dute haurra asko maite dutela. Komenigarria da hori guztia logela ez den beste gela batean egitea.

Behin logelan, oheko jantzia ipini eta ohera sartu behar duzue. Han egongo dira loarekin erlazionatuko ditugun kanpo-elementuak (jostailu gogokoena, txupetea erabiltzen badu, posterra...) Protesta egiten badu, berriz, lasai egon behar duzue. Eskutik helduko diozue, baina berehala urrundu egingo zarete haurrarengandik, gutxienez metro bat.

Gurasoetako batek, ahots bare eta eztiz eta minutu erdian, azalduko dio haurrari bakarrik egingo duela lo: "Maitea, gurasook asko maite zaitugu eta horregatik erakutsiko dizugu lo bakarrik egiten. Gaurtik aurrera hor egingo duzu lo (hiru edo lau elementu aipatu daitezke, ohitura horrekin erlazionatutako elementuak). Ulertzen dugu haserratzen bazara, oraindik ez baitakizu ongi egiten, baina ikasiko duzu". Bakarrizketa horrek, eta ez elkarrizketa, minutu erdia iraungo du. Garrantzitsua da ziur eta zalantzarik gabe hitz egitea.

Behin hori egindakoan ez diezue erantzun behar haurraren galdera eta ekintzei, argia itzali eta eta logelatik irten behar duzue.

Haurrak negar egiten badu, minutua igaro ostean logelara itzuliko zarete, baina ez lo har dezan asmoarekin, baizik eta abandonatua ez dagoela erakusteko, bere ondoan zaudetela erakusteko. Ez utzi haurrari nazkatu arte negar egiten, ezin baitezake ikasi laguntzarik gabe lo egiten. Ziur zaudete haurra ongi dagoela, ez duela minik, jan duela, ez duela egarririk, eta kexatu egiten dela egoera berarentzat arrotza delako.

Bisita motz horietan gauza bera egin behar duzue beti: esaldia errepikatuko duzue ziurtasun eta konfiantzarekin, eskua suabe-suabe gainean jarriz (ez musurik eman, ez mugitu sehaska eta ez eman eskurik) 10 segundoan eta gero alde egingo duzue. Gogorra egiten da, jakina, baina batere salbuespenik egiten ez baduzue ulertu egingo du ez daukala zer eginik, gurasoek ez dutela abandonatuko, askotan sartzen baitira bera ikustera, baina ez dituztela bere eskariak beteko. Bisita horiek beharrezkoak direnean egingo dira.

Haurrak negarrez jarraitzen badu, eta, hala egingo du gainera, logelara itzuli behar duzue hiru minutu igaro ostean. Egoera hobetzen ez bada, bost minutu oro itzuliko zarete logelara. Komenigarria da haurrak zain egon beharreko denborak gora egitea pixkanaka; esaterako, bigarren gauean 2 eta 5 minutu eta gero 8; hirugarrenean, berriz, 3 eta 7 minutu eta azkenik 11 minutu...

Bakarrik lo egiten ikasi arte, ordea, izango dira esnatu eta zuei deika hasiko den egunak. Hori gertatzean, bisitak errepikatuko dituzue berriro esandako tarteekin eta bakarrizketa bera egingo duzue, betiko baretasun eta eztitasunarekin, kontrola galdu gabe eta bere ekintzei jaramon egin gabe.

Gogoratu lehenengo bi edo hiru gauak direla gogorrenak, baina zuen asmoan tinko irauten baduzue zuen semeak bapo egingo duela lo.

2) 12 eta 13 urteko bi alaba dauzkat eta bien artean etengabeko haserreak izaten dituzte. Uste dugu adinarengatik dela, baina ez dakigu zer egin. Izan ere, egiten duguna egiten dugula, haietako batek bere kontra ari garela pentsatzen du beti.

Anaia-arreben arteko borrokak ohikoak eta naturalak dira haurtzaroan eta nerabezaroan. Elkarrekin bizi diren eta gauzak partekatu behar dituzten bi pertsona ez haserretzea izango litzateke harritzekoa. Halere, gurasoek lortu dezakegu gutxiago haserretzea, pazientziarekin eta konstantziarekin. Gurasoen jarrera egokiak erraztu egingo du senideen arteko adiskidetasuna.

Bi jarrera daude: bat epe luzekoa da, borrokak saihesteko; bestea, berriz, jada borrokan daudenean.

Borrokak saihesteko, gurasoek interakzio egokia bilatuko dugu: semealabei entzun, partekatzeari garrantzia eman eta ez lehiatzeari, norberaren ezberdintasunak errespetatzen erakutsi eta sentimenduak azaltzen erakutsi eztabaidatu eta borrokatu gabe. Gurasoak haserretzen garenean, modu egokian esan behar diegu: "haserre nago, ez baitut gustuko...., lasaitu eta gero hitz egingo dugu". Eta haiek haserretzen direnean, zera esango dugu: "badakit amorruz zaudela, baina lasaitu beharra daukazu (sakon hartu arnasa eta 10 arte zenbatu, pilota bat ostikatu eta oheko burukoari eskumuturrarekin jo). Lasaitutakoan, esango didazu zergatik zauden haserre". Oso garrantzitsua haurrak ez sailkatzea ("beti erantzuten duena", "maitakorra" "agintzea gustatzen zaiona"...), ez dira haurrak euren artean alderatu behar. Aitzitik, goretsi egingo ditugu euren artean gauzak eztabaidatu gabe egiten badituzte.

Borroka hasia badago, berdin du zergatik, garrantzitsua da gurasook epairik ez ematea. Gure jokabideak adiskidetzearen aldekoa izan behar du, ez errudunaren bila aritzekoa. Ez egin gisa honetako aipamenak: "zein hasi da", "ez iseka egin zure arrebari", "zergatik jo duzu zure anaia?"...

Borrokarik gabeko eztabaida denean ez egin kasurik, baina kontu egin borrokan hasi ez daitezen. Aurretik abisatuko diegu, zera esanez: "Zuen eztabaidak zuen arazo dira, bakarrik utziko zaituztet zuen artean konpon dezazuen".

Borrokan hasten badira, borroka geratu eta ez dugu ez hitz egingo ez eztabaidatuko. Etxean borrokatzerik ez dagoela esango diegu eta gela ezberdinetara bidaliko ditugu. Behin lasaitutakoan, bien arteko gatazka hori konpontzen hasi beharko dute. Liskarraren ostean, hitz egin haurrekin zerk kezkatzen dituen jakin ahal izateko. Garrantzitsua da, batez ere, haurrei entzutea.

Laburtuta esateko, gure jarrera euren eztabaidetan parte ez hartzea izan behar da, kasurik ez egitea, eta gatazkak euren artean konpon ditzaten animatzea. Borrokarik balego, borroka geratzea eta eztabaidatu gabe gela banatara eramatea, harik eta lasaitu arte. Ondoren hasiko dira konponbide bat negoziatzen.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI