Kezkatu egin behar dut bere hitz egiteko eragatik?
Begoņa Aizpurua Entzumen eta mintzaren (Logopeda) irakaslea
Jaio eta 4-5 urte egin arte buru-garapen ikaragarria izaten dute haurrek; garapen horri esker, besteren artean, hizkuntza bizkor asimilatzen ikasten dute haurrek. Behin denbora hori pasatutakoan, ordea, oso zaila da hutsuneak edo akatsak zuzentzea. Horregatik da hain garrantzizkoa aipatutako denbora horretan familiak duen jarrera. Familiak gizakiak jaiotzetik dituen ahalmenak areagotu edo hobetu ditzake, baina baita ezabatu edo oztopatu ere.
Ahozko hizkuntza garatzea zati garrantzitsua da pertsonaren garapen integralean eta oso erlazionatuta dago heldutasunera iristeko prozesuarekin, garapen sozio-emozionala barne. Eta, hemen ere, gizakiari dagozkion gauza gehienetan bezala, bereizitasunean dago gatza eta piperra: Bada indartsu hasi eta horrela irauten duenik, abiatzea kosta baina erritmoa hartutakoan geratzen ez denik, modu gorabeheratsuan aurreratzen duenik, geldo baina geratu gabe aurreratzen duenik, bidean laguntza behar duenik, edo bilakaera horretan aurreratzen ez duen faseak pasatzen dituenik...
Badira familietan nahiko azkar atzematen diren bi "sintoma": toteltasuna (disfemia) eta ahoskatzeko arazoak (dislaliak). Garbi eta argi hitz egiteko zailtasunei dagokienez, hau da, soinu batzuk errepikatzea eta geldialdi txikiak egitea (hizketan hastea kostatzen zaie) edo hitzak artikulatzeko garaian gertatzen diren hainbat oker, denborarekin desagertzen diren arazoak izan ohi dira normalean; heldutasun kontu bat izaten da gehienetan.
Ahoskatzeko arazoei dagokienez, terapiaz pentsatzen hasten gara lau urtetik gorako denboran arazoek jarraitzen badute. Arazoaren jatorria artikulazio-organoak gaizki erabiltzea izan ohi da, kasu gehienetan psikomotrizitate finean kontrolik ez dagoelako edo hizkuntz estimulazioa urria delako. Hori da dislalia funtzional modura ezagutzen duguna, eta, normalean, logopedia izan ohi da sendabidea: ezpainak, matraila, mihia, ahosabai biguna... hoien mugimendua kontrolatzen irakastea eta putz egitea, arnasa... gaitasunak garatzea.
Hitz-jario eskasa, toteltasuna eta ahoskatze-okerrak errazen atzematen diren hizkuntz arazoak dira, apenas jarri behar da arretarik hoiek "entzuteko". Esan daiteke hizkuntzaren osagai guztiekin sortutako eraikin baten etxaurrea edo fatxada bezalakoak direla. Eta, askotan, hain agerian gelditzen ez diren beste arlo garrantzitsuenetan (sintaxia, egituraketa, edukiera, egoerari egokituaren erabilera...) egon daitezkeen zailtasunetatik arreta desbideratzera bultzatzen gaituztela.
Noiz ari gara, orduan, atzerapen, alerta edo behar espezifikoei buruz?
Nola atzeman haur mintzamenaren jokabideak edo portaerak hizkuntz terapia bat eskatzen duela?
Onartu egiten da, hein handi batean bederen, hiru urterekin haurrek badutela ia helduenarekin alderatzeko moduko hizkuntz egitura bat eta neskek mutikoek baino lehenago garatzen dutela ahalmen hori. Kasu batzuetan bilakaera geldoxeago gertatzen bada ere, bi urte egin eta gero haurrak monosilaboekin edo hitz solteekin berba egiten jarraitzen badu, keinuen laguntza behar badu adierazi nahi duena komunikatu ahal izateko eta bere gertukoek baino ulertzen ez badiote duen ahohizkuntza, haurraren hizketa modu xehean aztertzea komeni da: jakin beharra dago hizkuntz atzerapen bat baino ez den, patologiaren batek eragindakoa, edota familia bera, nahi gabe, arazo hori indartzen eta handiagotzen ari den.
Adin hori oso esanguratsua izan arren, hiru urte egin aurretik eta ondoren ere jabetu gaitezke xehetasun batzuekin. Garrantzitsua da xehetasun horien aurrean neurriak hartzea eta mintzamen azterketa sakon bat egitea garapen mantsoagoa edo hizkuntz nahaste bat dela jakiteko (bigarren kasu honetan terapia ahalik eta azkarren egiten hastea komeniko litzaioke) Beraz, gure semea edo alaba kontsultara eraman beharko genuke honelako sintomaren bat sumatuko bagenu:
- BALDIN... 4 hilabete igaro ostean bere negarra ahula bada; 6 hilabete pasatu ondoren giza ahotsaren soinuaren aurrean erantzunik ematen ez badu; 9 hilabete igaro eta gero soinurik egiten ez badu, apropos, arreta bereganatzeko; edo urtebete egin ostean silaba bakunak ahoskatzen ez baditu.
- BALDIN... 18 hilabeterekin ez badu berba-aurreko ahoskatzen; familiako izenen aurrean erantzuten ez badu keinurik egiten ez zaionean; bere nahiak adierazteko eta gauzak eskatzeko hurbilketarik egiten ez badu; baita helduekin gauza edo gertakari baten gaineko arreta bereganatzeko ahalegina azaltzen ez badu ere.
- BALDIN... bi urterekin 40-50 hitz baino gutxiago erabiltzen baditu; silaba bakunak hasteko lau kontsonante ezberdin erabiltzen ez baditu; agindu errazak ulertzen ez baditu, esate baterako: "eman", "hartu", "begira", "etorri", "jarri mahai gainean", "ekarri hona"... eta ahotsaren tonua aldatuz galderarik egiten ez badu.
- BALDIN... lau urte egin eta gero bere hizketaren %70 ulertzen ez bada, gutxienez; hiru hitzetik gorako esaldirik egiten ez badu; termino orokorrak gehiegi erabiltzen baditu: "hau" "hor"..., bere hiztegia oso murritza bada; iraganeko edo etorkizun hurbileko gertakariak azaltzeko arazoak baditu bai bere buruaz bai besteez (eskolatik atera eta zer egin duen edo afal aurretik zer egin duen, adibidez); familiako egoerei lotutako "zer", "non" edo "nola" bezalako galderei erantzuten ez badie.
- BALDIN... bost urte egin eta gero artikulatzeko arazoekin jarraitzen badu; esaldi sinpleegiak egiten baditu; esaldiko hitzak ordenatzen ez baditu; ipuinak jarraitzeko zailtasunak agertzen baditu edo galdetzen zaiona zehaztasunez ulertzen ez badu.
