Adiskidetasuna, bere bilakaera eta hezteko jarraibideak
Ana Elias Aizpuru Psikologoa
ERA OROKORREAN ESANDA. NOLAKOA DA 6-11 URTE BITARTEKO NESKA-MUTILEN ADISKIDETASUNAREN BILAKERA? BILAKAERA HORRETAN SORTU DAITEZKEN ZAILTASUNEN AURREAN ZEINTZUK DIRA GURASOEK JARRAITU BEHARREKO IRIZPIDEAK?
Adiskidetasunaren esanahia asko aldatzen da pertsona baten garapenean zehar; Aldaketa hori pertsonaren hainbat alderdiren (ezagutza, ezaugarri fisikoak eta trebetasun sozialak) garapenarekin batera gertatzen da, eta garapen horren araberakoa izango da. Esate baterako: Garapen kognitiboa: besteen lekuan jartzen ez dakien haurrak, 6 urtetik beherakoen antzera, nekez ahal izango du adiskideak mantendu, behintzat adiskide hitzak helduentzat duen esanahia berarekin.
Garapen fisikoa: bizikletan ibiltzeko behar den koordinazioa eta bizkortasuna lortu ez duen haurrak nekez egin ahal izango du jarduera hori. Trebetasun sozialen garapena: Txanda gordetzen ez dakien haurrak nekez egin ahal izango da jolas lagunekin. Baina adiskidetasuna ezin da egon beste pertsonekin harremanik ez badago. Beraz, txiki-txikitatik lagunekin harremanak izanda, haurrek esperientzia sozial desberdinak bizitzeko eta harremanetarako behar diren trebetasunak bereganatzeko aukera izango dute.
LEHENENGO INDEPENDENTZIA
(6-8 urte) 6 urtetik 8 urtera bitartean aldaketa nabarmena gertatzen da haurren arteko harremanaren kalitatean. 6 urtera arte haurrek gurasoekin edo haien ondoan egon nahi izango dute batez ere, baina adin horretatik aurrera, taldean jolastu nahi izango dute gero eta gehiago, afektiboki oraindik gurasoei lotuta badaude ere. Sarritan beste haur batzuekin egoteko eska dezakete, antzeko interes eta motibazioak dituztelako eta ekintzetan erakusten duten indar fisikoa ere antzekoa dutelako.
Pixkanaka-pixkanaka, eta gutxi gorabehera 9 urte bete arte, taldetan antolatzen dira antzekoak diren beste haur batzuekin, baina ez dira talde sendoak izango. Askatasunaz eta baldintza berdinetan dauden kideen artean eratutako harremanak dira talde horietakoak.
Denbora tarte horretan haurrek beren izaera eta ezaugarri pertsonalak garatuko dituzte, eta aldi berean hainbat egoeratan porrot egiteak eragiten dien frustrazioei aurre egiten ikasiko dute, egoera horietan arrakasta izatera behar den izaera indartuz.
Haurra bera da prozesu hau aurrera eramaten duena eta gurasoek zuzenean oso gutxi egin dezakete haurra talde jakin batean sar dadin. Halere, zeharka eragin dezakete haurren harremanetan, hainbat harremanetarako erraztasunak edo trabak jarriaz, haurren hainbat jokabide baloratuz, edo zenbait unetan nola jokatu behar duten proposatuz.
Esaterako, zure seme-alabari lagunekin dituen harremanengatik duzuen interesa erakutsi eta animatu berak bizi dituen esperientzia positiboak zein negatiboak zuri kontatzera.
Haurraren lagunak etxera gonbidatu, horrela haurra seguruago sentituko da bere etxean dagoelako eta errazago egingo zaio lagunekin harremanetan jartzea.
TRANTSIZIO ALDIA
(9-11 urte) Tarteko etapa bat da, ume eta nerabe artekoa, oraindik ume baita baina laster nerabe izango da. Helduekiko lotura gero eta txikiagoa den heinean lagunekin duena handituz doa. Adin horietako ezaugarriak dira baita ere eraikitzen doazen adiskidetasun kontzeptu berria eta haien artean izaten dituzten jolas mota berriak.
Bederatzi urterekin, haurrek lortu dezaketen independentzia maila handia izan daiteke, beti ere haur bakoitzaren izaeraren araberakoa. Kasu batzue- tan gurasoek seme-alaben atzetik egon beharko dute etengabe gero eta independenteago izatera animatzeko, baina beste batzutan, berriz, seme-alabek egiten dituzten irteerak eta dauzkaten ideiak "gainbegiratu" beharko dituzte. Etapa honetan ezinbestekoa dute "gure laguntza" hainbat jokabideren zergatia aurkitzeko. Laguntzeak ez du esan nahi gehiegi babestea, esaterako beraiek egin behar dituzten gauzak geuk eginaz; laguntzeak orientatzea esan nahi du, erabakia, azken finean, euren esku dago eta.
Prestatu egin beharko ditugu aurrerantzean deskubritu, integratu eta bereganatu behar dutenerako, hori izango baita gure egitekoa. Hainbat jarraibide emango dizkiegu egunero- egunero bizi dituzten egoerei heldutasun handiagoz aurre ahal izan diezaieten.
Hamar eta 11 urte bitarteko adin tartean mundua zuzentzen duten arauak ezagutuz joango dira etengabe. "Epaitzeko" orduan oso zorrotzak izan daitezke eta, behar bada, hasiko dira sarritan lagunekin horrela jokatzen. Gurasoekiko independenteago izateko nahia gero eta handiagoa izango da; elkarrekin, beren taldekoekin egoteko premia sentituko dute.
Errespetatu beharko genituzke beraientzat eskatzen dizkiguten espazioak, esaterako, bere logelan lagunekin egoteko, musika entzuteko ... Beraiekin asko hitz egingo dugu deskubritzen ari diren gauzez eta dituzten premiei buruz, baina aldi berean mugak jarriko dizkiegu beren nahiei eta, horretarako, sarri askotan ezetz esan beharko diegu.
Hamaika urterekin, haurrak hasiko dira beraien buruaz arduratzen, beraien eta besteen berezitasunez, beraien eta bere lagunen gaitasunez ... 11 urterekin alde handiak daude haurren artean, are handiagoak direnak arazoei aurre egiteko duten moduari begiratuz gero. Adibidez, askotan galdetzen zaie handiak direnean zer izan nahi duten.
Ideiak "borborka" ateratzen zaizkie; beraz, beharrezkoa izango da ideia horiek ahoz adieraztea, argudioak ematen, logikaz pentsatzen eta senez jokatzen ikas dezaten. Era berean familiarekiko lotura gero eta txikiago izan dadin saiatzen dira.
Besteekin harremanak izateko arazoak dituzten haurrei bidea erraztuko zaie. Beste haur batzuk etxera ekarri ahal izango dituzte. Zailtasunak dituzten egoerak simulatu ahal izango dira, haurrak behar dituen beste aldiz, pixkanaka-pixkanaka beren buruaz seguru egon arte eta bere inguruko jendearekin harremanetan sartzeko gai izan arte edo horretarako trebetasunak eskuratu arte.
ZEINTZUK DIRA GURASOEK HAURREN GARAPEN SOZIALA EGOKIA IZATEKO KONTUAN HARTU BEHARREKO ASPEKTUAK?
Azken ondorio gisa, esan behar da gure seme-alaben garapen soziala ona izan dadin hezi egin beharko ditugula, heziketa lana bukatzen ez den prozesua dela ulertuta. Horretarako kontuan izan behar ditugu, besteak beste, honako alderdiak:
- Seme-alabei etapa bakoitzean duten premiei erantzuteko beharrezko laguntza eskainiko diegu, mugak non dauden garbi markatuta.
- Diplomaziaz tratatuko ditugu beste haurrak eta haien gurasoak.
- Elkarrekin asko hitz egin beharko dugu.
- Errespetua; nork bere burua onartzea eta seme-alabak diren moduan onartzea, eta seme-alabei beren izaera garatzen laguntzea.
- Batzutan huts egingo dugu, baina hutsegiteak ezin dira ebitatu. Hala ere, ezin da akats horiengatik errudun sentitu, aurrerantzean berriro horrelakorik ez egiteko edo behintzat gutxiagotan egiteko erabiliko ditugu akatsok. Errudun ez sentitzearen aholkua gurasoentzat zein seme-alabentzat da, bientzat.
- Senez jokatu beharko da.
- Jarraibide hauek ez dira panazea, orientatzeko baino ez dute balio; beraz, haur bakoitzaren, eta aitaren edo amaren ezaugarriak eta egoera bakoitza kontuan hartuta aplikatuko ditugu.
