Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 8. alea »  Umeen arteko biolentzia

Umeen arteko biolentzia

Ana Elias Aizpuru
Psikologoa
Elikua Zentroa
Olazko plaza 5
Azpeitia 943 81 66 58

NOLA DEFINITUKO ZENUKE BERDINEN ARTEKO BIOLENTZIA?

Lehenik eta behin, haurrek beraien artean dituzten harremananak adierazteko erabiltzen da berdin hitza. Haurren eta nagusien arteko harremanetan ez bezala, haurren arteko harremanetan estatus berdintasuna da nagusi, hau da, beraien arteko harremanek ez dute izaera hierarkikorik.

Bigarrenik, azpimarratu nahi nuke, onarpen handiena izan duen biolentziaren definizioa Olweus-ena izan dela. Olweus-ek honela deskribatzen du berdinen arteko biolentzia: haur batzuek beste haur batzuengandik hitzezko irainak, baztertze soziala, mehatxu psikologikoa eta/edo agresibitate fisikoa gisako portaera iraunkorrak sufritzea, eta haur horiek kideen biktima bihurtzea. (Olweus, 1993).

NOIZ EMAN DAITEZKE BERDINEN ARTEAN BIOLENTZIA EGOERAK?

Bizitzan zehar, haurren gizarte egokitzapenean, oso eragin handia dute berdinekin dituzten esperientziek, baita familian, eskolan eta beste gertuko gizarte-ingurune batzuetan dituztenek ere. Elkarreragin horiek oso garrantzitsuak dira haurren garapenerako; izan ere, beraien garapen sozialean eragin handia izango duten trebetasunak eta portaerak ikasiko dituzte, baita garapen emozionala eta kognitiboa estimulatu ere.

Garapen sozialean eragiten duten trebetasunei eta portaerei dagokienez, badakigu haurrek oso txikitatik esperientzia ludikoen eta taldeko jardueren bitartez beraien agresibitatea kontrolatzen eta gainerakoei mugak jartzen ikasi dezaketela.

Elkarrekikotasuna zer den ikasiko dute, hau da, berdinen arteko idatzi gabeko legea. Ez egin niri, nik zuri egiterik nahi ez duzunik: ni zurekin atsegina izatea nahi baduzu,izan zaitez atsegina nirekin. Nahiz eta lan konplexua den, trebetasun horiek ikasiz gero, negoziazioan eta hitzean oinarrituriko pertsonen arteko harremak eduki ahal izango ditu haurrak.

Bestalde, harreman guztietan bezala, berdinen arteko harremanetan ere gatazkak egon daitezke. Baina, berez, gatazkak ez dira txarrak, afera horri irtenbidea aurkitzeko erabiliko diren estrategien mende dago hori ona edo txarra izatea. Haurrak errespetua eta negoziazioa erabiltzen baditu gatazka konpontzeko, pertsona gisa hazten lagunduko dio elkarreragin horrek; baina, normalean botere-abusua erabiltzen badu, egokiak ez diren pertsonen arteko harremanak azaldu daitezke, eta egoera horrek jarraituz gero, biolentziazko harremanetara bideratu daiteke haurra.

ZER EZAUGARRI IZAN DITZAKETE PARTE HARTZEN DUTENEK?

Biolentzia-fenomenoaren biktimatzat jo ditzakegu honako hauek: arrazoirik gabe beste haur batzuekin agresiboak diren haurrak; erasotzailearen biolentziaren eta krudelkeriaren biktima zuzenak direnak; eta zeharka tartean sarturik dauden haurrak, arazo horiek dauden gizarte-egoeretan bizitzera behartuta daudenez, biolentziaren ikusle eta subjektu pasibo baitira. Biktimen ezaugarriei buruzko ikerketan izandako datuak ez dira homogeneoak, baina, puntu batzuetan bat datoz: generoa eta adina.

Zorionez, eta uste dugunaren aurka, adinarekin behera egiten dute biolentzia- arazoek. Generoari dagokionez, arazo horietan sartzeko eta biolentzia fisikoa erabiltzeko joera handiagoa dute mutikoek. Neskek, berriz, horretarako joera txikiagoa dute, eta zeharkako tratu txar sozialak erabiltzen dituzte.

ZER ERAGIN IZAN DEZAKE PARTE HARTZEN DUTENENGAN?

Ondorioei dagokienez, biolentziak ondorio negatiboak dituela guztientzat erakusten dute ikerketek: biktimek autoestimuaren eta autokontzeptuaren garapenean narriadura jasan dezakete; erasotzaileak ez dira ongi sosializatzen, eta horrek beraien garapen soziopertsonalean eta moralean eragina izan dezake; eta ikusleak ere moralki nahasturik ikusten du bere burua, eta beldur- eta erruduntasun- sentimentuak izan ditzake.

Halere, erasoaren larritasuna eta, beraz, horrek parte-hartzaileengan duen eragina zehazteko orduan, kontuan hartu behar da haurraren heldutasun-maila.

ZER EGIN DEZAKETE GURASOEK EKINTZA HORIEK PREBENITZEKO?

Lehen aipatu dugun moduan, zalantzarik gabe, familiako testuinguruak funtsezko garrantzia du pertsonen arteko harremanetan trebatzeko. Horregatik, familiaren egitura eta dinamika, gurasoen heziketa, anaiarrebekiko harremanak, etab. dira kontuan hartu behar diren funtsezko alderdiak; izan ere, seme-alabengan harreman agresiboak prebenitzeko orduan alderdi babesle edo alderdi arriskutsu bihurtu baitaitezke.

Alderdi guzti horietatik honako hauek azpimarratu daitezke:

  • Gurasoen edo haurraren arduradunaren emozio-jarrera. Jarrera hori erabakigarria da lehen urteetan. Jarrera negatiboen edo maitasunik eta dedikaziorik gabeko jarreren ondorioz, handitu egin daiteke haurrak beste batzuekin dituen harremanetan jarrera agresiboak izateko arriskua. Alderantzizko jarrera izanez gero, haurra jarrera horietatik babestuko genuke.
  • Haurraren jarrera agresiboaren aurrean gurasoek duten permisibitatea. Mugak non dauden ikasiz joan behar da haurra, hau da, zer jo daitekeen gainerako pertsonekiko jarrera agresibotzat. Nagusiek jarrera oso permisiboa izanez gero, haurraren ikuspegia itxuraldatu egiten da eta, ondorioz, lehen alderdiarekin batera erantzun agresiboa sustatzen da.
  • Autoritatea adierazteko metodoak. Haurra zaintzen duten pertsonek beren autoritatea adierazteko normalean zigor fisikoa edo tratu txar emozionala erabiltzen badute, horrek agresibitate gehiago sortuko du haurrarengan, eta ?biolentziak biolentzia dakar? esaldia praktikan jarriko dugu. Haurrak ikasi eta bere egin behar dituen arauak ez dira zigor fisikoaren bitartez irakatsi behar, baizik eta zigor fisikorik gabeko zuzenketa-metodoen bitartez.
  • Familiako nagusien arteko harremanak, gatazkak eta horien maiztasuna, gurasoen arteko eztabaidak eta une horietan seme-alabak aurrean dauden ala ez.
  • Bikotearen arteko eztabaidetan seme-alabak aliatu moduan erabiltzea, haurrak partaide eginez, edo ez.
  • Telebista aurrean igarotzen duten denbora eta telebistaren eta programa batzuen erabilera. Gatazkak konpontzeko erreminta gisa biolentzia ageri ohi da programa batzuetan; ondorioz, haurrak jarrera horiek ohikotzat hartu ditzake.

Hortaz, haurra hezten duten pertsonen maitasunak eta dedikazioak, bidezko jarrerak eta jarrera bidegabeak ongi zehazteak, eta zigor fisikorik gabeko zuzenketa-metodoek, haur independente eta orekatuak sortzen dituzte. Beren berdinekin harreman osasuntsuak izan ditzaten, haurra jarrera agresiboetatik babesten dute jarrera horiek.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI