Gurasoendako galderak
Jose Ramon Fernandez
(Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea)
c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939
1)16 hilabeteko alaba bat daukat eta gero eta kasketaldi handiagoak izaten ditu. Askotan bere burua arriskuan jartzera ere heltzen da, mugimendu zakarrak egiten dituelako eta horrela min har dezakeelako.
Kasu eginda eta besotan hartuta ere ez da lasaitzen. Zer egin beharko genuke, zure ustez, kasu hauetan? Haserrea edo frustrazioa kontrolatzeko gai ez direnean, orduan hasten dira kasketaldiak izaten haurrak.
Lehenengo kasketak, autonomo izateko gogoa sentitzen hasten direnean izaten dituzte, gurasoek eta inguruneak jartzen zaizkien mugekin topo egiten dutelako. Haur txikiengan, autonomo izateko berez pizten zaien gogo horren eta helduen menpe egon beharraren arteko gatazkak frustrazioa eta estres emozionala eragiten dizkie. Zer jantzi, zer sartu ahora eta nora joan, esaterako, eurek bakarrik eta laguntzarik gabe hartu nahi izango lituzketen erabakiak dira, baina ez dira gai horretarako.
Hizkuntza, emozioak adierazteko eta norbere burua erregulatzeko funtsezko tresna dena, ez duten behar bezain garatuta, eta, beraz, ezin dira egoera horietan hizkuntzaz baliatu. Handiagoak diren haurrengan, berriz, kasketak ikasitako jokabideak izan daitezke, hasiera-hasieratik frustrazioa agertzeko erabili izan duten bidea izan delako, eta familia barruan gertatzen diren harremanek bultzatu eta besteengan pizten duten atentzioak indartuta izan direlako.
Kasketa horiek izan ez ditzaten haurren autoestimua indartu beharko dugu, behar duten maitasuna eta segurtasuna eskainita. Haurrari kasu handia egingo zaio, lasai dagoenean ere, eta horrela ez da kasketaz baliatuko gure arreta lortzeko. Arau garbiak jarriko dizkiogu, hau da, ezin zaio esan bakarrik "zintzo izan". Zehaztu egin beharko diogu: "ezin dituzu pertsonak jo".
Hamalau eta hamasei hilabete bitartean, haurrak nagusien aginduei aurre egiten hasiko dira, eta, adin horretan horrela jokatzea normala bada beren izaera eta autoestimua indartzeko baino ez delako, ez dugu ahaztuko kasketa horien aurrean guk geuk egiten duguna funtsezkoa dela, horren arabera kasketak mantendu, desagertu edo gehitu egin daitezkeelako.
Kasu horietan honako estrategiak erabili ahal ditugu:
- Etxea "haurrentzako prestatua" izatea, horrela gurasoek ez diote haurrari hainbeste aldiz ezetz esan beharko.
- Haur txikiei erabaki txikiak hartzeko aukera emango zaie sarritan, betiere adin horretako haurrei eskatzeko moduko gauza bada. Adib.: "Esnea zein edalontzitan hartuko duzu, urdinean ala gorrian?" (konturatu zaitez berak ez duela erabakitzen zer egin -esnea hartzea ala ez-, baizik eta zein edalontzitan edango duen-edalontzi urdinean-).
- Haurraren tenperamentua eta erritmoak errespetatu beharko ditugu, ahalik eta frustrazio gutxien izan dezan. Haur aktiboek, agian, korrika egin beharko dute egunero; eta gose handia dutenek, behar bada, arratsaldeko 5etan merienda hartu beharko dute.
- Ezetz esaten bada ezin da erabakiz aldatu. Guraso askok "EZ" esaten dute, eta esan nahi zutena "uste dut ezetz" zen. Haurrek, berriz, segituan dakite bereizten emandako ezetz hori gogorra den (Ez da labanekin jolasten) edo biguna (ez dago galletarik afaldu aurretik), eta lehenengo kasuan oso gutxitan izaten dituzte kasketaldiak.
- Kasketaldi batean, errazena da haurraren atentzioa lehenbailehen desbideratzea. Eta ezin badugu hori egin, kasketaldia ahaztu eta ez kasurik egin, horrela ez da gehiago gertatuko edo, gutxienez, ez ditugu kasketaldi horiek indartuko. Gurasoak haurrarengandik aldenduko dira pixka bat, bi pausu edo, eta eskuartean zutenarekin jarraituko dute, betiere haurra zainduta, berak minik ez hartzeko edo beste bati minik egin ez diezaion. Ez zaio hitz egingo eta hitz eginez gero ez da ahotsa jasoko ez eta jaitsi ere, era neutralean hitz egingo zaio. Kontuan izan kasketaldi horiek gertatzen ari direla haurrari kasu egiten ez badiogu kasketaldiak indartu egingo direla seguruenik, baina hartutako jarrera horri gogor eutsita kasketaldiak desagertu egingo dira.
- Kasketaldi baten ostean, kontuz haurrarekin erabiltzen dituzuen hitzekin, bere autoestimua kaltetuta gerta daiteke eta. "Gaizki portatu zara" esan beharrean, "kontrola galdu duzu" esango diozue, eta ahal bada ez duzue gertatutakoaz gehiegi hitz egingo.
- Errefortzu positiboa erabili, hau da, behar den moduan jokatzen duenean zoriondu egingo duzue, sari eta maitasunezko hitzen bitartez. Hitz batean, egoki jokatzen duenean baino ez diozue kasu egingo, gaizki egiten duena ahaztuta.
Estrategia horiekin ez bada hobetzen, ebaluazio sakonago bat egin beharko litzateke, behar bada.
