Eskola Kirola. 05/06 ikasturtea
Unai Asurmendi Udaleko Kirol Teknikaria
Eskola kirola etengabeko eraberritze prozesu batean murgilduta daukagu. Aurten ,iaz bezala, itxurazko aldaketa nabarmenik ez da nabaritu, hala ere, sukalde lanean dihardugunok berebiziko ahaleginak egiten ari gara gure ikasleak, eskola adinean egiten dituzten kirol jardueren kalitatea hobetzeko.
Aurten emandako urratsak:
Poliki poliki Bergarako Eskola Kirol Kontseilua egituratzen joan gara. Egitura nagusi honetan udaleko hezkuntza eta kirol sailak bat egiten dute ikastetxeekin. Aurrera begira, kontseilu hau eskolako guraso elkarteak eta kirol elkarteak integratzeko asmoa lantzen ari da.
Ikasturte honetan, lehenbizikoz, Bergarako eskola DENEK eduki dute Eskola Kiroleko Koordinatzaile bat liberatuta ikasle eta gurasoen zerbitzura. Udalak, bere eskola kiroleko koordinatzailearen bidez, kirol elkarteei eta eskolei bere eskola kiroleko kudeaketa lanak arindu dizkie. Bergara da Gipuzkoako udalerri bakarra halako pertsona duena.
Langile egitura hauek guztiak eskolek eta udalak beregain hartu dituzte, ikasleei inongo kuotarik gehitu gabe. Igeriketa sustatzeko kanpainan ere berrikuntzak nabariak izan dira. Beste udalerritan ez bezala, Bergarako Eskola Kirol Kontseiluak DOAKO hezkuntza zerbitzu honetan berrikuntza nabari bat txertatu du: PLISTI PLASTA akordio. Akordio honen bidez ikasmaila bakoitzeko tutorea igeriketa hezitzaileekin harremanetan jartzen da ikaslearen hezkuntza interbentzioa adosteko. Programa honetatik 500 bat ikasle pasatu dira, 20 egunetako 7 txandetan. Bergarako ikasleekin batera Antzuolakoak etorri dira.
Aurten eta hasera batean zailtasunak ekarri bazituen ere, eskola kiroleko jarduera guztietarako KUOTA berriak aplikatu dira. Horrekin, eskola kirolari lotuta zeuden eragile guztiek (Eskolak, kirol elkarteak, enpresak,...) esku hartze ahalmen eraginkorragoa izango dute. Datorren ikasturteari begira ez da aldaketarik egingo.
Orohar, 640 eskola kirol lizentzia tramitatu dira aurten. Hauetatik, kirol aniztasuneko 260 benjamin eta alebinak izan dira. Jarduera hauetan ikasle/irakasle ratioak jaitsi dira. Horrekin hobeto lan egiteko aukera egon da, horrez gain, begiraleek ere hilean behin programazioa lantzeko aukera izan dute. Larunbatetako ekintzei dagokionean, aurten topaketei garrantzi gehiago eman nahi izan zaie. Hala ere, oraindik orain, ikasleen artean, larunbatetako liga partidek arrakasta gehiago dute.
Gazteei dagokionean, (12-18 urte bitartean), Natur Jarduera (Eskalada, irristaketa eta piragua) eta Batuka eskaini zaie azken hiru hilabeterako. Lehenak arrakasta oso gutxi eduki duen bitartean bigarrena erabateko arrakasta izan da. Datorren ikasturteari begira, eskaintza urte osokoa egingo da.
Hauek guztiak aurten erein eta datorren urtean jaso beharreko uztak izango dira, baina urratsez urrats eskola kirol anitz eta ireki batengatik jarraituko dugu lanean.
