Eider Hormaetxea y
Maider Petralanda
Etorkintza Fundazioko Prebentzio Teknikariak
Lagundu!...
Asteburuetan hasi dira irteten nire seme-alabak
Hainbeste kezkatzen gaituen aurrenerabezaroan edo nerabezaroaren sartzen dira 11, 12 edo 13 urtetik aurrera gure seme-alabak, aldi horretan aldaketa ugari izaten baitituzte gorputzean, emozio-alorrean eta gizarte-alorrean. Guregandik "aldentzen" hasten dira, beraien lagunen iritziari gureari baino garrantzi gehiago egiten diote, eta lagunekin denbora gehiago igarotzea nahi izaten dute. Aldaketa handiko aldia da eta horrek gurasooi ere eragiten digu; horregatik, beharbeharrezkoa dugu egokitze-prozesu bati jarraitzea.
Zer adinekin hasten dira asteburuetan lagun-taldearekin irteten?
Ez dago adin zehatzik lagunekin irteten hasteko. Pertsona bakoitzaren, bizi duen testuinguruaren, lagunen bizilekuaren eta abarren arabera lehenago edo beranduago hasiko dira lagunekin irteten. Halere, esan daiteke, gutxi gorabehera, lagunekin irteten hasteko batez besteko adina 12 urte direla.
Zure seme-alabak eta beraien lagunak herri batean bizi badira, ohikoena da hirian bizi diren gazteak baino lehenago hastea lagunekin irteten, hirian bizi direnek hirian zehar barreiaturik izaten baitituzte beraien lagunak.
Pertsona batzuek beste batzuek baino gogokoago dute lagunartean egotea; baina, gure seme-alabak 16 urtetik aurrera lagunekin irteten ez badira asteburuetan, pentsatzekoa da arazoren bat izan dezaketela.
Zer ordu arte komeni da irteten uztea?
Etxera itzultzeko orduak buruhauste ugari sortzen die gurasoei. Zer ordu arte irteten utzi erabakitzeko honako irizpide hauek erabiliko ditugu: gure seme-alaben adina, testuingurua, urteko sasoia, lekua, etab. Ez da berdina negua edo uda izatea, herri txikian edo hirian bizitzea, edo herriko jaiak izatea. Irizpideak argi izanik, zentzuz jokatzea da onena; izan ere, gai horrek negoziazio gehiago beharko baitu gure seme-alabak haziz doazen heinean.
Ohikoa da gure semealabek beraien lagunei beranduago etxera itzultzen uzten dietela esatea.Egoera horren aurrean zer egin dezakegu?
Garrantzitsua da manipulatzen ez uztea. Gure irizpideak erabili behar ditugu eta ahal den neurrian gure seme-alabekin adostu. Malguak izaten ere ikasi behar dugu; lagunak ordu erdi beranduago itzuli behar badira, baliteke komenigarria izatea gure jarrera biguntzea.
Zer alderdi positibo ditu arratsalde-gauez irteteak?
Gure seme-alaben heziketarako une eta gune garrantzitsuak dira, sozializatzen, harremanak izaten, trebetasun batzuk erabiltzen, komunikatzen eta erabakiak hartzen ikasten baitute.
Horretaz gain, beraien autoestimua handitzen da, talde-sentimendua eta rol bat hartzen dute eta beraien heldutasunerako behar beharrezkoak diren oinarrizko behar batzuk betetzen dituzte. Halere, denbora-pasa gisa ikusten dugu gurasook gure seme-alabak arratsalde-gauez irtetea, eta onak diren alderdiei baino garrantzi handiagoa ematen diegu arriskuei. Gainera, sari edo zigor gisa erabiltzen dugu gai hori, horren inguruan inolako gogoetarik egin gabe.
Nahiz eta arratsalde-gauez lagunekin irtetea ona den, arriskuzko egoerak edo egoera gatazkatsuak ere badira. Zer egoera arriskutsu eman daitezke?
- Drogen gehiegizko kontsumoa. Gutxi gorabehera 13 urterekin hasten dira tabako eta alkohola kontsumitzen.
- Portaera jakin batzuk, arriskugarriak edo agresiboak.
- Adinarekin bat ez datozen egoera korapilatsuak ikustea eta bizitzea. Egoera konplikatuak ez dituzte gauetan soilik ikusiko, beraien bizitzan zehar ere aurkituko dituzte. Garrantzitsuena ez da egoera horiek gure semealbengandik urruntzea, baizik eta egoera horiei aurre egiten jakiteko erremintak eta baliabideak ematea. Erremintak eta baliabideak emateari buruz hitz egiterakoan, trebetasun sozialetan hezteari, nortasun autonomoa garatzeari, beraien erabakiak hartzen eta horien erantzule izaten ikasteari, autoestimua eta autokontzeptua sustatzeari, eta balioak, arauak eta mugak izateari buruz hitz egiten ari gara. Gure seme-alabek drogak kontsumitzea da guraso gisa gehien arduratzen gaituen egoeretako bat.
Zer egin dezakegu familiatik drogen kontsumoa prebenitzeko?
- Gizarteko hainbat esparrutatik aurrera eraman behar den lana da prebentzioa. Horregatik, ez da eskolaren gain soilik utzi behar lan hori, ardura guztia irakasleen eta hezitzaileen eskuetan utziz. Heziketako eragile nagusiena familia da, eta, seme-alabaren heziketaren arduradun gisa, ezinbestekoa da drogazaletasunaren prebentzioan familiaren parte-hartzea.
- Ez larritu. Substantzien kontsumoa bizitzako etapa horren barruan dago; etapa horretan beste portaera-ezaugarri batzuk ere izaten dira, kontsumoa horietako bat besterik ez da.
- Era asko daude familian gai horri buruz hitz egiteko, baina egokiena drogei buruz naturaltasunez hitz egitea da.
- Drogei eta horien eraginari buruzko informazioa garrantzitsua da, baina, ez da nahikoa. Balioetan heztea, komunikatzea, autoestimu osasuntsuaren garapena sustatzea, etab. funtsezkoak dira drogekin izan ditzaketen arazoak prebenitzeko.
- Garrantzitsua da bikote barruan seme-alabak hezteko moduaren inguruan adostasuna izatea. Bestela, esate baterako, gerta daiteke guraso batek erabaki bat hartu eta semealabari horren berri ematea, eta ondoren beste gurasoak erabaki hori ezeztatzea. Horrelako egoerak saihesteko, gaien inguruan lasaitasunez hitz egitea eta erabakiak elkarrekin hartzea da onena.
- Arauei dagokienez, horiek ulergarriak, gutxi eta ahal den neurrian adostuak izan behar dira.
- Gure seme-alabekin komunikazio naturala izan behar dugu. Beraien lagunei buruz eta non ibiltzen diren galdetu (estutu gabe), eta taldean nola jokatzen duten begiratu. Azken finean, apur bat adi egon behar gara, baina bere bizitzaren inguruko guztia jakiteko asmorik gabe.
- Beharrezkoa izanez gero, Udaleko Prebentzio Zerbitzura deitu eta jo dezakezu. Bertan, aholkua jasoko duzu eta izan dezakezun edozein zalantza argituko dizute.
Zer egin dezakegu seme/alabaren bat mozkorturik etxera itzultzen denean?
1.- Hurrengo egunean hitz egin. Une hori ez da ona errieta egiteko, ezta elkarrizketa bat izateko; onena hurrengo egunera arte itxarotea da.
2.- Hurrengo egunean saiatu zaitez elkarrizketa bat izaten ingurune lasai batean. Garrantzitsua da lasai egotea, ez mehatxatzea, ez zigortzea, ez epaitzea, ez itauntzea, ahotsa ez altxatzea eta seme/alabak bere bertsioa ematea. Seme-alabek kontsumoari eta horren ondorioei buruz gogoeta egitea izan behar da bileraren helburua.
Elkarrizketa horrek konfiantza-, konpromiso- eta erantzukizun-giroa sortzen du, eta hori zigorra baino eraginkorragoa izan daiteke.
