Bergara.net

Zergatik eskolaratu umeak biurterekin, sei urte bete arte derrigorrezkoa ez bada?

Natividad Sanchez Marco
Pedagogo Terapeuta
Psikomotrizista

Bi urteko umeak eskolatzea ez da behar ebolutiboa, soziala baizik. Umeak eskolatzen direnean, haien ezaugarriak eta behar pertsonal eta ebolutiboak errespetatzeko baldintzarik egokienak bilatu behar ditu gizarteak.

Lehenengo eskolatzea lehenengo bereizketa instituzionala da, bai familiarentzat, baita umearentzat ere, eta bi aldeek bizitasun handiz har-tzen dute une hori, hainbat sentimendu azaleratzen baitira. Une pozgarria da, umeak handitzen ari direlako, baina mingarri ere bai, nolabaiteko galera dakarrelako.

Umeek ezagutzen ez dituzten egoera, espazio eta pertsona berriei egin behar diete aurre. Egoera, espazio eta pertsona horiek ere ez dituzte haurrak ezagutzen, eta horrek segurtasun eza eragiten die. Ohitura eta jokaera berriak aurkitzen dituzte eta, ziur aski, askotan ez dira haien beharretara egokitzen. Elementu berri asko dituzte, eta egoera horretan, haur bakoitzak bere egokitzeko tresnak eta bereizteko prozesua sortu eta garatu behar ditu. Familiaren eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana oinarrizkoak dira, nola eskolatzearen hasieran hala Haur Hezkuntzako prozesu osoan. Familiak ez ditu bere heziketa- beharrak eskolaren esku utzi behar; alderantziz, eguneroko bizitzan behar horiek betetzen jarraitu behar du, maitasunez eta zentzuz jokatuz.

Haurrek eta arduradunek bizi beharreko moldaketa berri bakoitzaren aurrean, garrantzitsua da lehenengo harremana atsegina eta egituragarria izatea, eta bereizteko prozesuaren protagonistak haurrak izatea. Bi urteko adina oso une berezia da umeak eskolatzeko, lotura eta bereizketa direla eta. Horregatik, kontu eta arreta handiz jokatu behar da, prozesuan zehar umeen segurtasuna ahalik eta handiena izan dadin. Bereizteko prozesuak bi aldeen gain du eragina, lehenago esan dudan moduan, eta horrek zerikusi handia dauka familia bakoitzak seme-alabekin eskolatik kanpo duen historiarekin, bakoitzak bereizketak bizitzeko duen moduarekin, hain zuzen. Nolanahi ere, prozesu guztiak ez direnez berdinak, ume bakoitzari egokitutako erantzunak ematen saiatu behar dugu.

Zer onura dakarren:

Adin horretan eskolatzea, berez, ez da derrigorrezkoa. Hala ere, zailtasunak dituzten familia batzuen kasuan, Eskolak laguntzeko eta konpentsatzeko eginkizun interesgarriak bete ditzake. Beraz, ez da nahitaezkoa, baina ezta traumatikoa ere, oinarrizko baldintzak zainduz gero.

Ildo horretatik, oinarririk funtsezkoenetakoa gela eta heldu bakoitzeko ume-kopuruaren gaia da, eta halaber, profesionalen prestakuntza, lanbaldintzak, espazioak, materialak, denborak (eskolan ematen den ordu-kopurua, jarduteko eta atseden hartzeko erritmoak, mugitu eta geldi egotekoak, etab.) eta metodologia, besteak beste. Alderdi horiek guztiak zainduz gero, umeak 6 urte bete aurretik eskolatzea, derrigorrezkoa ez bada ere, onuragarria izan daiteke.

Abenduan 2 urte betetzen dituzten haurrak norekin eskolatu behar dira, urte berean ala aurreko urtean jaiotakoekin?

Muga nonbait kokatu beharra dago, eta ildo horretan, umeen adinen arteko desberdintasunei zorrotz erreparatzea da garrantzitsuena. Hala ere, argi dago helduak desberdintasun horietara egokitzeko nahitaezkoa dela talde txikiak edukitzea (heldu bat, gehienez, 12 haurrekin edo, hobeto, 8 edo 10ekin).


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI