Erabilera erreala eta espero daitekeen erabilera
Aurreko adibidearen oinarria matematikara ekarrita, J.L. Alvarez Enparantzak Txillardegik espero daitekeen erabilera kalkulatzeko eredua sortu du. Ikus dezagun jarraian Bergaran egindako eredu horren aplikazioa.
Bergarako euskararen ezagutza, 2001eko erroldaren arabera, % 70 da. Espero daitekeen erabilera (edo erabilera isotropiakoa) ondorengo formularekin kalkulatuko dugu:
PB = mB (w2ex2 + w3ex3+ w4ex4)
- PB=euskararen erabilera maila
- mB=euskararekiko leialtasuna
- w2=bikotearen pisua
- w3=hirukotearen pisua
- w4=laukotearen pisua
- eX=elebidunen proportzioa
Euskararen erabilera maila:
1(0,5488·0,7002 + 0,2862·0,7003 + 0,1650·0,7004) = 0,262 = % 40,7
Hortaz, Bergarako biztanleen arteko zorizko harreman posibleetan, estatistikoki espero daitekeen euskararen erabilera % 40,7 da. 1. grafikoan ikus dezakegun moduan, kale neurketak ematen dituen emaitzak inguru horretan dabiltza, batzuetan gainetik (2005ean, adibidez, %45,4) eta beste batzuetan azpitik (2004an, %36,9).
12. grafikoa. Espero daitekeen erabilera eta urtez urtekoa (%).

Esan bezala espero daitekeen erabilerak zera adierazten du: herriko edonork beste edonorekin hitz eginez gero (ausazko konbinaketak eginaz), zenbat aukera dauden estatistikoki biak euskaldunak izateko. Beste era batera esanda, euskaldunek, aukera duten egoera guztietan (leialtasuna %100) euskaraz egiten dutela suposatuz, erabilera zenbatekoa litzatekeen.
Hau erreferentzia teorikoa da, dena den. Jakin badakigu praktikan:
a) euskaldunen leialtasuna ez dela % 100ekoa izaten: euskara dakitenen arteko elkarrizketak ez direla kasu guztietan euskaraz izaten.
b) herriko edonork ez duela praktikan beste edonorekin harremanik izaten (harreman gehiago dugu gure ingurukoekin, adin berekoekin eta herriko zenbaitekin ez dugu praktikan inoiz harremanik).
Espero daitekeen erabileraren inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, Txillardegiren eredu matematikoa eta erabilera isotropiakoa" eranskinera jo dezakezue.
