Sarrera
Erabilera neurtzearen beharra
Jaitsi hemen sarrera (pdf formatua, 88kb)
Euskararen egoera ona den edo txarra den, hobera doan edo okerrera doan galdetzen digutenean, askotan ez dugu jakiten nola erantzun, eta sarri erantzuna bera oso modu subjektiboan ematen dugu. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa zaigu euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzeko aukera ematen diguten datuak izatea, eta datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kaleko euskararen erabilera, hain zuzen ere.
Badira beste hainbat datu (erroldako ezagutza datuak, ikastetxe eta euskaltegietako matrikulazio datuak...) herriko hizkuntza egoera ezagutzeko baliagarri direnak. Hala ere, herrian euskararen normalizaziorako ahaleginen ondorioak eta denborarekin gertatzen diren aldaketak eguneroko erabileran islatzen dira gure herriko esparru bakoitzean, besteak beste, herriko kaleetan. Kaleko erabileraren neurketak, hortaz, errealitate horren berri ematen digu modu zuzen eta objektibo batean.
Kontuan izan behar dugu, hizkuntza egoerari buruz ematen diren datu gehienak, oro har, hiztunek inkestetan aitorturiko datuak direla (erroldakoak, inkesta bidezko ikerketak, etab.). Hau horrela da, besteak beste, erabilera modu errealean neurtzea ez delako erraza izaten. Txosten honek kalean behaketa zuzenaren bidez lorturiko datuak eskaintzen ditu.
