Berriketan egitasmoa

Loturak
Izena emateko orria (pdf formatua, 102kb)
Zer da Berriketan proiektua?
Euskaldun berriak euskaldun zaharrekin elkartuz, berba egitea errazten duen proiektua da; izan ere, erabiltzea da hizkuntza ondo ikasteko modurik onena eta proiektu honek horixe ziurtatzen du: astean ordu batzuetan euskaldun berriak (euskaltegitik kanpo) euskaldun zaharrekin berriketan egotea. Hau da, euskara ikasi eta euren ingurunean euskaraz berba egiteko aukera gutxi daukatenei euskaraz jarduteko aukera naturalak eskaintzea.
Proiektuaren bultzatzaileak:
Bergarako Udaleko Euskara batzordea, Udal Euskaltegia, Akulu-AEK Euskaltegia eta Jardun euskara elkartea.
Egindako bidea

2006ko urtarrilean ekin genion egitasmo honi Bergaran eta 21 euskaldunberrik eta 16 euskaldunzaharrek izena eman ondoren, 11 taldetxo (2, 3 edo 4 lagunekoak) astero elkartu ziren martxotik ekainera bitartean. Ondoren, 2006-2007 ikasturtean ere 12 talde ibili ziren eta 2007-2008an ere 15 taldek parte hartu zuten asteroko berriketaldietan. Partaideek eta antolatzaileok ere oso interesgarritzat jotzen dugu ekimen hau, euskararen erabilera bultzatzeko helburuari begira eta 2008-2009an ere ildo beretik jarraituko da.
2008-2009an publizitatea bi modutan egingo da, bat Bergarakoa bertakoa baina baita Topagunetik antolatutakoa ere; izan ere, euskara elkarteen federazioa ( www.topagunea.org ) arduratzen baita udalerri desberdinetako mintzapraktika egitasmoak koordinatzeaz.
Parte hartu
Partaide izan nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak antolatzaile diren 4 erakunde hauetakoren batera jo dezake: Jardunera (943-763661), Udaleko Euskara Zerbitzura (943-779166), Udal Euskaltegira (943-764453) edo Akulu-AEK Euskaltegira (943-770369).
Partaide izan nahi duen bakoitzak adieraziko du zein egunetan, zein ordutan eta zein egoeratan (zerbait hartuaz, paseatuaz, umeak zainduaz...) elkartu daitekeen eta bizpahiru laguneko taldetxoak osatutakoan, hitzordua jarri eta berriketan egitea da proiektuaren oinarria; hortaz, ez dira euskara-eskolak, euskaldunzahar zein euskaldunberriek borondatez egiten duten jarduera bat da eta.
Asteroko hitzorduez gain, eta batzuek asti gehiago baldin badaukate, ekintza osagarri batzuk ere antolatu ohi dira: afariak, irteerak, mendi ibilaldiak, tailerrak, kultur ekitaldiak... Partaideek diotenez, oso interesgarria da euskara praktikatu nahi dutenentzako eta baita normalean euskaraz egiten dugunok euskara ikasten diharduten horiekin euskaraz berriketan eginez lagun berriak egiteko ere. Hortaz, ANIMATU! astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue eta.
