Euskara maila apalekoentzako euskara indargarriak

Loturak
Sarrera
Dagoeneko badira 15 bat urte Bergarako Udala ikastetxeekin batera euskara maila apaleko umeei eskola orduz kanpo indargarriak eskaintzen hasi zela. 2003az geroztik, berriz, aurrekoez gain, etorkinentzako aparteko saioak ere eskaintzen dira. Azkeneko urteetan Jardun euskara elkartea arduratzen da, saiook antolatu eta emateaz. Udaleko Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, dirulaguntza bidez eta antolaketan lagunduz hartzen du parte.
Bestalde, aipagarria da kasu guztietan ere ikastetxeek duten parte-hartzea, alde batetik, laguntza behar duten ikasleak saioetara animatzerakoan eta baita ikasturtean zehar gurasoekiko harremanak bideratzen ere.
Hona hemen ikastaroon gaineko informazioa:
1.- Etorkinentzako euskara indargarriak
a) Helburuak
Saioon helburuei dagokienez, esan beharra dago ez dela kasu guztietan helburu bera izaten ume edo gaztearen adina, jatorria... baldintza handiak dira eta. Berez, helbururik orokorrenak hauek dira:
- Ume eta gazteek derrigorrezko eskola garaian euskara maila egokia lortzea,
- bertako ume eta gazteekin euskaraz jarduteko gai izatea eta
- integrazio prozesuan laguntzea. Baina hori aurrez aipatutako baldintzen arabera, batzuekin lortuko da eta beste batzuekin ez. Besteekin tarteko helburuak lortuko dira: hizkuntza ulertzea eta maila batean hitz egitea, eskola prozesua ahalik eta egokien bideratu ahal izatea... Berez, saiook ahalik eta modurik ludikoenean eskaintzen zaizkie. Horretaz aparte, etorkinak ez diren ikasleekiko harremanak sustatzeko elkartzeak ere bideratzen dira eta maila hobetzen doazen heinean indargarri orokorretara pasatzen dira.
b) Taldeak
Adinaren arabera bi multzo bereizten dira: 5-12 urte bitartekoak eta 12-16 urte bitartekoak. Adin tarte horietako etorkin guztiei egiten zaie gonbita eta borondatez parte hartu nahi dutenak etortzen dira; dena den, irakasleek ere lan handia egiten dute ikasleak eurak animatzen, kasu batzuetan gurasoekin ere berba eginda.
b.1.) 5-12 urte bitartekoak
- 2006-07 ikasturtean, guztira 30 ikasle dabiltza bi taldetan banatuta:
- Haur Hezkuntzako azken kurtsoa eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. maila.
- 4., 5. eta 6. maila.
- Urriaren hasieratik maiatzaren amaierara arteko ikastaroa.
- Tokia: Arrizuriaga jauregia. (Espoloian).
- Astean lau egunetan dira eskolak, aldiko ordubete eta laurdenekoak.
b.2.) 12-16 urte bitartekoak
- 2006-07 ikasturtean 7 ikasle dabiltza, urritik maiatz amaiera bitartean.
- Ordutegia: 18:30 ? 19:45.
- Egunak: astearte, asteazken eta ostegunak.
- Tokia: Udal Euskaltegia.
2.- Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitartekoentzako euskara indargarri orokorrak
a) Helburuak
Saioon helburu nagusia honakoa da: Lehen Hezkuntza amaitzean umeek euskaraz normaltasunez hitz egiteko gaitasuna izatea eta, bide batez, euskaraz hitz egiten duten beste umeekin harremanak sortzea. Helburu zehatzagoetara joz, berriz, honakoak aipa genitzake:
- Bost eta bederatzi urte bitarteko haurrekin ahozkotasuna lantzea eta hitz egiterakoan zuzentasuna eta jarioa lortzea.
- 10-12 urte bitarteko neska-mutikoekin ahozkotasuna lantzeaz gain gramatika jorratzea.
- Haur eta gazte hauek euskararekiko jarrera positiboa izatea.
- Beraien ohiko bizitzan euskara geroz eta gehiago erabiltzea.
Helburu horiekin urtero bi ikastaro mota eskaini izan dira: alde batetik, eskola orduz kanpo ikasturtean zehar eskaintzen dena eta, bestetik, irailean eskaini ohi den barru-ikastaroa. Hona hemen bakoitzaren ezaugarriak:
b) Ikastaroak
b.1.) Ikasturtean zeharrekoa
- Eskola orduz kanpo eskaintzen dira.
- Talde txikietan eta modu ludikoan euskara lantzeko saioak izaten dira.
- Urriaren hasieratik maiatzaren amaierara artekoak izaten dira.
- Arrizuriaga jauregian (Espoloian).
- Talde bakoitzak astean ordubete inguruko pare bat saio izaten ditu.
- 2006-2007an 36 ikasle dabiltza guztira.
b.2.) Iraileko barru-ikastaroa
Honakoa da ikastaroaren helburu nagusia: Udan euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duten haurrei ikasturte berria hasi aurretik euskara suspertzeko gunea eskaintzea. Programa hau euskara indargarrietan ibili diren haurrei zuzenduta badago ere, euskara maila apala duen Lehen Hezkuntzako edozein haurrek hartu dezake parte. Aldiko 4 eguneko egonaldiak egiten dituzte aterpetxe batean. 2006. urtean 25 umek hartu zuten parte.
