Gehixago eta hobeto programa
4.1- Akatsak lantzeko baliabideak.
· Ikastetxeetan lantzeko materiala
4.1.1.c- Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa estrategien ezaugarriak.
4.1.2.- Formaziorako baliabideak.
4.1.2.a- Apatxi aldizkaritxoa.
4.2- Formaziorako baliabideak.
4.2.2- Liburua: Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak.
Hizkuntza normalizatuetan gurasoak, nagusiak, izaten dira umeen hizkuntza eredu. Euskararen kasuan askotan ez da hori betetzen; kasu batzuetan nagusiek jakin ere ez dakitelako eta beste batzuetan beren euskara gutxietsi eta ez dutelako eginkizun hori euren gain hartzen.
Eta, are okerrago, gertatu ohi da batzuetan ondo egiten duten guraso edo aitajaun-amandreek umeen akatsak zuzendu beharrean umeen akatsak berenganatzea ere. Nire zorionak dira, Realak ondo jolastu dau, betiko bezala... ez dira ibili izan oraintsu arte gure inguruko euskaldun onen ahotan, baina gaur gutxien uste denak botatzen ditu.
Egoera horretaz kezkaturik, 1999. urtean Bergarako ikastetxeek, Eibarko Berritzeguneak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak herri mailako programa bateratua abian jartzea erabaki zuten: Gehixago eta Hobeto programa.
Gaur egunean, aipatutako talde horiek eta Jardun euskara elkarteak, Akulu-AEK-k eta Udal Euskaltegiak ere parte hartzen du programan.
Programaren bitartez, ahal den neurrian, bergararren ahozko euskara hobetzea lortu nahi da; eta, batez ere, akats ohikoenak zuzentzea. Eta, Bergaran, normalean, ahozko komunikazioan euskalkia erabiltzen denez, programak ere euskalkia du langai.
Programako hartzaile nagusiak haur eta gazteak eta hizkuntza jarraipenean protagonismo handiena duten giza-multzoak dira: gurasoak, irakasleak, entrenatzaileak, astialdiko begiraleak... Beraz, programaren pisu nagusia eskolak hartzen du baina ahalegin berezia egin dugu hizkuntza transmisioan eragin handiena duten beste taldeengana ere iristeko.
Sarreran esan bezala, 1999. urtean ekin zitzaion programa honi eta, harrez gero, baliabide ugari erabili izan dira. Jarraian horien azalpen laburra egiten saiatuko gara.
4.1- Akatsak lantzeko baliabideak

Hasieran unitateak batuaz idazten genituen, baina 2002an euskalkian idaztea erabaki zen, batik bat ahozkoa hobetzeko ahaleginak egin nahi diren arren, euskalkiak idatzikoan ere presentzia izan dezan. Horretarako, Badiharduguk bultzatutako lan-taldeetan onartutako irizpideak jarraitzeko ahalegina egin da. Ikus).
Programaren helburua adieraztean esan dugu, batez ere, akats ohikoenak zuzentzera bideratua dagoela. Zehatzago esanik, esan beharko genuke akats gramatikalak zuzentzera bideratuta dagoela.
Unitate didaktiko bakoitzean normalean bizpahiru akats landu ohi dira. Akatsok, batzuetan, elkarren artean loturarik ez dutenak izan dira eta beste batzuetan, ikasturte osoko lanketari batasun bat eman guran, gai bat aukeratu (joko eta jolasak, adibidez) eta gai horretako hizkuntza baliabideak eta hizkuntza akatsak landu izan dira.
Arlo guztietako akatsak jorratu dira: aditzari dagozkionak, morfosintaxiazkoak, lexikoarekin lotuak, gaztelaniazko lokailuak erabiltzea... (ikus unitateetan landutako akatsen zerrenda: Unitateak-99-2007 tartian zer landu den.doc) Adibide gisa, hona hemen jorratutako akatsetako batzuk:
- Nor / Nor-Nork nahasketa: hankia apurtu naiz, balkoitik bota da.
- Singularra / plurala: praka gorrixak jantzi biot.
- -t(z)ea egin: jatia egin dosta.
- Jo: ostikadia jo dost, atiakin jo naiz.
- Eragin: jatia egin dosta.
- Baliotu: baliotzen dau.
- -a egin: pailazoa egiten dabil.
- Baino ago: zure baino haundixagoa.
- Baleike: baleike jun komunera.
- Bezala: zure bezala, betiko bezala.
- buruz: zure buruz berba egin dogu.
- Ere: ezebezena, iņobezekin.
- -rena berba egin / gustau / fixau: zuria berba egin dogu.
- Zertara jokatu: futbolera jokatu.
- Erdarazko lexikoa: moratoia, koskorroia...
- Generoa pluralean: maisuek esan doskue
- Ume hizkera: lolitos, chupetito, patxito...
- Zorionak: nire zorionak dira.
- Erdaratiko lokailuak: ake, asike, aunke...
Edukiari dagokionez, unitate didaktiko guztiek, eduki bertsua izan ohi dute, 3 atalotan labur dezakeguna:

- Ikastetxeetan lantzeko materiala. (ikus unitate bat, eredu moduan: 05-06-1.unitatea-Heziketa fisikoa1.doc). Oro har, honako edukiak izango ditu:
- Unitatearen helburuak eta egitura. Irakaslearentzako aurkezpen atala da. Bertan, unitatearen egitura eta irakasmaila bakoitzean lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak.
- Landuko diren akatsen azalpen gramatikalak eta proposatzen diren eredu zuzenak. Zein den akatsaren jatorria, zeintzuk bertako ordezko zuzenak, zeintzuk zabalduenak, eta abar.
- Akatsak lantzeko ariketak. Hauek ere mailaka bereiztuta: txikienendako ahoz lantzekoak eta LHko 3. ziklotik gorakoentzako ahoz lantzekoak eta baita ariketa analitiko apur batzuk ere.
- Ariketa analitikoen erantzunak.
- Ariketa bakoitzarekin lotutako eranskinak.
- Bibliografia-erreferentziak: Unitatea osatzeko erabilitakoak edota akatsaz gehiago jakin nahi duenarentzat edota ikastunitatean landu ez diren beste testu erabilgarri batzuk aipatuaz: ipuinak, kantak eta abar.
- Gurasoentzako materiala. Bertan, eskoletan landuko diren akatsen azalpen laburra agertu ohi da, euren adibideekin eta ariketa batzuekin. 4 orrialde izan ohi ditu, A-5 formatura pasatu eta orri bakarrean banatzen zaiena eskolatik gurasoei. Gurasoendako atal honen bi ale osatzen dira, bata euskara hutsean eta bestea ele bietan, euskaraz ez dakiten gurasoentzat. (Eredu moduan bat lotu: unit didak-gurasuendako atala.doc)
- Proposamen berezien atala. Unitatean landu diren akatsez aparteko proposamenak dira. Normalean hizkuntza eredu egokiak bultzatzeko helburua dutenak. Hau ere mailaka bereiztuta, proposamen bat edo bi HHrako, proposamen bana LHko ziklo bakoitzerako eta beste proposamen bat edo bi Bigarren Hezkuntzarako.
- Kartelak. Gaur egun irudiak indar handia daukala eta, 2005eko apiriletik aurrera hormetan apaingarri gisa jartzeko kartel apur batzuk ere egiten dira unitate bakoitzaren osagarri, unitatean landutako akatsen batzuen eredu zuzenak agertuaz. (Eredu bat txertatu: unit didak-kartela.doc)
4.1.1.c- Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa estrategien ezaugarriak
Adin-tarte guztiek ez dute hizkuntzarekiko eta hizkuntzaren jabetzarekiko harreman bera. Beraz, bai adin bakoitzean erabiliko diren zuzenketa estrategiak erabakitzerakoan eta baita horretarako sortuko diren ariketak sortzerakoan ere kontuan hartu beharrekoa da harreman hori. Mugak zehaztea oso zaila bada ere, hona hemen adin-tarte bakoitzaren ezaugarriak (Nora Palmitano, hasierako unitate didaktikoen sortzaileak prestatua):
- 3 - 7 urtekoak: Hizkuntza osatuz doaz. Ezin dugu esan huts egiten dutenean benetako akatsa den ala tarteko hizkeraren urrats iragankorra. Ez dute ikasten, hizkuntza bereganatu egiten dute, besterik gabe. Akatsetan eta forman ez dute arreta jartzen, edukia da inportanteena.
Horregatik, adin honetan, jasotzen dituzten ereduek dute garrantzia: irakasleen eta gurasoen hizkera, eta erabiltzen duten materiala (ipuinak, jolasak, abestiak...). Honen kalitate eta kantitatea zaindu behar dira, eredu zuzenak eta ugariak maiz, etengabe, eskainiz.
- 8 - 11 urtekoak: Akatsez jabetzen dira, askok oso gogor zuzentzen die gurasoei, beste askok guraso erdaldun traketsari erdaraz egiten dio. Beren gaitasun guztiak garatzen dituzten heinean arlo guztietan hobetu nahi dute.
Adin honetan beraz, aurrekoak baztertu gabe, akatsak identifikatu eta zuzentzera bideratutako materiala ere erabili beharko da. Bide egokiak erabiliz etxean duten jarrera berbidera daiteke.
- 12 - 16 urtekoak: Euskararen erabilerari buruzko ikerketek adin honetan aurkitu dute inflexio-puntua. Batzuen ustez adin honetan hizkuntz aukeraketa egiten dute gazteek, eta kopuru handi batek euskara alde batera uzten du.
Adin honetan, hausnarketa egiteko gaitasuna dute, beren nortasuna definitzeko saioak egiten dituzte, gizartean eragiten hasten dira. Gazte hauek euskara eta herriko hizkeraren arazoa azter dezakete, zein den akatsen jatorria eta nola zabaltzen diren. Gazteek, ahozkoaren akatsak eta galera herri arazotzat hartuz, horren aurrean beraien rola definitu beharko lukete.
Beste autore batzuk ere nahikoa bat datoz planteamendu honekin. Adibidez, Roy Lister eta Leila Ranta ikerlariek LHko 4. eta 5. mailako umeekin egindako azterketa baten arabera, adin-tarte horretan estrategiarik emankorrenak bost hauek lirateke:
- Ikasleari forma egokia nola izango litzatekeen galdetzea: "nola esaten da ondo?"
- Pista metalinguistikoak eskaintzea, hau da, adierazpenaren zuzentasunaz galdetzea, forma egokia inondik inora esan gabe: "hori ondo dago?, etxeak singularra ala plurala da?"
- Argitzea eskatu: "ez dizut ondo ulertu, zer jo dotsazu"
- Erabili den forma desegokia errepikatu. Errepikapen hau zerbait ondo ez dagoela adieraziko duen tonu bat erabiliz egin beharko da: "jo dotsut!?"
- Zuzenketa esplizitoa: ez da "jo dotsut" esaten; "jo zaitut" esaten da.
Akatsak lantzeko gune nagusia eskola da. Edozein modutan, eskolaz gain, beste eremu batzuetara ere helarazten dira programako materialak:
4.1.2.a- Gurasoentzako informazioa eta Apatxi aldizkaritxoak

Unitate didaktikoak azaltzean komentatu dugun moduan, unitate bakoitza lantzerakoan zuzendu nahi diren akatsen inguruko informazioa eta ariketatxo batzuk bidaltzen zaizkie gurasoei, ahal duten neurrian, eurek ere parte har dezaten.
Eskola eta etxearekiko lotura hori sendotu eta gurasoen protagonismo hori indartu nahian, hilean behin, herri aldizkariaren gehigarri gisa banatzen da Apatxi aldizkaritxoa, 4 orrikoa, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetakoei zuzendua. Unitate didaktikoetan aztertu diren edukiak eta beste batzuk lantzen dira bertan, modu ludiko batez: azalpenak, jokoak, ipuina, inkestak, magia jokoak...
Urte bukaeran urtean argitaratutako Apatxi aldizkaritxoaren bilduma egin eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei banatu ohi zaie.
- Unitate didaktiko bakoitza lantzean ikastetxeetan ikasleek beti sortu ohi duten material bat komikiak izan ohi dira. Komikiotan akatsen berri eman eta eredu ona proposatzen da. Komikiotatik batzuk ikastetxeetan bertan jarri ohi dituzte eta beste batzuk haur eta gaztetxoak ibiltzen diren guneetara eraman ohi dira:
- Eskolaz kanpoko jarduerak gauzatzen diren guneetara: musika, kirola, katekesia...
- Haur eta gazteak ibiltzen diren beste eremu batzuetara: denda, kirol-instalazio, taberna eta abarretara.
4.2.- Formaziorako baliabideak
Programa honen barruan garrantzi berezia du, bestalde, haur eta gazteei hizkuntza transmititzen dietenen eredua ona izateak. Hori dela eta, hizkuntza transmititzaile horiek formatzeko bideak eskaintzen saiatzen gara eta, horretarako, orain arte, honako bideak erabili izan ditugu:
Programarekin zer ikusia duten giza-multzo guztientzako ikastaroak antolatu izan ditugu:

- Irakasleentzakoak. Batez ere, bertako euskara lantzera bideratutako ikastaroak izan dira baina, horren barruan, akats ohikoenak ere aztertu eta landu izan dira. Kasu batzuetan Iraleko formazio ikastaroak aprobetxatu dira eta beste batzuetan ikastetxeek berek antolatu izan dituzte Irale programatik kanpo.
- Guraso, zaintzaile eta edozein herritarrentzakoak. Kasu honetan ikastaroen helburu nagusia ume eta helduek berba egitean egiten dituzten akatsik ohikoenak lantzea da. 10 orduko ikastaro laburrak izan dira. Hiru urtetan talde bana osatu da.
- Aisialdiko begiraleentzako ikastaroa. Euskara elkarteak bertako aisialdiko begiraleei zuzendutako ikastaroetan txertatu izan da gaia.
(IRUDIA: Bertako euskara lantzeko ikastaroa.JPG)
4.2.2- Liburua: Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak

Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa-estrategiak aztertzerakoan komentatu dugu nerabezarotik aurrera garrantzitsua dela akatsaren beraren azalpen argia izatea. Unitate didaktikoak sortzen joan garen heinean akats askoren azalpenak gertatu izan dira eta azalpenok eta akatsok lantzeko hainbat ariketarekin Ahozko Jarduna Hobetzeko Proposamenak liburua osatu eta Badiharduguk argitaratu zuen.
Ezeren aurretik esan dezagun Gehixago eta Hobeto programa honen langaia (hizkuntza kalitatearena) gai korapilotsua dela hainbat arrazoigatik:
a) Komunikazio-gaitasuna gaitasun gramatikala baino askoz gehiago da. Gaitasun komunikatiboak hainbat osagai ditu:
- Gaitasun gramatikala: hiztegia, morfologia, sintaxia, fonologia...
- Gaitasun soziolinguistikoa: komunikazio-testuinguruaren arabera, hizkuntza-forma egokia aukeratzen jakitea. Desberdin hitz egiten dugu gure berbalagunaren edadearen arabera, ezagun-ezezagun izatearen arabera, lagunartean edo testuinguru formal batean badihardugu...
- Gaitasun diskurtsiboa: testu-mota bakoitzaren egitura, diskurtsoaren sarrerak, gai-aldaketak...
- Gaitasun estrategikoa: hizkuntza gabeziak gainditzeko edo osatzeko errekurtsoak: parafrasiak, hitzak asmatzea, mimika...
Gehixago eta Hobeto programan nagusiki gaitasun gramatikala hartu dugu langai: hizkuntza zuzentasuna eta hizkuntza akatsa. Gure ume eta gazteek euskara bizia, euskara malgua, azkarra... erabiltzeko gai izan daitezen zenbait akats zuzentzea baino askoz gehiago behar dute.
b) Esaldi bat okerra noiz den esatea ere ez da beti erreza. Guk, batez ere, euskaraz txukun samar moldatzen diren hiztunen berbeta hartu dugu zuzentasunaren eta jatortasunaren neurri. Horrek baditu bere arriskuak: munduko hizkuntza guztiak ari dira etengabe aldatzen eta gurean ere hori ezinbestekoa da.
Bestalde, guk lantzen ditugun akatsak ere ez dira guztiak maila berekoak. Nire urtebetetzea edo nire egunaren ordez nire zorionak erabiltzeak ez dio, gure ustez, euskarari ezelako ekarpenik egiten. Gaztelaniatik jasotako zenbait lokailu (eske, adibidez) edo euskararen baitako bilakaeratik sortutako beste egitura batzuk (kristoren ona) lagunarteko erregistroan onartu beharrekoak izan litezke, ostera. Beraz, behar beharrezkoa dugu adostea zer zuzendu eta zer ez, "zuzentzaileok" koherentziaz jokatzeko.
Hiperzuzenketarako arriskua ere badugu. Hainbat urtetan baztertu egin izan da eta gaur ere askorentzat ez da zuzena, esaterako, zergatik lokailu gisa erabiltzea, nahiz eta adinekoetan oso normalak diren hau bezalako esaldiak: Etzaittez biar etorri, zegaittik eze biar illan azkena da ta jente asko egongo da. Gaur Euskaltzaindiaren gramatikan ere onargarritzat jotzen da.
c) Batzuetan errazagoa da gaizki zer dagoen esatea irtenbide onak ematea baino. Akats guztiak ez dira berdinak zuzentzeko erraztasun edo zailtasunaren aldetik ere. Ez da gauza bera lexikoaren erabilera okerra ("Nire zorionak dira") zuzentzea edo erabilera oso konplexua duen juntagailu batekin (esaterako ere-ren) egiten den akatsa zuzentzea. Bestalde, ez dugu ahaztu behar hizkuntzaren helburua komunikatzea dela eta proposatzen ditugun irtenbideak komunikazio aldetik egokiak, bideragarriak, arrakasta izateko modukoak, izan behar dutela. Euskaraz aurreko lokailuen gabezia dugu. Horregatik sartu zaizkigu eske, yake, osea, inclus... Askotan ez da batere erraza horien ordain bideragarriak bultzatzea.
d) Ume edo gazteen euskaraganako motibazioa kaltetzeko arriskua egon liteke. Akatsean, gaizki egindakoan, indar gehiegi jartzen badugu, gerta daiteke zuzentze-lanaren presioa jasanezina izatea eta jendea gogaitzea. Beraz, ondo aukeratu beharko dugu zuzenketa-unea: kontuan izan beharko dugu, adibidez, emozio handiko une bat ez etetea... Bestalde, gure indarrak bereziki eredu onak ematen eta alderdi positiboak nabarmentzen jarri beharko ditugu: ondo esanak baloratu eta errefortzatzen.
