Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Gai fiskalak »  Hornidura enpresen okupazioaren tasa

Hornidura enpresen okupazioaren tasa

Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabileragatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen udal ordenantza fiskala.

Xedapen orokorrak I.

1. artikulua

1. Udal honek, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan ezarritakoarekin bat etorriz, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresei tasak ezartzen eta ordainarazten dizkie udalerriko bideetako lurzoruaren, zorupearen eta lurgainaren bakarreko erabileragatik edo aprobetxamendu bereziagatik.

2. Ondorio horietarako, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresatzat honako hauek joko dira:

Energia elektrikoaren, uraren edo gasaren hornikuntzan diharduten enpresak.

Herritar guztientzat telekomunikazio zerbitzuak egiten dituzten enpresak, baldin eta osorik edo zati batez erabiltzen badituzte udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia eginez instalatutako telekomunikazio sare publikoak, sareen edo instalazioen titularra edozein dela ere.

Hornidura zerbitzuak egiten dituen edozein enpresa, baldin eta zerbitzuak egiteko erabiltzen dituen tutueria, hari eta gainerako instalazioek udalerriko lurzorua, lurgaina edo zorupea atzematen badute.

3. Artikulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, zerbitzuak banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak ere zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen multzoan sartuko dira.

2. artikulua

Ordenantza hau udal mugarte osoan aplikatuko da.

II. Zerga egitatea

3. artikulua

1. Zerga egitatea honakoa da: hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia egitea, zerbitzuok interes orokorrekoak badira, edo eragina badute udalerriko biztanle guztiengan edo gehienengan.

2. Tasaren zenbatekoa ezartzeko araubide hau aurreko artikuluan aipatutako enpresa guztiei aplikatuko zaie, bai zerbitzuak egiteko erabiltzen dituzten sareen titular direnei, bai sareen titular ez izan arren sareak erabiltzeko, sareetan sartzeko edo haiekin konektatzeko eskubideen titular direnei.

3. Sakelako telefonoen zerbitzuak ez dira sartuko tasaren zenbatekoa ezartzeko araubide berezi honetan.

4. Tasa hau bateragarria da udal eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar litezkeen beste tasa batzuekin, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak haien subjektu pasibo izan behar direnean 5/89 Foru Arauaren 23.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Tasa hau ordaintzen duenak ez du edukiko udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabileragatik edo aprobetxamendu bereziagatik ezarritako gainerako tasak ordaindu beharrik.

III. Subjektu pasiboa

4. artikulua

1. Subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 33. artikuluan aipatutako pertsona fisiko eta juridikoak eta erakundeak, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen titularrak izanez gero, baldin eta zerbitzuok interes orokorrekoak izan edo udalerriko biztanle guztiengan edo gehienengan eragina badute, eta haiek egiteko udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia egiten bada.

2. Artikulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, zerbitzuak banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak ere zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen multzoan sartuko dira.

IV. Salbuespenak, murrizketak eta hobariak

5. artikulua

Salbuespenak, eta bestelako onura fiskalak, aplikatu beharreko xedapen orokorretan ezarritakoaren arabera emango dira.

Zerga oinarria V.

6. artikulua

1. Tasaren zerga oinarria kalkulatzeko, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udal mugartean urtean egiten duten fakturaziotik ateratako sarrera gordinak hartuko dira kontuan.

2. Sarrera gordinak izango dira enpresari egotzi ahal zaizkionak, udalerrian egindako zerbitzuen ordainez lortutakoak badira.

3. Ez dira sarrera gordintzat joko zerbitzuen gaineko zeharkako zergak, ez eta gainontzekoen kontura kobratutako partidak edo kopuruak ere, hornidura zerbitzua ustiatzen dituen enpresaren beraren sarrerak ez badira. Halaber, ez dira sartuko fakturazioko sarrera gordinetan Ekonomia Ministerioaren Elektraenergia Ekoizteko Instalazioen Administrazio Erregistroko 1. edo 2. atalean inskribatutako instalazioetan araubide berezi honen araberako zerga-ordainketari lotuta dagoen energia sortzeko erabiliko den lehengaia hornitzeagatik jasotzen diren kopuruak.

4. Zerbitzuak egiteko besteren sareak erabiltzen dituzten enpresek euren fakturazioaren sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei beraien sareekin konektatzeagatik edo haietan sartzeagatik ordaindutako kopuruak. Halako sareen titular diren enpresek horregatik jasotako kopuruak fakturazioaren sarrera gordin gisa konputatu behar dituzte.

5. Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 111. artikuluan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ikuskapenari buruzko Araudiaren 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz, sareen titular diren enpresek Udalari informazioa eman beharko diote, hark eskatuz gero, sareetan sartzeagatik edo haiekin konektatzeagatik ordaintzen dieten enpresei buruz.

VI. Kuota

7. artikulua

1. Zerga kuota % 1,5 izango da, eta udal mugartean urtean egindako fakturaziotik datozen sarrera gordinei aplikatuko zaie.

2. Aprobetxamendu bereziak udalerriko jabari publikoko ondasunak suntsitzea edo narriatzea badakar berekin, onuradunak haiek berreraikitzeko edo konpontzeko gastu osoa ordaindu beharko du eta zenbatekoa lanei ekin aurretik jarri beharko du; horrez gainera tasa ordaindu beharko du. Kalteak konponezinak badira, Udalak kalte-ordaina jasoko du. Kalte-ordainaren zenbatekoa suntsitutako ondasunen balioa edo narriadurari dagokiona izango da. Udalak ezin ditu barkatu idatz-zati honetan adierazitako kalte-ordainak eta itzulketak, ez osorik, ez zati bat.

VII. Sortzapena eta zergaldia

8. artikulua

1. Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen edo lurgainaren bakarreko erabileragatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa aprobetxamendu berezia hasten denean sortuko da lehenengoz, eta geroztik urtero sortuko da, urtarrilaren 1ean.

2. Subjektu pasiboari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jabari publikoaren aprobetxamendua ezin baliatu edo garatu bada, tasaren zenbatekoa itzuli egingo da.

VIII. Likidazioa eta sarrera

9. artikulua

Udalak likidazioa egingo du, eta likidatutako zenbatekoaren sarrera egingo da.

IX. Tasen kudeaketa

10. artikulua

Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek, hiru hilean behin, egutegiko hiruhilekoaren lehen hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan izandako sarrera gordinen aitorpena aurkeztu beharko diote Udalari. Aitorpen horrekin batera, udalerrian eginiko fakturazioa egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dituzte, eta Udal Administrazioak eskatzen dizkien gainerako agiriak.

11. artikulua

1. Udal Administrazioak hiru hilean behingo likidazioak egingo ditu. Behar diren egiaztapenak egin arte likidazioak behin-behinekoak izango dira. Egiaztapenak amaituta, behin betiko likidazioa egingo da eta interesatuari jakinaraziko zaio. Borondatezko epean ordaindu ezik, zorra premiamendu bidez ordainaraziko da.

2. Udalaren eta hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen artean hitzarmen edo akordioren bat badago, artikulu honetan eta aurrekoan kudeaketari buruz ezarritako arauak ordezkoak izango dira.

12. artikulua

Zergen arloko arau-hausteak, haien sailkapena eta dagozkien zehapenak direla eta, Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean eta Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoa beteko da.

Azken xedapena X.

Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udalerriko bide publikoetako lurzoruaren, zorupearen eta lurgainaren bakarreko erabileragatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen udal ordenantza fiskala behin-behinean onetsi zen 2004ko urriaren 18an; jendaurreko aldian inork ez du erreklamaziorik aurkeztu eta horrenbestez behin betiko onetsitzat jo behar da; 2005eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean eta horrela iraungo du harik eta bera aldatu edo indargabetzea erabakitzen den arte.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI