Agorrosingo kirol-proiektua
Sarrera
Eskuartean duzun dokumentua Bergarako Udalak Agorrosingo kirol eremuari buruz duen egitasmoa da. Jakinekoa da antzinako instalazioa dela, igeritokiak 31 urte pasatxo baititu, eta bai zahartu delako eta baita gaurko premiei erantzutea ezinezkoa suertatzen zaigulako ere, proiektu berritzaile honetan sartzera derrigortuta gaude. Bergarako kirol gunerik garrantzitsuena dugu Agorrosingoa, hainbat ikastetxeren ondoan kokatua, toki irekian, errepidetik ikusten dena; herriko irudi eta zerbitzu estrategikoen kokagunea.
Igeritokiak eraiki zirenean, Bergarak egin zuen apustua ausarta izan zen, Udalak igeritoki estali bat eraikitzea eta kudeatzen hastea; oraingoan ere apustu ausarta egin nahi dugu, eta etorkizunerako instalazioa eraikitzea izango da gure helburua: erakargarria, egokia, berritzailea ...
Jarraian doazen orrietan zehazten dira Bergarako Udalak markatu dituen premiak, eta zein zerbitzu eman nahi ditugun Agorrosingo kirol esparrua.
Kontsiderazioak
a) Kirol esparru berria eraiki nahi dugu Agorrosinen, eta esparru berri horren instalazio nagusiak (hiru elementu garrantzitsuenak) honako hauek izango dira:
- Igeritokia (udarako eta negurako),
- Belar artifizialeko futbol zelaia eta
- Gimnasio, aldagelak eta halakoetarako eraikuntza.
b) Oraingo eraikuntzak dituen arazo teknikoak kontuan izanda, den dena botatzea gomendatzen da.
d) Proiektua Agorrosingo igerilekuak eta Ipintzako futbol zelaiak gaur egun betetzen duten esparrura mugatu behar da. Agorrosingo futbol zelaia proiektutik aparte gelditzen da eta futbol zelai bakoitzak bere sarrera independientea izango du. Dena den, komeni da aurreikustea egunen baten Agorrosingo futbol zelaiaren eremuarekin kontatu ahal izango dugula, hori dela eta, proiektua diseinatzerakoan etorkizuneko lotura posiblea irekia utzi beharko da.
e) Oso garrantzitsua da lanen planifikazioa: epeak, faseak etab.; ahalik eta denbora gutxien izateko igeritokiak itxita, herritarrengan eragin handia duelako igeritokirik gabe egoteak epe luze batean. Hori dela eta, baloratu egingo da obrak egiten diren bitartean instalazio batzuk erabiltzen jarraitu ahal izatea.
f) Kogenerazioa ere kontuan hartu beharko da instalazioen funtzionamendua merkatzeko.
g) Proiektua egiterakoan garrantzi berezia eman behar zaio bezeroen zirkulazioari: nondik sartu eta nondik mugitu behar diren instalazio ezberdinetara joateko eta irten ahal izateko. Halaber, gimnasioak gehien bat, baina baita beste instalazioak ere —aldagelak, bilera gela etab.— multifuntzionalak izan behar dira.
h) Instalazioen proiektua egiterakoan ezinbestekoa izango da kontuan hartzea lau elementu hauen arteko harremana:
- Kalitatea (helburu nagusia izango da prozesu osoan).
- Prezioa.
- Iraunkortasuna.
- Mantenimendua.
i) Kalitatezko zerbitzu publikoa eskaini nahi dugu; garai berrietara eta herritarren neurrira egokitua eta erosoa. Hori dela eta, hasierako diseinua egiten den momentutik helburu nagusitzat hartuko dugu, eraikuntza egiterakoan zaintzen ez bada, ondoren oso zaila izango delako kalitatezko zerbitzuak eskaintzea.
j) Prezioari buruz zer esan! Helburua, ditugun baliabideak ahalik eta ondoen kudeatzea. Duda barik, kalitatearekin oso lotuta dago, baina bai eraikuntza egiterakoan eta baita egina dagoenean ere, lanak ondo planifikatzeak, ahalik eta gauza gehien aurreikusteak, epeak betetzeak… izugarrizko garrantzia izango du amaierako prezioan.
k) Iraunkortasuna, jende askok —haur, gazte, heldu eta zahar, elbarritu…— erabiliko duen zerbitzuaz hitz egiten ari gara, bai diseinu aldetik eta bai materialen egokitasunaren aldetik aurreikuspen lan handia egin beharko da instalazio iraunkorra egin ahal izateko.
l) Mantenimendua, dudarik gabe, instalazioa behin zabaltzen denetik izugarrizko garrantzia duen aspektua; kontsumoak, eguneroko lanak egiteko erraztasunak, automatizatua ahal den kasuetan, instalazioen arteko menpekotasuna…
Kirol ekipamenduak:
Arestian esan dugun bezala, Bergarak duen kirol instalazio gunerik garrantzitsuenaz ari gara hitz egiten, hau dela eta arreta handiz tratatu behar da gaia, jende askorengan izango duelako eragina eta inbertsio erraldoia suposatuko duelako.
Dagoeneko, igeritokiek 31 urte bete dituzte eta oso egoera kaskarrean daude: zahartuak, itxuraz zatarrak, arautegi aldetik legez kanpo hainbat puntutan, txikiak Bergarak gaur egun dituen beharretarako, etab. Bestaldetik, zabalik mantendu ahal izateko, egunez egun erabiltzeko, diru asko gastatu behar da.
Jarraian datozen lerroetan planteatuko dugu zein zerbitzu eta zein ezaugarri izan beharko lituzkeen Agorrosingo kirol guneak.
Agorrosinen egingo den eraikuntza, Bergaran dagoen kirol eremurik garrantzitsuena izango da eta ezaugarri berezi batzuk izan beharko ditu: modernoa, automatizatua, garai berriei egokitua, aire girotuaz, hesi arkitektonikorik gabe, hau da, orain arte ikusi izan ditugun instalazioekin konparatuz gero, ezberdintasun handiak izango dituen instalazioa. Horretaz aparte, bailara mailan erabiliko den instalazioa izango da, jarri eta kentzeko estalpea izango duen lehenengo igerilekua izango da inguru hauetan, baita inguruko lehenengo jolas igerilekua ere.
Garbi dago oraingo eraikuntzak ematen dituen zerbitzuak eman beharko dituela, hobetuak noski, gehi beste hainbat berri. Hona hemen eman beharreko zerbitzuen zerrenda.
- Harrera eta kontrol zerbitzua.
- Bulegoa eta bilera gela / klubentzako lokala.
- Bilera gela eta bideo gela.
- Igeritokiak.
- Hiri balnearioa.
- Aldagelak eta komunak.
- Fitness-gela / gimnasioak.
- Erabilera askotako gimnasioak
- Squash edo frontoi txikia.
- Medikuntza gela.
- Botikina eta sorosleen gela
- Kafetegia–jatetxea.
- Makina gela eta tailerra
Zerrendan aipatutako guztia, ondoren zehatzago aztertuko dugu.
a) Harrera eta kontrol zerbitzua:
Pertsona batek kontrolatu beharko luke harrera zerbitzua; bertatik pasatu beharko lirateke instalaziora doazen pertsona guztiak. Sarreren kontrola automatizatzea izango litzateke egokiena, halaber, bertatik kontrolatu beharko litzateke instalazioaren megafonia eta argiztapen sistema; horretaz aparte telebistako zirkuitu itxia komenigarria izango litzateke, instalazioa (gimnasioak, psabidetako takilak, etab.) bertatik kontrolatu ahal izateko.
Harreratik erabiltzaileen zirkulazioak banatu eta antolatuko dira. Bi sarrera ezberdinak planteatu behar dira bat igeritokirako eta bestea gimnasio, sauna eta abarretara doazenentzako.
b) Bulegoak eta klubentzako lokala:
Eraikuntza honetan bulego bat izango da 20 metro karratu ingurukoa.
Eraikuntza honetan klubentzako esparrua finkatzeko aukera ere badago: gela bat (40-60 m. karratu), manpara ezberdinekin zatitua, buzoiak izango lituzkete eskutitzak jasotzeko, armairuak dokumentazioa gordetzeko, bilera gela txikia 6 – 8 pertsonentzako eta mahaiak eta oinarrizko ekipamendua lan egin ahal izateko.
d) Bilera gela eta bideo gela:
Espazio arazoak baldin badaude bideo gela eta bilera gela, gela bakar batean jar daitezke, baina aukera izan ezkero komeni da bi gela ezberdin izatea, 10-12 lagunentzako bilera gela eta 25- 30 lagunentzako bideo gela, ikasgela funtzioak ere beteko dituena.
e) Igeritokiak:
Duda barik jende gehien erakartzen duen zerbitzua da, hau da, gizarte mailan eragin handiena duena. Orain arte kanpoko eta barruko igeritokiak bereiztu baditugu ere, hemendik aurrera biak bat izango dira. Udarako eta negurako igeritoki bakar baten bila goaz, honek estalpe berezia, teleskopikoa edo beste mota batekoa, jartzekoa eta kentzekoa, gardena edo argia pasatzen usten duena, automatizatua, hermetikoa, estetikoa, erosoa, segurua, bermeduna… eskatzen digu, neguko eta udako erabilera ezberdinak igeritoki esparru bakar batean eskaini behar baititugu. Inguru hauetan egongo den, era honetako lehenengo instalazioa izango da eta kontuan izanda aukera berria izango dela, igeritokia izan daiteke elementu erakargarriena bailarako jendea hurbiltzeko, Agorrosingo instalazio berrira.
Ezin dugu ahaztu ura eta haizea tratatu beharko direla, eta ur laminak, ur bolumenak eta haize bolumenak izugarrizko garrantzia izango dutela, instalazioaren gastuetan, eta beraz, ondo neurtu beharreko puntuak izango direla. Arestian aipatu bezala energia alternatiboak kontuan eduki beharko dira eta kogenerazioaren aukera ere aztertu beharko da. Kontuan izan behar argitze artifiziala ez dela uretan islatu behar eta aukera eman behar digula 300 eta 600 lux ezartzeko. Aire girotuak aukera eman beharko digu giroa uraren hozbero berekoa edota 2-3 gradu gehiagokoa izateko eta hezetasun maila %60 – 70 artean mantentzeko.
Jarri beharra dago 100 lagunentzako harmaila, teleskopikoa izan dailtekela, ikusleentzat edota lehiaketa egunerako, posible izango balitz harmailera sarrera independientia ematea, interesgarria suertatuko litzateke.
Igeritoki bakar batean hiru eremu bereiztuko ditugu a) igeri egiteko esparrua, b) haur txikientzako putzua, c) jolas igeritokia eta erlajaziorako esparrua. Gaur egun estali gabeko igerilekuek 1200 m. karratu ur lamina okupatzen dute eta hau izan beharko da guztira ur lamina berriaren gehienezko metrajea.
Gaur egingo errealitatea eta etor daitezken joerak kontuan izanda igeritoki handi bat proposatzera ausartzen gara 21 X 25 metrokoa, 0,80 – 1,60 metroko sakontasunarekin, banaketa aukera ugari emango dituena eta entrenamenduak, klaseak, jolasak, erabiltzaile arruntak etab. momentu berean onartuko zituena. Aquagim eta aquarobic egiteko aukera ere emango luke, hala nahi izanez gero. Igeritoki honetan harmaila txikia ere izan nahiko genuke, bizpahiru ilarakoa, 100 pertsona inguru sartu ahal izateko modukoa; harmaila teleskopikoen aukera ez dugu baztertzen. 5 metroko altuera izan daiteke egokia igeritokirako. Igeritokia zatitu ahal izateko plataforma mugikorren aukera interesgarria iruditzen zaigu.
Haurrentzako igeritoki txikia 100-120 metro karratukoa izan beharko da, sakontasun txikikoa (0,30 – 1,00 metro. 32º hozbero handia jartzea erabakiz gero, putzu honek ur tratamendu ezberdina beharko luke (kloroak ez baitu ondo funtzionatzen 32º gradutako urakin bromo-kloro sistemarekin egin beharko litzateke).
Igeritokiaren hirugarren esparruak, jolas igeritokiarenak hain zuzen ere, txirristak, zubiak, haitz artifizialak… izan beharko ditu. Laugarren eremuak berriak, errelajazioari dagokionak ur zorrotadak, ur oheak, jacuzzia, hidomasajeak etab. izan beharko ditu.
Azken bi atal hauek sakontasun gutxiko putzu bakar batean egon beharko dira. Haur, gazte, heldu eta nagusientzako eremuak izan behar dira, jende asko dagoelako igeri egin baino nahiago duena bainu bat hartzea.
Igerilekuetaz hitz egiterakoan ezin dugu ahaztu hondartza, edota eguzkia hartzeko eremua, gutxienez oraingo bezalakoa, eta ahal bada handiagoa; itzala izan beharko du, mahaiak, ziburuak… Garbi dago “hondartzaren” zati handiena estalpetik kanpo geldituko dela.
f) Hiri balnearioa:
Gaur egun indar handia hartzen ari dira gorputz tratamenduak, masajeak, lokatz bainuak, kontraste bainuak etab. Hauek eta beste zerbitzuak eskainiko duten esparrua izango da hiri balnearioa.
Gutxienez masaje gela (15 m. karratu), saunak (10 m. karratu), eta solairuma (10 m. karratu), izan beharko dira.
Bainu turkiarrak(10 m. karratu), lokatza- bainua (15 m. karratu), etab. ere jar daitezke. Instalazio hauek bertan izan beharko dituzte aldagela eta dutxa.
Sauna, bainuak etab. bikoiztu egin beharko ziren emakumezkoentzat eta gizonentzat zerbitzua aparte eman ahal izateko.
g) Aldagelak eta komunak:
Garbi dago aldagelen premia eskaintzen diren zerbitzuen araberakoa izango dela. Orain arte ditugun instalazioekin, egun bakar batean 1.500 pertsona inguru izan da, eduki dugun gehienezko kopurua, udan eta eguraldi bikaina egin duenean; etorkizunean kopuru hauek gainditu daitezke, nahiz eta horrelako egunetan askok ez duten aldagelarik erabiltzen.
Aldagela bakoitzaren ezaugarriekin hasi aurretik azaldu neurriei buruzko erreferentzia batzuk. Erabiltzaile bakoitzeko 1,5 m. karratu kalkulatu behar ditugu, aldagelen gutxienezko zabalera 3,5 m. armairuak kontatu gabe edo 4,5 m. armairuarekin, gutxienezko altuera 2,8 m. eta erabiltzaile bakoitzeko 0,60 m. bankua izan beharko da. Aldagela bakoitzean gutxienez bi konketa izango dira, tamaina kontuan izanda handietan hiruzpalau sartzea gomendatzen dugu.
Aldagelak horrela antolatu beharko lirateke hamalau aldagela publiko (sauna eta masajekoak aparte utziz), lau emakumezkoentzat eta beste horrenbeste gizonezkoentzat; kasu bakoitzean bi taldeentzat eta beste bi bakarka doazenentzat; bat igeritokira doazenentzat eta bestea banaka gainontzeko zerbitzuetara doazenentzat. Horretaz aparte, bat berezia elbarrituentzat eta azkena gurasoak seme-alaba txikiekin batera aldatzeko.
Aipatutako zortzi-hamar aldageletatik esan dugunez lau taldeentzat prestatuta egon beharko lirateke, 25 lagunentzako bakoitza (37,5 m. karratu), hau da, eskolak eta Ipintzako futbol zelaiko erabiltzaileentzat; aldagela irekiak izango lirateke eta kanpoko aldean kaiolak izango ziren taldeen erropak gordetzeko., taldeek bertan poltsak gorde ditzaten; dutxak irekiak izango lirateke.
Banakako aldagelei buruz, lau behar izango ditugu 35 lagunentzako (52,5 m. karratu inguru), bi igeritokirako eta beste biak gainontzeko zerbitzuetarako, bakoitza bizpahiru dutxadun kabina itxiekin; gainontzeko dutxak irekiak.
Emakumeen eta gizonezkoen aldagelentzako takilak pasabidean egon daitezke seguritate arrazoiengatik eta erabilera unibertsala eduki ahal izateko. Horrela, edozein aldagelatan dauden bezeroek erabili ahal izango dituzte.
Gurasoek haurrekin aldatu ahal izateko aldagela berezia izango dute, lau-bost kabina itxi izango ditu, bakoitza 3 m. karratukoa. Azkenik elbarrituen aldagelak ate, dutxa, komun eta abar handiagoak behar dituztenak.
Aipatutako hamar aldagela hauetatik aparte langileentzako bi aldagela (bakoitza 5 pertsonentzako), eta beste bi arbitroentzako (bakoitza 3 pertsonentzako) jarri beharko lirateke. Azken bi kasu hauetan 3,5 m. karratu eman behar dira pertsona bakoitzeko.
h) Fitness gimnasioak:
Eskaini nahi den zerbitzua kontuan izanik espazio hauek nahi ditugu, bata 150 -200 metro karratukoa eta bestea 75 m. karratukoa altueran nahikoa dira 3,5 m bietarako.
i) Erabilera askotako gimnasioak:
Hainbat aukera izan daitezke. Kasu honetan egokiena zutaberik gabeko lau gimnasio egitea izango litzateke: bat handiena 15 x 12,50 x 4,5 metrokoa (187,5 m. karratukoa) hurrengoa 12,50 x 10 x 4 metrokoa (125 m. karratukoa) eta azken biak, txikiagoak 10 X 7 X 4 m. (70 m. karratukoak)
Gimnasio hauek aerobika, mantenimendu gimnasia, arte martzialak, ikastaroak, etab. emateko erabiliko lirateke.
j) Squasha edo mini frontoia:
Bi squash txiki izan genituen 1997.era arte (gaur egun muskulazio gela bihurtu ditugu), biak legez kanpoko neurriekin. Eraikuntza berrian jartzekotan, gehienez ere bat jarri beharko genuke, neurriak 9,75 x 6,40 x 5,50 edo 6 metrokoak dira. Beste aukera bat zango litzateke frontoi txiki bat jartzea (8 x 4 m).
k) Medikuntza zentroa:
Gutxienez bi gela eduki beharko ditu (15 m. karratu bakoitzak), bat administratiboa eta bestea azterketa medikoak egiteko. Gure ustez igerileku berrietan kokatu beharko litzateke aipatutako zerbitzua, nahiz eta behin behineko kokapena desberdina izan, gaur egungo eraikuntzan ez baitago toki egokirik.
l) Botikina eta sorosleen gela:
Instalazio bakar batean egin badaiteke hobe (15 – 20 m, karratu); igerileku ondoan egon behar den zerbitzua da. Gelatik ura bistan eduki beharko da.
m) Kafetegia-jatetxea:
Kasu honetan kafetegi zerbitzua barrutik zein kanpotik sartzeko aukera eman beharko du. Kontuan izan behar da kafetegiak lan gehien egiten duen garaia uda izaten dela; hori dela eta, igerilekutik oso gertu egon beharko du. Kafetegitik igeritokia ikusi ahal izango da, gurasoek etab. seme-alabak non dauden, klaseak noiz amaitu diren… jakin dezaten.
Komeni da jatetxe zerbitzuaren aukera aztertzea, kokapena, azalera eta erabilera kontutan hartuta.
n) Biltegiak eta makina gela:
Normala denez, biltegian premia egiten diren instalazioen araberakoa izango da; dena den, komeni da kirol materialentzako biltegiak gimnasio bakoitzaren ondoan eta igeritokitik gertu izatea. Guztira gimnasio eta igerikotirako 125 -150 m. karratuko azalera beharko dugu. Mantenimenduko materialentzako biltegia eta honen ondoan edo gertu mantenimendurako tailerra egon beharko litzateke (50 m.)
Igeritokien makina gela honen azpian, “galeria” erara kokatzeak abantaila asko izan ditzake, sortzen diren arazoei errez aurre egin ahal izateko, espazioa aprobetxatzeko etab. Nahiko zaila da aurretik aipatzea zein metraje izan behar duen gela honek, konpentsazio basoak etab. direla eta, ur bolumenarekin lotuta dagoelako,.
o) Ipintzako futbol zelaia:
Gure nahia belar artifizialezko zelai bat izatea da (100 X 63 m.); orain arte arezkoa izan dugu eta arlo honetan kalitatea eman nahi badugu, belar artifizialaren aldeko apustua egin behar dugu. Gainera belar artifiziala udan igeritokiko hondartza gisa erabil daiteke uneren batean; hau dela eta, honen kokapena ere ondo baino hobeto aztertu beharko da.
Futbol zelaiak 150-200 pertsonendako harmaila izango du, harmailara joateko sarrera independientea izango da, hau dakanpotik sartu ahal izateko, harreratik pasatu gabe.
