Udalak hitza bete du eta dagoeneko udalerriko zortzi puntutan wifia kalean doan jarrita dago, edozeinek erabiltzeko moduan. Horren bitartez, Udalak lortu nahi du herritar guztiek aukera berdinak izatea, gailu berrietara irisgarritasuna bermatzea eta bizi-kalitate hobea eskaintzea. Honek ahalbideratzen du teknologikoki herri aurreratua izatea Bergara.

Zortzi punturekin hasi da ekimena, baina emaitzak eta herritarren harrera onak badira, udalerriko puntu gehiagotara zabalduko da. Momentuz Angiozar eta Osintxu auzuneetan eta herriguneko sei puntutan jarri dira wifi-a libre eta doan eskuratzeko baliabideak.

Albiste ona da, zalantzarik gabe, gaur egun hain erabiliak diren erremintak guztion eskura jartzea.

2018an Udalak apustu serioa egin zuen Udaleko eraikinetan Internet sare sendoa jartzeko eta egoera teknologikoa hobetzeko, Bergara XXI. mendean dagokion bezala kokatzeko. Eta horrekin batera Udalak martxan jarri zuen wifia kalean ezartzeko lehiaketa. Hainbat enpresa aurkeztu ziren eta Euskaltelek irabazi zuen. Bi urteko kontratua da, luzatu ahal dena; eta honako aurrekontua dauka: 372 euro/hileko + 78,23 euro BEZa.

Hala, Udalak udalerriko zortzi puntu aukeratu zituen eta horietan gailu bana jarri dira: Angiozar, Osintxu, Udaletxea, Agorrosin, Labegaraieta, Fraiskozuri udal pilotalekua, Azoka eta Boluko frontoia.

Halako puntu baten inguruan aukeratu behar da Bergarakoudala-wifi sarea. Hortik aktibatzen da beste pagina bat Udalaren argazkia daukana, eta bertan e-posta eta izena jarrita onartu beharko dira baldintzak.

Jakina, telefono gailua edozein telefonia konpainiaren bitartez izan arren, seguru asko sar daiteke sare horretan.

Udalak proba desberdinak egingo ditu eta neurtuko da zein erabilera ematen zaion, herritarrek zenbat erabiltzen duten… Hala, nahia da herriko puntu desberdinetara zabaltzea fase desberdinetan. Horretarako herritarren ekarpenak kontuan hartuko dira zabalpena egiteko momentuan. 

Bestalde, Udaletik jakinarazi dute sarera batzerakoan sistemak e-posta eta izen-abizena eskatzen duela, baina Udalak ez duela informazio hori eskuratzen. Udalak eskuratzen duen informazioa da zenbat erabiltzaile desberdinek ibiltzen duten.